Breadcrumb

Asset Publisher

Back Bergarako Udalak eta Aldundiak bat egingo dute Labegaraieta polikiroldea berritzeko

Bergarako Udalak eta Aldundiak bat egingo dute Labegaraieta polikiroldea berritzeko

Kirol instalazioak beharrizan berriei egokituko eta arkitektura-oztopo guztiak ezabatuko dira.

Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

Itxaso: “Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”.

Elena Lete Bergarako alkateak eta Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak hitzarmen bat sinatu dute  udal kiroldegia berritzeko. Proiektuaren kostea 1.454.224 eurokoa da eta Aldundiak 589.720 euro jarriko ditu.

Labegaraieta kiroldegia honen emaitza da: industria-instalazio siderurgiko bat kirolgune gisa birgaitzearena. Kiroldegi horretan bi osagai atontzea aurreikusi zen: alde batetik, kirol anitzeko instalazio itxi bat, eraikin industrial itxi eta estaliaren gainean; eta bestetik, kanpoko kirol pista batzuk, aire zabalean, eraikin industrialaren biltegiratze eta zerbitzu zelaia izandakoaren esparruan.

Labegaraieta kiroldegia eraberritzeak sustatzen dituen oinarrizko helburuak, lehentasunez, hauek dira: kirol instalazioak beharrizan berriei egokitzea; arkitektura-oztopo guztiak ezabatzea; eta bide ematea kirol anitzeko instalazio hori espazio inklusibo bihur dadin, generoaren ikuspegitik.

Horretarako, eta izan den partaidetza-prozesuaren arabera, biltegiaren eraikina eraitsi egingo da, eta kiroldegiaren eranskin berri bat eraikiko da, eta gero, bigarren fase batean, alde batetik, barne eraberrikuntzako lanak egingo dira egungo kiroldegian, eta bestetik, multzo osoa berrurbanizatuko da. Horren guztiaren ondorioz, zuzeneko lotura bat egongo da kirol anitzeko instalazioaren eta zuzkidura berrien artean; orobat, jasangarritasun handiagoa lortuko da, libre utziko baita ibai bazterra, eta espazioa herritarren eta komunitatearen gozamenerako irekiko baita; azkenik, efizientzia energetikoa hobetu egingo da. 

Proiektu honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, aldagela-behar eta biltegi-behar berriei erantzutea, eta bestetik, geroago, erabiltzaileen eta ikusleen zirkulazioen antolamendu orokor berri bat definitzea.

Eranskin berriak osagai hauek izango ditu: aldagela bikoitzen –gizonezkoen eta emakumezkoen– hiru multzo, horietako bana egokitua; bi komun, gizonezkoenak eta emakumezkoenak, komun-kabina egokitu banarekin; arbitroek bakarrik erabiltzeko aldagela bat, komun-kabina egokitu batekin; piraguismo elkarteak bakarrik erabiltzeko biltegi bat eta lokal erantsi bat; instalazio gela berri bat; eta eskailera gune berri bat, geroan lehen solairuarekin komunikatzekoa.

Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Bergarako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

  

1653