Breadcrumb

Asset Publisher

Back Beste sei lagunek gainditu dute COVID-19a adinekoen egoitzetan

Beste sei lagunek gainditu dute COVID-19a adinekoen egoitzetan

Azken orduetan ere ez da kutsatze berririk ezta heriotzarik atzeman, eta sei pertsona dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen dutenak egoitza bakarrean.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzen egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta adierazi du azken 24 orduetan beste sei lagunek jaso dutela mediku alta, Aretxabaletako GSR Debagoiena zentroan bizi direnak. Azken orduetan ere ez da kasu positibo berririk ez heriotzarik atzeman, eta dagoeneko 25 egun dira jarraian COVID-19 duten pertsonen heriotzarik gabe.

Gaur arte, 389 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 lagun zendu dira eta sei pertsonek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute, hurrenez hurren, %69,2, %29,7 eta %1,1. Momentuan COVID-19n positibo emanda dauden pertsonek ez dute ospitaleko arretarik behar, eta guztiak beren egoitza-zentroan artatuak izaten ari dira.

Kasu positiboak izan ondoren, guztira 15 dira jada kasu aktiborik ez duten egoitza-zentroak, eta zentro bakarrak ditu egun COVID-19 kasu positiboak. Kasu aktiborik ez duten egoitzak dira: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres, Arrasateko Iturbide eta Donostiako Berra.

  

1261