Breadcrumb

Asset Publisher

Back Bidegik A-636 Beasain-Bergara autobidearen kobrantza sistema lizitatu du

Bidegik A-636 Beasain-Bergara autobidearen kobrantza sistema lizitatu du

Astigarraga-Oiartzun garraio gunearen ustiapena esleitzea eta Elgoibarko AP-8 autobideko zarataren aurkako pantailak lizitatzea ere adostu dute ostiral honetan egindako administrazio kontseiluan

2020/07/24

Bidegiko Administrazio Kontseiluak proiektua idaztea, obra gauzatzea eta A-636 Beasain-Bergara autobidea kobratzeko sistema mantentzea lizitaziora ateratzea erabaki du. Kobrantza sistemaren lizitazioak 10.352.000 euroko aurrekontua du, gehi BEZa, eta 5 urte eta erdiko iraupena. Aldi horrek 12 hilabete aurreikusten ditu proiektua xehetasunez idazteko eta, ondoren, 4 urte eta erdiz kudeatzeko eta ustiatzeko.

Aurkezten diren enpresek aurreproiektu bat idatzi beharko dute. Esleipenaren ondoren, enpresa esleipendunak idatzi beharko du eraikuntza-proiektua bi arkupe eta bi banderola berrien xehetasunez, eta sisteman integratu Deskargako arkupea. Horiek autobide zati ezberdinak kobratzeko sistema osatuko dute, Foru Aldundiak uztailaren 14an onartu zuen Foru Arauaren proiektuaren arabera.

            Arkupeek eta kanonaren ordainketari lotutako atalek honako tarte hauek arautzen dituzte: Beasaingo arkupea, Beasain-Ormaiztegi tarterako (2,8 km); Ezkioko arkupea, Ormaiztegitik Zumarragara doan 5,4 km-etarako; eta Deskargakoa, Legazpi/Urretxu-Bergara tarterako, 7,3 km-koa, eta Legazpi/Urretxu-Antzuola tarterako, 2,5 km-koa. Azken zati horrek bi banderola izango ditu Antzuolako erdi-lotunean tartea mugatzeko.

CIT Astigarraga-Oiartzun

Astigarraga- Oiartzun garraio zentro integralak ere lizitazio bat eta bi esleipen izan ditu. Argi berdea eman zaio Astigarraga eta Oiartzungo plataformen CIT gainegituraren lizitazioari, 5.054.000 €-ko aurrekontuarekin eta 8 hilabeteko egikaritze-epearekin. Lizitazio honek barne hartzen du bi aparkaleku-eremuen perimetroa ixtea, eskaladaren aurkako hesiarekin, kanalizazioekin, segurtasun-sistemekin, bideozaintzako instalazioekin, suteen aurkako sistemekin (megafoniarako sarea, komunikazioak eta wifia). Oiartzungo aparkalekurako sarbideak kontrolatzeko eraikina eta talde elektrogenoentzako eraikinak egitea ere aurreikusten du. Europako estandarren barruan "urre" mailaren sailkapena lortzea ahalbidetzen duten inbertsioak dira.

CITaren proiektuari lotuta, sozietate foralak Jaizubia-Asfaltia ABEEri esleitu dio Oiartzungo plataformaren birmoldaketa, 2,9 milioi euro gehi BEZ eta 12 hilabeteko epean. Proiektuak egun dauden bi zabalguneak plataforma bakar batean bateratzea aurreikusten du, Donostiarako noranzkoan 190 plazarako azalera bakarra osatuz. AP-8tik sartzeko bidea Irungo enborreko ordainlekua gurutzatu bezain laster mantenduko da, eta barneko banaketa-biribilgunea kenduko da. Aparkaleku berrirako sarrera bi noranzkoko bide batetik egingo da, zabalgune berriaren perimetro osoa inguratuko duena. Gaur egun, aparkalekuak bi gune ditu, noranzko bakoitzerako bat, 105 plazatarako edukiera duena Bilborako noranzkoan eta 57 Behobiarako noranzkoan.

Ildo beretik, Eysa-Padrosa ABEEri esleitu dio CIT Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integralaren kontserbazio, mantentze eta ustiapen zerbitzuaren emakida. Kontzesioa zortzi urterako izango da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, urtean 751.000 euroko kanonarekin. Emakidadunak urtebete eta bost hilabete izango ditu esleipen-pleguan aurreikusitako inbertsioak gauzatzeko, hala nola Astigarragako plataformaren zerbitzu-eraikina urbanizatzeko eta eraikitzeko, eta bi plataformetan pertsonen nahiz ibilgailuen sarbide-kontrola eta barne-zirkulazioa kudeatzeko behar diren instalazioak eta ekipamenduak gauzatzeko. Astigarragako eraikin berriak, Oiartzungo gaur egungoak bezala, jatetxe-kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, aisialdirako gunea, telebista gela eta garbitegia izango ditu. Wifia, kutxazain automatikoa, telekomunikazio zerbitzuak, takografoa deskargatzeko zerbitzua eta plaza aldez aurretik erreserbatzeko aukera ere izango dute.

AP-8 Elgoibar zarataren aurkako panelak

Bidegiko Administrazio Kontseiluak ere onartu du Elgoibarren AP-8 autobideko zarataren aurkako pantailak jartzeko proiektua. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 2,1 milioi eurokoa da, gehi BEZa, eta adjudikatu eta zortzi hilabeteko epea izango dute lanak egiteko.

Bilborako noranzkoan pantaila akustikoek 866 metroko luzera izango dute eta Donostiarako norabidean beste 405m. Pantailak gauzatzeak eragindako tartean Sallobenteko zubibidean dago, eta, bertan, zarataren aurkako pantailak jartzeaz gain, euste-sistemak ere eguneratuko dira. Metalezko pantaila fonoxurgatzaileek 2,5 m-ko altuera izango dute 66,400 KParen eta zubibidearen artean. Sallobenten, altuera 2 m-koa izango da, eta 4m-koa bidezubiaren eta 67,300 KParen artean. Donostiako noranzkoan, zubibidean ere 2 metroko altuera izango dute pantailek, eta 67,185 KPra arte 4m-koa. Obra horien barruan sartzen dira pantailak jartzea, bidezubiaren egitura indartzea eta bidezubiari eta bide-zoruari eusteko sistema berritzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lurraldeko errepideetako zarataren aurkako ekintza-planean du jatorria jarduketa horrek.

Bergara Hegoaldeko ordainlekua

Azkenik, Kontseiluak baieztatu egin du Bergara Hegoaldeko bidesariaren berrikuntza teknologiko osoa, 1,2 milioi euroko inbertsioarekin eta 10 hilabeteko exekuzio epearekin. Bidesari berriak egun dauden kobrantza-sistema guztiak, TAG gailuak, banku-txartelak, billeteak eta txanponak modu automatikoan onartzeko aukera emango du.

  

2322