Breadcrumb

Asset Publisher

Back Sergio García Zamora kubatarrak irabazi du Gabriel Celaya Poesia Saria

Sergio García Zamora kubatarrak irabazi du Gabriel Celaya Poesia Saria

235 lan aurkeztu dira, eta horietatik bost, maila literario apartekoak, finalista izan dira.

2018/01/10

Epaimahaiak idazlearen indar poetikoa, ikuspegi orijinala eta estilo eta mundu propio bereziki identifikagarria azpimarratu ditu.

Sergio García Zamora, Kuban jaioa, Gabriel Celaya Nazioarteko III Poesia Sarian irabazle suertatu da, Manuel Orcelitano izenordearekin aurkeztu zuen "Diario de un buen recluso" poema bildumagatik.

Epaimahaiak -Amalia Iglesias, Carlos Aurtenetxe eta Jon Obeso kide zituela- aho batez eman dio saria, eta finalista izan diren poemario guztien maila bikaina azpimarratu du.  Hirugarren edizio honetan parte-hartze zabala egon da, 235 lan aurkeztu baitira, herrialde desberdinetakoak, eta horietako bost, epaimahaiaren iritziz "maila literario aparta" zutenak, finalista suertatu ziren: Libro centroamericano de los muertos; Yo escribo la noche; Pequeña es la verdad; En el hueso del lienzo eta Diario del buen recluso.

Poema sorta sarituak zirrara eragin zion epaimahaiari, askotariko gaiei buruz egiten duen hausnarketagatik: bizitza, idazketa, haurtzaroa, heriotza, irudimena, maitasuna, existentziaren kartzelak, heroiak eta aberrigabeak, idazteko egintza bera kontzientzia eta liberazio gisa, eta beste idazleekiko elkarrizketak. "Bere olerkien ikuspegi benetan originala" azpimarratu dute, eta baita "bere estilo eta mundu propio bereziki identifikagarria" ere. "Anekdota oro unibertsal egiteko modua, ederraren eta beldurgarriaren arteko fusioa, naifa eta sakona elkarrekin bizi dira, ahots bakarrean. Poema liburu oso garaikidea da egiturari dagokionez, eta, aldi berean, tradizioarekin eta memoriarekin lotzen da".

Poetak oreka zail bezain bitxia lortzen du. Literatura generoen nahasketa hori jakinduria handiz dosifikatzen du: irudien lirismo poetikoa; hurbilketa jasoa, gehiegikeria kulturalistarik gabe; eta poemak istorio labur eta itxien narrazio pieza gisa ikustea. Horrek guztiak indar poetiko izugarria ematen dio poemari. Eta irakurketa bikoitza egiteko aukera ematen du: poemak banan-banan edo liburua osotasunean. Gainera, hainbat esangura maila semantiko eskaintzen ditu, erreferenteen sotiltasunak ezagutzen diren ala ez gorabehera.

Epaimahaiak ezustekoa hartu zuen irabazlearen gaztetasuna eta ibilbidea ezagutu zuenean. Izan ere, 18 liburu argitaratu ditu jada, eta 17 sari jaso, hala nola 2016ko Loewe saria sortzaile gazteari, 2015eko Ruben Dario nazioarteko poesia saria edo 2012ko Eliseo Diego saria.  "Esperanza izeneko herri kubatarrekoa bada ere, liburu honek eta bere ibilbideak erakusten dute bere poesia ez dela etorkizun handiko gazte batena, heldutasun poetiko bete-betean dagoen autore batena baizik", esan dute.

Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak poza azaldu du, sari honen oihartzuna geroz eta handiagoa delako, eta bai obra irabazlearen kalitatea bai Gabriel Celaya poeta gipuzkoar handia gogora ekarriz aurkeztu diren lan gehienena bikaina izan delako. 

Sergio García Zamora Kuban jaio zen, 1986an. Zero belaunaldia deitzen zaion horren adibide da. Letretan lizentziatu zen, Universidad Central Marta Abreu de las Villas unibertsitatean, eta bere obra Honduras, Puerto Rico, Venezuela, Kolonbia, Mexiko, Estatu Batuak eta Espainian argitaratu da. Medellingo Nazioarteko Poesia Jaialdian parte hartu zuen 2014an. "La estrella en germen" izeneko literatura taldearen sortzailea da.

Liburu hauek argitaratu ditu: Autorretrato sin abejas (Ediciones Sed de Belleza, 2003; Tiempo de siega (Ediciones Avila, 2010); El afilador de tijeras (Ediciones Sed de Belleza, 2010); Poda (Casa Editora Abril, 2011); El valle de Acor (Editorial Capiro, 2012); Día mambí (Ediciones Vigía, 2012); Pabellón de caza (Ediciones Sed de Belleza, 2013); Libro del amor feliz (Editorial Ácana, 2013); Las esplendidas ciudades (Ediciones Ávila, 2013), La violencia de las horas (Ediciones Matanzas, 2013); Caballería insurrecta (Ediciones Orto, 2013); Pensando en los peces de colores (Entre Líneas, Miami, 2013) Animal político (Editorial El mar y la montaña, 2014); Perro que aúlla (Editoriarl Capiro, 2015); Estado de gracia (Ediciones Sed de Belleza, 2016), La condición inhumana (Editorial Áncoras, 2016); Resurrección del cisne (Fondo Editorial El Güegüense, 2016); el fío de vivir (Editorial Visor Libros, 2016).

Eta sari hauek irabazi ditu: Fundación Loewe Saria sortzaile gazteari (2016); Rubén Darío nazioarteko poesia saria (2015); Puerta de Papel saria (2014); Wolsan Poesia saria (2014); Gaceta de Cubaren poesia saria (2014); Raúl Ferrer poesia sari nazionala (2014); Regino E. Boti poesia sari nazionala (2013), Manuel Navarro Luna poesia sari nazionala (2012); José Jacinto Milanés poesia sari nazionala (2012); Eliseo Diego poesia sari nazionala (2012); Emilio Ballagas poesia sari nazionala (2012); Ciudad de Fernandina de Jagua fundazioaren saria (2012); Ciudad de Santa Clara fundazioaren saria (2011); Digdora Alonso poesia sari nazionala (2011); Calendario saria (2010); Mangle Rojo saria (2009) eta Udaberriko poesia saria (2009).

Gabriel Celaya saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gabriel Celaya (Hernani 1911 - Madril 1991) poeta gipuzkoarraren oroimenez, bere izena daraman sari hau sortu zuen 2011n, bere jaioturtearen mendeurrena ospatzeko.

Oinarrietan jasota dagoen bezala, irabazleak 10.000 euroko dirusaria eta Leopoldo Ferran eskultoreak egindako oroigarri artistiko bat jasoko ditu. Gainera, saritutako obra poesia argitaratzen prestigioa duen argitaletxe batek argitaratuko du, edizio zaindu batean. 

Sarira edozein leku eta nazionalitateko idazleak aurkeztu ahal izan dira, obra bakarrarekin edo gehiagorekin. Baldintza zen obra horiek originalak eta argitaratu gabeak izatea. Gaia, errima eta neurria libreak ziren, baina gutxienez 500 bertso izan behar zituen.

  

1624