Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zentsura eta Literatura Biltzarra.

Zentsura eta Literatura Biltzarra.

Ekainaren 21-22an, Miramar Jauregian

2018/05/30

Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) EHUren ikerketa talde kontsolidatuak Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak izeneko kongresua antolatu du, Miramar Jauregian, ekainaren 21-22an, Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi irakasleen zuzendaritzapean. Gai zentralak literatura eta zentsura izango dira, baina beste arteetan ere izandako eragina aztertuko da. Kongresua irakasle, ikasle, ikertzaile zein sortzaileei bideratua dago, eta euskal ikertzaileak zein nazioartekoak bilduko ditu.

Ekainaren 21eko saioan, iberiar peninsulako hizkuntza ezberdinetako literaturek jasandako zentsura kasuak aztertuko dira. Lehen mintzaldian, Berta Muñoz Cáliz, Madrileko Unibertsitate  Autonomoko irakasleak, frankismo garaiko zentsuraren azterketari eta bereziki antzerkiaren arloan eginiko ikerketen berri argituko du. Orain artean egin diren ikerketek hobetsiriko ildoak azaldu, eta emaitzarik azpimarragarrienak laburtzearekin batera, ireki gabe dirautenak seinalatuko ditu, garaiko antzerkigintza hobeki ulertzeko eta hari buruzko diskurtso historiografikoa doitzeko.

Jarraian zentsura jasandako hiru idazle aipagarriz arduratuko da Biltzarra: Max Aub, Alfonso Sastre eta Federico García Lorca. Max Aub (París, 1903 Ciudad de México, 1972) abangoardiako antzerkiaren ildoan abiatu zen eta El Búho antzerkitaldearen zuzendari izan zen. Errepublikaren izenean Parisen diplomatiko izendatua izan zen, Picassoren Guernicaren erosketa gestionatzeko Pariseko Nazioarteko erakusketarako. 1937ko uztailean itzuli bazen ere, azkenean 1939an atzerriratu zen Frantziara, gero Argeliara, eta handik Mexicora. Bere lekukotza literarioa ematen duten bi idazlan dira aipagarri, batetik Diario de Djelfa (1945) Argeliako konzentrazio zelaian idatziriko poemategi hunkigarria, eta lehenengoz Espainiara itzulitakoan idatziriko La Gallina Ciega (1971) izeneko dietarioa. Haren lanez, exilioaz eta zentsurez hitz egingo dute Joan Oleza eta Xabier Lluch-Prats (U. Valencia) irakasleek. Ildo berean, Paula Martínez-Michel (U.  Tours) irakasleak, Estatu barruko exilioaz arituko da, Alfonso Sastreren lanek jasandako zentsura izango duelarik mintzagai. Alfonso Sastre (Madrid, 1926) Euskal Herriari loturiko antzerkigile ezagunak sortuak dira Escuadron hacia la muerte (1953) edo La mordaza (1954) bezalako antzezlanak, biak ere euskaraz antzestu zirelarik euskaraturik 1968an Sei gizon eriotzerantz (Jarrai, 1968) eta Denok ixildu egiten gara ( Asteasuko antzeztaldea, 1971). Jarraian, gonbidaturiko bi irakasle argentinarrek, diktaduren zentsuraren eragin literarioa aztertuko dute; batetik Raquel Macciuci irakasleak (U. N. de La Plata), Federico García Lorcaren obrak frankismo garaian izandako edizioaren berezitasunak aztertu ditu eta Francisco José López Alonso irakasleak (U. València) berriz, Juan Gabriel Vásques idazle kolonbiarraren “Las reputaciones” eleberriaren kasua aztertuko du.

Hirugarrenik, gailegoz, katalanez eta euskaraz eginiko literaturak zentsurarekin izaniko harremanen ikuspegi orokorrak eskainiko dituzte, alde batetik, Xosé Manuel Dasilva (Univ. Vigo) irakasleak,  Xavier Pla irakasleak (Univ. Girona) bereziki zentsuraren eraginez idazleek berek garaturiko estrategiak eta autozentsura mekanismoez mintzatuko direlarik. Ildo berean, hizkuntza ezberdinetako poesian zentsurak izandako eraginaz mintzatuko dira Xelo Candel Vila irakaslea (Univ. de València) eta Lourdes Otaegi (MHLI-UPV/EHU), genero lirikoak jasandako zentsuraren eragozpenez eta hura gainditzeko garaturiko kode sinbolikoak aztertuz.

Ekainaren 22a: Joan Mari Torrealdairi omenaldia eta Euskal kulturako sortzaile debekatuak

Goiza, Joan Mari Torrealdari omenaldia eginez hasiko dugu, dela  euskal liburugintzari buruz egin dituen azterketa soziologikoak aitortzeko, dela, batez ere, zentsura frankistari buruzko bere ikerketa lanak azpimarratzeko. Lehen multzokoak ditugu bi liburu mardul eta erreferentzial: 1977ko Euskal idazleak, gaur: Historia social de la lengua y literatura vascas eta hogei urte ondoren argitaratutako Euskal kultura gaur: liburuaren mundua. Biek hala biek garaian garaiko euskal literatur sistemaren ikuspegi orokor egituratua erakusten digute eta, bidenabar, hogei urtetako garapena azpimarratzen. Horrez gain, ildo horretan koka litezke urtetan argitaratu izan dituen euskal liburuen katalogo eta bestelakoak, ezinbestekoak ezein ikerketa lanetarako oinarri gisa.

Zentsurari buruzko ikerketari dagokionez, euskal liburuek jasandakoari erreparatu dio Torrealdaik. Erreferentzia ugari argitaratu ditu gaiaz, baina abiapuntu dugu Deustuko unibertsitatean defenditutako doktore tesia: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Análisis de los informes del lectorado izenburuarekin 1995an aurkeztua. Gerokoak ditugu, hala nola, El libro negro del euskera (1998), La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (1998) eta Artaziak: euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000).

Atsedenaldiaren ostean, kongresuko hizlarien txanda izango da. Ismael Manterolak zentsurak euskal arte plastikoetan izan dituen berezitasunak aletuko ditu eta zentsura errepresiboak artelanak debekatzerako orduan nola jokatu zuen erakutsiko du. Aldiz, Mikel Ayerbe zentsore-irakurleen irakurketa fitxetan oinarrituko da eta Miranderen Haur besoetakoa edota Saizarbitoriaren Egunero hasten delako zein 100 metro nobelek izan zituzten interpretazio paradoxikoak izango ditu hizpide. Azkenik, Idoia Gereñuk euskal antzerkigintzari helduko dio eta zentsurak eragindako botere hegemonikoari kontrakarrean itzulpenak, bertsio ofizial vs extraofizialdun antzezlanak eta, beste diziplinetan bezalaxe, metaforen erabilera nola gailendu ziren zedarrituko du.

Jarraian datozen hizlariek, euskal literatura eta zentsuraren arteko harremanak izango dituzte hizpide, egile eta obra jakinen kasuak aztertuz, besteak beste. Lehenik, Beñat Sarasolak euskal literaturako zentsura kasu nabarmenetako bat hartuko da aintzat, Orixeren Euskaldunak, hura aztertu zuten irakurle ezberdinen argudiobide literarioak analizatzeko (1950. urteko lehen edizioaren onarpena, 1972. urteko berredizioaren zentsuratzea eta 1976koaren onarpena). Ondoren, Amaia Elizaldek Jon Mirande idazlearen lanari helduko dio eta euskal idazle Paristarraren literaturgintzan zentsurak utzitako arrastoa aztertzerako garaian errebisio teorikoan sakontzeko beharra nabarmenduko du. Miren Ibarluzeak, aldiz, zentsura eta itzulpengintza uztartu eta ikerketa-programa bat zirriborratuko du, euskal ikasketetan zentsura instituzionala eta itzulpena elkarrekin gurutzatzen diren esparruak agerrarazteko. Azkenik, Ana Gandara zentsuraren aurreko erresistentzia kulturalaz eta horren eskutik osatzen den errealitate sinbolikoaz arituko da Ahozko Ondare Kulturalak izan zuen garrantzia nabarmenduz eta bertsolaritzaren jarduna edota Mikel Laboaren kantagintza azpimarratuz.

Debekatuak baina ez ahaztuak erakusketa,  ekainaren 20tik aurrera, KM Kulturunearen lehen solairuan.

Ismael Manterola eta Alexander Gurrutxaga ditu komisarioak erakusketa honek.

Bere helburua Espainiar Estatuaren zentsura instituzionalak euskal kulturgintzan izan duen eraginaren argazki bat eskaintzea da, Francopeko Erregimenaren hasieratik Trantsizioaren urteetara arte, bisitariari aukera emanez zentsuraren indarra eta ezaugarri nagusiak modu errazean ikusteko. Horrekin batera, zentsuraren inguruko ikerketei ere erreferentzia egingo die erakusketak, euskal ikertzaile nagusia den Joan Mari Torrealdairen lana nabarmenduz.

Publiko zabalarentzat pentsatutako erakusketa da, eta azalpen laburrak nahiz lekukotzak uztartuko ditu, zentsurari buruz dakiguna obra konkretuen kasuan azaleratuz. Bi ardatz izango ditu erakusketak, beraz: batetik, Espainiako zentsura instituzionalak iragan hurbilean izan dituen mekanismoak argituko ditu eta, bestetik, horrek euskal kulturan izandako ondorioen argazki bat eskainiko du.

 

 

 

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1756