Breadcrumb

Asset Publisher

Back Crossover, telesailen kulturari buruzko Jaialdia

Crossover, telesailen kulturari buruzko Jaialdia

Solasaldi, proiekzio eta jarduera ludiko ugari maiatzaren 29tik ekainaren 2ra arte.

2018/05/28

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta Kultur Factory-k antolatutako jaialdiaren lehen edizioa abiatzen da

Ia hogei jarduera eta sorkuntza, kritika eta errealizazioaren alorretako gonbidatu azpimarragarriak izango dira telesailen kulturan sakontzeko

Donostiak egungo kulturaren fenomeno garrantzitsuenetako bati buruzko jaialdia estreinatzen du gaur. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta Kultur Factory-k Crossover abiatzen dute, telesailen kultura aztertuko duen hitzordu berria.

Maiatzaren 29tik ekainaren 2ra arte Crossover-ek ia hogei jarduerako programa zabala eskainiko du: eztabaidak, aurre-estreinaldiak eta ekitaldi ludikoak. Zalantzarik gabe, telesailek gizarte garaikidearen aisian eta kultur ohituretan pisu handia dute eta mundu osoan gorakada nabarmena bizi dute. Sorkuntza, kritika eta errealizazioaren alorretako gonbidatu azpimarragarriek (hogeita hamarretik gora) fenomeno honen ezaugarri eta arrazoiak aztertuko dituzte.

Crossover jaialdiaren antoltzaileek ikuspegi ezberdinetatik heldu nahi diote gai honi: eztabaida eta elkarrizketa oinarritzat hartuta, telesailak modu kritikoan jorratuko dituzten proposamenak izango dira batetik, eta bestetik, formatu honi buruzko ezagutza sakondu eta dibertitzea xede dutenak. Programa irekia eta anitza, publiko zabalean –egungo gizartean eragin handia duen herri-kulturako produktuetako baten inguruko interesa duena– arreta jarriz.

Zinea, literatura, kontsumo ohitura berriak edota errealitatearen trataera jaialdiaren solas eta mahai-inguruetan aztertuko dira. Telesail berrien aurre-estreinaldiek protagonismo handia izango dute ere, Movistar+, HBO España eta AXN ekoizle eta banatzaileen eskutik.

Jaialdia “Y llegaron las series” solasaldiak irekiko du gaur, 19.00etan Koldo Mitxelena Kulturunean. Quim Casas kazetari eta irakasleak, Mar Coll zuzendari eta gidoilariak (Matar al padre telesaila estreinatu berri duena, Movistar-ek ekoiztua eta Gonzalo de Castro protagonista lanetan) eta Bárbara Goenaga aktoreak hartuko dute parte telesailen urrezko aro honen ezaugarri nagusiak jorratuko dituen mahai-inguru honetan: nola lortu dute telesailek hain urte gutxitan halako garrantzia? Gure ohitura berriak eta gure ardurak gizarte bezala beste lengoaiek baino hobeto islatzen dituzte? Solasaldia Isabel Vázquez gidoilari eta idazleak gidatuko du.

Lehen egun honen beste jarduera Antonio Merceroren La cabina maisulanaren proiekzioa izango da, Tabakalerako zinean, 21:00etan. Sarrera doakoa da eserlekuak bete arte. Proiekzioa Euskadiko Filmategia eta Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin antolatu da. Aurretik, Antonio Mercero Santos, gidoilaria eta zuzendariaren semea, eta Jesús Angulo, Merceroren lanean aditu nagusienetakoa, solasean arituko dira sarrera gisa.

Jarduera honekin, Crossover duela gutxi zendu den zuzendariaren omenez antolatutako ekitaldietara batzen da. Merceroren obra ezinbestekoa da Espainiako azken mende erdiaren zinea eta telebista ulertzeko. Gerra Zibilaren inguruko trilogia (La guerra de papá, Espérame en el cielo y La hora de los valientes) edo bere telesail arraskatatsuak (Verano azul, Turno de oficio, Farmacia de guardia) belaunaldi ezberdinen memorian gordeta daude, Mercerok modu bikainean konektatu baitzuen publikoarekin umorea eta emozioa maisuki uztartzen zituzten lanen bitartez.

Merceroren ideia batean oinarrituta, La cabinak Telefilm Onenaren Emmy Saria jaso zuen 1973an. Geroztik bere eragina handia izan da beste sortzaile askorengan. Álex de la Iglesiak, adibidez, 2010 urtean Mercerori Ohorezko Goya saria eman zionean honakoa esan zuen: “La cabina gure burua ondoen azaltzen duen maisulanetako bat da. Merezi ez duen egoera zentzugabea eta surrealista batean giltzaperatuta dagoen pertsona bat, deus ere egiten ez duen ingurune baten aurrean”.

  

1321