Breadcrumb

Asset Publisher

Back Europa eta demokrazia indartzeko bideei buruzko gogoeta, Uda Ikastaroetan

Europa eta demokrazia indartzeko bideei buruzko gogoeta, Uda Ikastaroetan

Aldundiak bultzatutako jardunaldian, gobernantza demokratikoan eta Europaren autonomia estrategikoan aurrera egiteko ahalegin berritzaileak aztergai izango dituzte nazioarteko erreferentziazko ahotsek.

Eider Mendoza eta Iosu Arraiz

Testuinguru geopolitiko berrian Europa eta demokrazia indartzeko bideei buruzko gogoeta zabalduko dute datorren irailaren 4an, ostirala, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroek. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, zabalduko duen jardunaldian nazioarteko hainbat erreferentziazko adituk hartuko dute parte. Guztien ekarpenak jaso eta elkarrizketa zabaltzea izango da helburua, aztertuz Gipuzkoa bezalako lurralde batek zer nolako ekarpen berritzailea egiten duen eta egin dezakeen gobernantza demokratikoan sakontzeko garaian, baita Europar Batasunaren autonomia estrategikoa eraikitzeko ahaleginean ere.

Udako Ikastaroa EHUk eta Aldundiak antolatu dute, foru erakundearen Gipuzkoako berrikuntza politikorako eta lankidetzazko gobernantzarako estrategiaren barruan. Iosu Arraizek, Foru Aldundiko Estrategia zuzendariak gidatutako egitarauaren bitartez, gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa den ingurune geopolitikoan, europar proiektuak bizi dituen erronkak nahiz balio demokratikoak indartzeko premian jarriko dute arreta. Hori guztia, kontuan izanda Gipuzkoak gobernantzaren berrikuntzan dagoeneko egindako arnas luzeko ibilbide emankorra.

"Aldaketa klimatikoa, migrazio krisia, gerrak eta erraldoi teknologikoek planteatzen dizkiguten desafioen aurrean, ezinbestekoa dugu aurrean dugun mundua ulertzea, Europaren posizioa indartu eta sistema demokratikoaren oinarriak sendotu nahi baditugu”, aipatu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak. Bere esanetan, Gipuzkoak “ibilbide sendoa eta emankorra” egin du azken urteotan eraldatzeen aurrean “antizipazioaren, berrikuntzaren eta lankidetzaren alde” eginez. “Testuinguru geopolitiko aldakor honetan, ekarpena egiten jarraitu nahi dugu Europa proiektu gisa defendatu eta kultura politiko demokratikoaren aldeko hautua errotu dadin gure gizartean”, berretsi du.

“Aldaketa globalek erantzun bat eskatzen diote Europako gobernantzaren etorkizunari, gai hauetan: norabide estrategikoa berritzea, herritarren kultura politiko demokratikoa indartzea, eta datozen urteei begira erakundeak sendotzea. Ikastaro honen proposamena da erronka horiek diziplina anitzeko ikuspegi batetik aztertzea. Horretarako, nazioarteko testuinguruan gertatzen ari diren eraldaketei eta Europan artikulatzen ari diren erantzun instituzional eta sozialei helduko diegu; Europako testuinguruari jarraikiz, aztertuko dugu nola heldu gobernantza demokratikoaren erronkari, Gipuzkoako lurraldearen ikuspegitik”, sakondu du Iosu Arraizek.

Horrela, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak irekiko du ikastaroa irailaren 4an Miramar jauregian, EHUren Gipuzkoako errektoreorde Joana Goizuetarekin batera. Ondoren, Jorge Tamamesek, Elkano Errege Institutuko ikerlariak, Eraldatzen ari den mundu bat: testuinguru geopolitiko berria ulertzeko gakoak jorratuko ditu. Dublingo University College-n Zientzia Politikoetan doktorea, Tamamesek demokraziaren eta Espainiako kanpo-politikaren ikertzaile gisa lan egiten du Elcano Errege Institutuan. Berriki argitaratu du Algo que hicimos juntos (Lengua de Trapo eta Círculo de Bellas Artes, 2026), saiakera.

Bigarren hitzaldia, Demokrazia ziurgabetasun garaietan: Europarentzako erronkak testuinguru geopolitiko berrian izenburupean, Silvio Waisbord George Washington Unibertsitateko Komunikabideen eta Gai Publikoen Eskolako irakaslearen esku egongo da. Hogei liburu baino gehiagoren egilea eta editorea da, bai eta kazetaritzari eta politikari, komunikazio-ikasketei, komunikabideen politikari eta gizarte-aldaketarako komunikazioari buruzko artikuluen egilea ere. Bere azken liburuak dira Introduction to Journalism: Thinking Globally (Polity) eta Democracias y calidad periodística: gobernanza, desorden informativo y ecosistemas mediáticos (Dolors Palau-Sampiorekin batera editatua).

Tamames eta Waisborden gogoeten ondoren, bi mahai ingururen bitartez Europaren eta demokraziaren erronketan sakonduko dute jardunaldian. Lehen solasaldian, Europa testuinguru geopolitiko berriaren aurrean: erakundeak, herritarrak eta legitimitate demokratikoa izango dute aztergai, Geert Bouckaert-ek (Lovainako Unibertsitatea) Paloma Piqueiras Conlledo-k (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) eta Katarina Staronova-k. Bigarren mahai ingurua lurraldera begira jarriko da, honako parte-hartzaile hauen bitartez: María José Canel (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea), Igor Ahedo Gurrutxaga (EHU), Xabier Barandiaran Irastorza (Deustuko Unibertsitatea), Andoni Eizagirre Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea), Naiara Goia Imaz (Arantzazulab).

Amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako lankidetzazko gobernantzako prozesuei egindako ekarpenagatik Geert Bouckaert irakasleari aitortza instituzionala eskainiko zaio.

  

1269