Breadcrumb

Asset Publisher

Back Deskargako obraren %60 dagoeneko eginda dago

Deskargako obraren %60 dagoeneko eginda dago

2019ko martxoan amaituta egongo dela aurreikusten da.

2018/07/09

Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua legealdiko inbertsio garrantzitsuenetako baten obrak ikusten egon dira: Deskargako autobiako lanak, alegia. Horrela, bertatik bertara egiaztatu dute obrak erritmo onean doazela: «Exekuzio epearen bi heren igaro dira, eta obraren % 60 baino gehiago dago exekutatuta; beraz, espero dugu autobia aurreikusitako epeetan amaitzea», azpimarratu du Olanok.

Diputatu nagusiak gogorarazi du negu oso txarra izan dugula eguraldiari dagokionez, aurreko urteetan baino askoz euri gehiago egin baitu, eta horregatik benetan aipagarriak dira obran lanean ari diren langile eta enpresen ahalegina eta Aldundiko eta Bidegiko teknikariak egiten ari diren lan bikaina.

Olanok azpimarratu du munta handiko obra dela, 5,3 kilometro hauen garrantzia izugarria baita Urola, Goierri eta Debagoiena eskualdeetarako, eta Gipuzkoa osorako oro har. Diputatu nagusiaren hitzetan, errepide honek eragin nabarmena izango du lurraldearen ekonomian eta lehiakortasunean, hiru eskualdeak lotuko baititu, «eta jakin badakigu zein garrantzitsuak diren hiru eskualde horietako industria, enpresak eta unibertsitateak».

16 hilabete eta erdi igaro dira obrak hasi zirenetik, eta jada eraikita daude Deskargako errepide berriak izango dituen 5 zubibideak eta eginda daude obrako 3 lur erauzketa garrantzitsuenak -beste biak oso aurreratuta daude-.

Diputatu nagusiak gogoratu du, Legealdi hasieran obra honi ekin zitzaionean, erabat geldituta zegoela eta euste arazo ugari zituela. “Argi genuen proiektua sendoa izan behar zuela eta aurretik azterketa geologiko sakona egin behar zela. Lanak hasi direnetik izan dugun eguraldi txarrak nabarian uzten du hartu genuen erabaki politikoa eta egin genuen proiektuaren idazketa ezinbestekoak eta egokiak izan direla gaur, obraren %60tik gora eginda egoteko eta, gainera, aurrekontuaren barruan”.

“Hiritarrei eman genien hitza betetzen ari gara” gipuzkoarrentzat “lehen  mailako garrantzia” duten Deskargako moduko proiektu estrategikoetan. “Etorkizuneko Gipuzkoarentzat prestatzen eta lanean ari gara. Errepide honek, Gipuzkoan gaitasun handiko errepide sare moderno bat izaten lagunduko du, gaur egungo gizarteak eskatzen dizkigun erronka ekonomiko eta logistikoei aurre egiteko prestatuta egongo dena”, azpimarratu du.

Zifrak batzuk aipatzearren: 582.000 metro kubiko lur erauzi dira, hau da, 40 solairuko altuera duen futbol zelai bat betetzeko adina lur; 19.000 metro kubiko hormigoi armatu erabili dira; eta 2.900.000 kilo inguru altzairu, hots, 9 igerileku olinpiko betetzeko adina altzairu. Ezpondak eusteko ainguratzeei dagokienez, orain arte 160 kilometro kable jarri dira, Donostiatik Logroñora bezala. «Horrek guztiak erakusten digu zer tamainako obra egiten ari garen» adierazi du obraren ardura duen diputatuak, Aintzane Oiarbidek.

Oiarbidek azpimarratu du, halaber, sostengu neurrien auskultazio kontrol zorrotzak egiten ari direla, hartutako soluzioak benetan eraginkorrak direla egiaztatzeko. «Horregatik, instrumentu asko jarri dira, inguru horretako ezponden eta irristadura historikoen jarraipena egiteko, hala nola 19 inklinometro, 9 piezometro, 37 karga zelula eta 50 mugarri topografiko. Instrumentazio horren guztiaren zati bat bertan utziko da, ondoren ere lur erauzketek izango duten portaeraren jarraipena egin ahal izateko. Bide Azpiegituretako diputatuak gogorarazi du ezen legealdi honen hasieran erabat geldirik zegoela obra, sostengu arazo ugarirekin: «proiektuak sendotasuna behar zuen, sakoneko azterketa geologikoa egin behar zen lehendabizi». Ondoren, diputatuak adierazi duenez: «obrak gauzatu bitartean eguraldi benetan txarra egin du, eta horrek erakusten du benetan funtsezkoa izan dela proiektua premisa horiekin idaztea, eta planteamendu politikoa halakoa izatea, eta asmatu dugula, puntu honetara obraren % 60 exekutatuta eta aurrekontua beteta iristea lortu baitugu.»

Amaitzeko, Bide Azpiegituretako diputatuak proiektu honen beste elementu garrantzitsu bat azpimarratu nahi izan du: paisaia lehengoratzeko lanak. Izan ere, oraindik obra amaitzeko bederatzi hilabete geratzen diren arren, jada exekutatu dira ingurumen neurri zuzentzaile asko. «750 zuhaitz autoktono landatu dira, 140 igokari eta 160 sahats aldaxka. Bestalde, 61.000 metro karratu hidroerein dira eta 1.000 tona konpost erabili dira landare lurrean. Hori guztia, ingurumena birziklatze teknikak baliatuz zaintzeko eta ingurumen inpaktua txikitzeko helburuarekin».

Bere aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok berriz nabarmendu nahi izan du lan honek Gipuzkoako gizarte osoarentzat duen garrantzia. «Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko lan egiten ari gara. Etorkizunerako prestatzen. Eta errepide honek ahalmen handiko errepide sare moderno bat lortzen lagunduko du.»

  

1312