Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak turismoren ekotasa baten diseinua egiteko aurretiazko lanak abiarazi ditu

Gipuzkoak turismoren ekotasa baten diseinua egiteko aurretiazko lanak abiarazi ditu

Aldundiak hainbat ostalaritza eredu batu ditu «kontu batzuk argitu eta elkarguneak bilatzeko» helburuz

Kataluniako eta Balearretako ereduak erabili dira karga berri horren abantailen eta desabantailen analisia egiteko

Gaur arratsaldean bildu da lehen aldiz Gipuzkoako lurraldean turismoari dagokion balizko ekotasa bat aztertzeko batzordea. Lantalde hori Gipuzkoako Mahaiarekin hitzartuta sortu zen joan den ekainaren 18an. Bilkurara hainbat ostatutako ordezkariak gerturatu dira, besteak beste; Paul Lizeaga, Asociación de Hoteles de Gipuzkoako Hotelen Elkartekoa; Kino Martínez, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartekoa; Idoia Ezkurdia, Gipuzkoako Nekazaritza Turismoko Elkartekoa; Asier Pereda, Gipuzkoako Turismo Apartamentuak (Aparture) elkartekoa; Miriam Eizaguirre, Gipuzkoako Kanpinetakoa; Basagaitz Gereño, Deustuko Unibertsitateko Turismo Gradukoa; eta baita Denis Itxaso eta Maite Cruzado (turismoko foru zuzendaria) ere.

«Turismo Mahaiak lantalde hau sortzea hitzartu zuen, hartara Gipuzkoa prest egon dadin Euskadik erabakitzen duenerako noren eskumenekoa den karga horren bilketa». Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak argituko du kontu hori, baina Aldundiak aurreratu egin nahi du sektorearekin adostasun zabala lortzeko Gipuzkoak ezar lezakeen ereduaren, kargaren izaeraren, erabileraren, eta abarren inguruan, noren eskumenekoak diren gorabehera», adierazi du turismo zuzendariak.

«Ostalaritza mota bakoitzari dagokion zerga progresibo baten aldeko apustua egingo dugu; alabaina, zerga ezartzearen xedea ez da disuasio jarduketa izatea edo fluxuak erregulatzea, baizik eta aberastasuna itzultzea eta publiko bihurtzea, gero turismo politikarako tresna moduan erabil dadin sektoreko jarrerak arautzeko edo egokiak direnak estimulatzeko». Bildutako funtsen erabilerari dagokionez, hainbat aukera daude; adibidez, turistek kontsumitzen dituzten zerbitzu publikoen (segurtasuna, garbiketa) kostuaren igoera finantzatzea, turismo iraunkorreko azpiegiturak finantzatzea, edo diru hori erabiltzea turismoaren parte diren ondare historikoa eta kulturala zaharberritzeko eta berreskuratzeko», esan du Cruzadok.

Fundación Alternativas fundazioak egindako txostena aztertu dute, eta horrek lagundu die xehe-xehe aztertzen Kataluniako eta Balearretako ereduak zein beste eredu batzuen abantailak eta desabantailak, beste batzuen artean Europako hiriburu hauetakoak: Amsterdam, Berlin, Brusela, Budapest, Lisboa, Porto, Paris, Praga, Erroma, Milan, Viena eta Venezia. Gainera, aurreikusi dute eredu horiek Gipuzkoak ezartzeak zein emaitza izango lituzkeen.

Bestalde, Batzordeak aztertu du urteroko bilketa zenbatekoa zatekeen karga gau bakoitzeko kobratu izan balitz: 2017. urtean 1,9 miloi euroko bilketa zatekeen, egonaldiko egun bakoitzeko bi euro ingurukoa izan balitz, eta 50 zentimo tasa aplikatu izan balitz establezimenduaren arabera. Bilketa horren % 81 hoteletatik zetorkeen; % 9, apartamentu turistikoetatik; eta % 5, landetxe eta bestelakoetatik. Halaber, behe denboraldian eta barnealdeko egonaldietan balizko hobariak ezartzea aztertu du, eta, baita ere, balizko salbuespenak, bezeroei kobratzeko modua eta aplikazio data.

 

  

1385