Breadcrumb

Asset Publisher

Back Egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko plazak handituko ditu Aldundiak

Egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko plazak handituko ditu Aldundiak

Eraberritze eta egokitze lanen ondoren, Ordiziako San Jose egoitzan Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasu asintomatiko edo arinak artatuko dira aldi baterako, eta urrian egongo da martxan.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraitzen du COVID-19ak eragindako pertsonei eta Gipuzkoako egoitza-zentroetan bizi direnei arreta emateko plazak handitzeko. "Osasun krisia hasi zenetik egin dugun apustua izan da une oro behar diren baliabideak eta zerbitzuak eskeintzea, egoitzetan bertan ematen den arretaren osagarri". Hala, joan den martxoaren 15ean Gurutze Gorriaren Donostiako zentroa horretarako gaitu zuela gogorarazi du, eta maiatzaren 8tik aurrera, Eibarko Ospitaleko gizarte-instalazioak betetzen du eginkizun hori.

Birusaren aurrerapenaren ondorioz eta egoitza zentroak COVID-19 kasu positiborik gabe uztearen beharraren ondorioz, Eibarko zentroak dituen 56 plazei Ordiziako San Jose egoitzan beste 65 plaza gehituko zaizkie, titulartasun publikokoa den eta Kabia foru-erakundean integratua dagoen zentroan. Beraz, San Jose zentroa, aldi baterako, birus-karga txikia duten eta arreta soziosanitarioa behar ez duten COVID-19 kasu asintomatikoak artatzeko erabiliko da.

Zentroa ekainaren hasieran itxi zen birmoldaketa lanak egiteko helburuarekin, “instalazioak behar berrietara egokitzeko”, zehaztu du Peñak. "Beharrizan horiek eta COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera ikusita, gaur egun plaza gehiago gaitu behar ditugu adineko pertsonen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko, eta horregatik, aldi baterako, Ordiziako zentroa pertsona horien arretara bideratuko da", jarraitu du.

Ordiziako zentroan egin diren berrikuntzek igogailu berriaren instalazioa, aldagelen egokitzapena, banakako gelen kopurua handitzea eta oxigeno-sistema baten instalazioa aurreikusten ditu, 400.000 euro inguruko inbertsioarekin. "Horrela, espazioa egokitu eta prestatu dugu COVID-19ari aurre egiteko eta zentroak bere kontingentzia planean aurreikusitako neurri guztiak bete ditzan", zehaztu du Maite Peñak.

Pertsona bat zendu da azken orduetan

Bergarako Mizpirualde zentroan bizi zen pertsona bat hil da azken orduetan, joan den astean COVID-19an positibo eman eta ospitaleratuta zegoela. Bestalde, Gipuzkoako egoitza-zentroetan egiten ari diren PCR probek ez dute kasu positibo berririk antzeman erabiltzaileen artean. Gaur egun, adineko pertsonen lau egoitzek dituzte COVID-19 kasu aktiboak erabiltzaileen artean: Donostiako Hermano Garate – San Ignacio (1), Hernaniko Santa Maria Magdalena (33), Errenteriako Jesusen Bihotza (16) eta Donostiako Alai-Etxe (11).

Beraz, Gipuzkoako egoitza-sarean, 65 zentro eta 5.425 plaza dituena, 61 kasu positibo daude egun erabiltzaileen artean. Horietatik, 10 pertsonak ospitaleko arreta behar dute eta ospitaleratuta daude, eta beste 39 Eibarko Ospitaleko gizarte-instalazioan artatuak izaten ari dira, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroan. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, sei adinekok gainditu dute gaixotasuna, eta 18 hil egin dira.

 

  

1340