Breadcrumb

Asset Publisher

Back Eskualde-sareak jarri ditu martxan Etorkizuna Eraikizek

Eskualde-sareak jarri ditu martxan Etorkizuna Eraikizek

2018ko diru laguntza deialdiak 23 proiektu finantzatuko ditu alor ezberdinetan, tartean Elkar-Ekinen testuinguruan kokatzen diren bederatzi

2018/07/05

2018ko Etorkizuna Eraikizeko diru-laguntza deialdiak, 700.000 euroko zuzkidura duenak, 23 proiektu berritzaile finantzatuko ditu alor ezberdinetan. Hauen artean daude Elkar-Ekin estrategiaren testuinguruan kokatzen diren bederatzi. Hauen funtsa eskualdez-eskualde sareak osatzea da, administrazioa, heziketa zentro, garapen agentzia eta enpresek osatuko dituztenak denen artean eta enpleguaren bitartez gizarte bazterkeriari aurre egiteko. Goierrin, esaterako, egoera honetan dauden emakumeetan jarriko da azpimarra: ehungintza industrian formakuntza eskainiko zaie, eta enpresa mundura gerturatuko dira praktiken bitartez. “Lurraldeko gizarte antolatua inplikatu nahi dugu, eskualde denetan gizarte inklusioaren alde eragiteko”, esan du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok.

            Foru arduradunak prentsa agerraldia egin du gaur goizean, aipatutako Etorkizuna Eraikizeko 2018ko diru-laguntza deialdian aukeratutako proiektuen berri emateko. Berarekin egon da Kudeaketa Estrategiako foru zuzendaria, Sebas Zurutuza, eta baita UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde den Agustin Erkizia eta Pasaiako Itsas Gelako arduradun den Izaskun Suberbiola ere. Azken bi hauek aukeratutako proiektuetako bi aukeratu dituzte. Guztira, 84 egitasmo aurkeztu dira diru-laguntza deialdira, lurraldeko 100 eragile sozial eta ekonomiko ezberdinen eskutik, eta hauetatik esandako 23ak onartu dira. Honela, guztira 58 dira Etorkizuna Eraikizen diru-laguntza deialdiaren bitartez martxan jarri diren herritarren proposamen berritzaileak, lan lerro hau zabalik egon den hiru urteetan.

            Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, gogoratu du Etorkizuna Eraikizen zutabeetako bat dela elkarlaneko gobernantza, denon artean eta gaurtik hasita etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko. Horrela, azaldu du diru-laguntza deialdiaren bidez sake librean proposamenak egiteko aukera eskaintzen zaiola lurraldeko gizarte antolatuari. “Azken finean, Gipuzkoako eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetza bidea irekitzeko beste modu bat, eta honen bitartez etorkizuna eraikitzeko ahalegin partekatu horretan herritar gehiago inplikatzea lortzen dugu”, azaldu du Olanok.

            Onartu diren proiektuetan erreparatuz, Elkar-Ekinen esparruko bederatzi ekimenetan jarri du azpimarra. Hauen bitartez, eta garapen agentzien bultzadarekin, lankidetza sareak eratuko dira enpresa, administrazio eta formakuntza zentroen artean, gizarte inklusioaren alde egiteko. “Bazterkeriaren aurka egiteaz hitz egiten dugunean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) bezalako erremintak behin-behinekoak direla ulertzen dugu, enplegua baita egiazko gizarte inklusioa bermatzen duena”, esan du foru arduradunak, norabide honetan lan egitearen garrantzia berretsiz.

            Gizarte inklusioak osagai demografiko garrantzitsu bat duela ere gaineratu du. “Gipuzkoako gizartea zahartzen ari da, eta honek eragin zuzena du gure biztanleria aktiboa murriztearekin”, esan du foru arduradunak. Honela, nabarmendu du “gure lurraldeak ezin duela inortxo ere alboan utzi, denok baikara beharrezkoak alor ekonomikoan lehiakorrak eta alor sozialean aurreratuak izaten jarraitu nahi badugu”. “Gizarte inklusioan aurrerapausoak ematea lortzen badugu, etorkizuneko ekonomiaren oinarriak sendotuko ditugu”, gehitu du.

            Debabarrena, Debagoiena, Urola Erdia, Urola Garaia, Oarsoaldea, Bidasoa, Tolosaldea, Goierri eta Buruntzaldea dira bazterkeria egoeran dauden pertsonak enplegura gerturatzeko xede duten sare hauek martxan jarriko diren eskualdeak, kasu gehienetan tokiko garapen agentzien bidez. Bi adibide jartzearren, emakumea eta ehungintza industriaren lotutako aipatutako proiektua landuko da Goierrin eta, Tolosaldean, bere aldetik, alor soziosanitarioko formakuntza eskainiko zaie etxeko lanetan dabiltzan edo ibili nahi duten herritarrei, menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzarako.

            Onartu diren gainerako 14 proiektuei dagokienean, Kudeaketa Estrategiako zuzendari den Sebas Zurutuzak azaldu du “era guztietako proposamenak” daudela, “etorkizunerako interes handia duten esparruetan”. Horrela, nabarmendu du hainbat proiektu berritzaile daude gazteekin erlazio zuzena dutenak, euren etorkizuneko bideak argitu edota zientziarekin lehen hartu-emana eskaintzea xede dutenak. “Etorkizuna Eraikizen ikuspegitik, funtsezkoa da belaunaldi berriekin lan egitea, beraiek baitira gure etorkizuna”, gaineratu du.

 

Udako campusa eta itsasoko zaborra

Agerraldian, hautatuak izan diren eta gazteekin lotura zuzena duten proiektu hauetako bi aurkeztu dituzten euren sustatzaileek. Zehazki, UPV/EHUko errektoreordeak EGOkITU (Euskal Gazteen OrientazioraKo Ikastaroa. Talentoa Unibertsitatean) egitasmoa aurkeztu du, unibertsitateak Gipuzkoako Bazkundearekin lankidetzan garatu duena. 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako udako campusa proposatzen du ekimenak, unibertsitate mundua eta, hedapenez, enpresa mundura jolasean gerturatzeko. Honela, nerabeek askoz era eraginkorrean ezagutu dezakete euren bizitzako hurrengo etapan eskainiko zaion hezkuntza eskaintza eta, aldi berean, lurraldeko enpresa ehunaren errealitatea. “Azken finean, bilatzen duguna da gazteek euren gaitasunak eta talentua ikasketa jakin batzuekin lerrokatzen al diren ala ez egiaztatu eta kontrastatzeko aukera eskaintzea da”, azaldu du Erkiziak. 

            Pasaiako Itsas Gelako Izaskun Suberbiolak, bere aldetik, Ekofish ekimena aurkeztu du, itsasoko ingurumena zaindu eta hobetzearen beharraz jabetzeko gazteak eta kolektiboak inplikatzea jomuga duen egitasmoa. Helburua itsasoko zaborren arazoaren inguruan gizarte kontzientzia sortzea da. Proiektuak pertsonak ditu ardatz eta bakoitzak aipatutako erronka bere egitea bilatzen du, bakoitzak bere herrian tokiko egitasmoak bultzatu eta fenomeno honen eragina murritzeko. “Motibazioa funtsezkoa elementua da konpromiso hori eraginkorra izateko”, esan du Suberbiolak. Puntu honetan, azaldu du “MATER ontzi-museoa izateak sekulako aukera eskaintzen duela, konpromisoa adierazten duten gazteei tripulazioko parte izatea ahalbidetzen baitie, itsasoko zaborren arrantzan aritzeko”.

  

1390