Breadcrumb

Asset Publisher

Back Europak Gipuzkoa zainketan erreferente dela aitortu du, gizate-zerbitzuen eta sektore publikoaren arteko lankidetza eredua sarituz

Europak Gipuzkoa zainketan erreferente dela aitortu du, gizate-zerbitzuen eta sektore publikoaren arteko lankidetza eredua sarituz

European Social Networkek (ESN) Gipuzkoako Foru Aldundia saritu du ‘Gizarte Zerbitzuetan Sektore Publikoaren Lankidetzari Saria’ emanez, Zaintza HerriLab estrategiagatik; lurraldean zehar zaintza arloan bultzatu den lankidetza-lanari egindako aitortza da saria. Aitorpen honek balorean jartzen du Gipuzkoak gobernantza partekatuaren eta sare-lanaren eredua sustatzeko duen gaitasuna, zaintzak ikuspegi komu-nitario batetik indartzen dituen eredua. Zainketa eta Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak nabarmendu du sariak aitortu egiten duela estrategiaren helburua: ongizatea hobetzea, etxean egoteko aukera sustatzea eta Gipuzkoako zaintza-sarea zabaltzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako Zaintza HerriLab estrategia aitortua izan da ‘Gizarte Zerbitzuetan Sektore Publikoaren Lankidetzari Saria’-rekin. Europa mailako aitortza hau, European Social Network (ESN)en eskutik dator. Sari honek administrazio publiko ezberdinen arteko lankidetza-proiektuak aitortzen ditu, gizarte-zerbitzuak hobetzea eta erronka sozial konplexuen aurrean erantzun integratuak eskaintzea lortu dutenak.

Zaintza HerriLab saritua izan da, halaber, Europan erreferentziazkoak diren beste hiru ekimenen artean: Collaborative Detection of Social Vulnerability (Bartzelona), Municipal Job Centre (Groß-Gerau, Alemania) eta Ruddersstove (OCMW Brugge, Belgika). Aitorpen honek balorean jartzen du Gipuzkoak gobernantza partekatuaren eta sare-lanaren eredua sustatzeko duen gaitasuna, zaintza ikuspegi komunitario batetik indartzen duen eredua.

Epaimahaiaren aitortza

Epaimahaiak nabarmendu du Zaintza HerriLaben ezaugarri nagusietako bat: erakundeen eta sektoreen arteko lankidetza, baita pertsonen arreta eta ongizatea hobetzeko duen eragina ere. Haien esanetan, estrategia honek erakusten du nola maila desberdinen arteko lankidetzak zaintza-ekosistema irisgarriagoak, integratuagoak eta pertsonetan zentratutakoak sor ditzakeen.

Aitorpen honek balorean jarri du Gipuzkoan garatutako eredua, tokiko zaintza-ekosistemak eraikitzeko bidean. Gaur egun, lurraldeko 18 udalerrik jarri dute martxan komunitate-arreta sare hau, eta dagoeneko 1.202 erabiltzaile eta 167 familiari ematen die laguntza zuzena,124 zaintzaileren inplikazio aktiboarekin. Guztira, 240 eragilek hartu dute parte estrategia honen baitan garatutako proiektu desberdinetan.

“Ahalegin kolektiboaren aitortza”

Zainketa eta Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak adierazi du saria erakundeen, gizarte-erakundeen eta komunitateen ahalegin kolektiboari egindako aitortza dela. Gogorarazi du lehen zaintza-ekosistema duela zortzi urte jarri zela martxan Pasaiako esperientzia pilotu baten bidez, eta esperientzia horrek emaitza oso positiboak eman dituela, UPV/EHUk egindako ebaluazioak erakusten duen bezala. Ebaluazio horrek agerian uzten du estrategiak pertsonen ongizate integralean eragiten duela, etxean egoteko aukera baliatzen duela eta mendekotasuna atzeratzen duela.

Peñak nabarmendu du, gainera, sari honek bultzada ematen diola estrategia lurraldean zabaltzen jarraitzeko helburuari; izan ere, laster herrialde gehiago gehituko dira, estrategiarekin zerikusi zuzena duen laguntza-deialdi berriari esker, eta Adinberri-Hariak programari esker, nahi ez den bakardadeari arreta berezia jartzen dion programa.

Komunitatearen bidez zaintzea: koordinazioa eta gertutasuna

Zaintza HerriLab zaintza-eredu berritzailea da, adineko pertsonak zaintzeko, ahulezia, fragilitatea edo mendekotasuna duten egoeretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua, Eusko Jaurlaritzarekin eta Adinberri Fundazioarekin lankidetzan, eredu honek arreta pertsonalizatua eta gertukoa jartzen du erdigunean, gizarte, osasun eta komunitate-zerbitzuen arteko koordinazioa indartuz.

Estrategiak hirugarren sektorearen, hezkuntzaren eta enpresa-sarearen parte-hartzea sustatzen du, eta aldi berean erabiltzaileek eta euren familiek zaintza-planaren eraikuntzan parte aktiboa izatea bultzatzen du. Egindako ikerketen arabera, estrategiak onurak erakutsi ditu arrisku-egoerak prebenitzeko eta goiz detektatzeko, autonomia pertsonala hobetzeko eta auzo-sareak sortzeko.

Era berean, Zaintza HerriLabek garrantzitsuak diren tresnak garatu ditu ereduaren zabalkuntza errazteko, hala nola Datu Sozio-Sanitarioen Plataforma Federatua, eragileen arteko informazio-trukea hobetzen duena, eta Ikaskuntza, Prestakuntza eta Transferentzia Sarea (RAFT), udalerrien arteko ikaskuntza kolektiboa sustatzen duena.

Laugarren aitorpena

Nazioarteko laugarren aitorpen honek Gipuzkoako eredua balioan jartzen du zaintza-politika publikoetan erreferente gisa, eta indartu egiten du lankidetza, gertutasun eta pertsonetan zentratutako ereduaren aldeko apustua, adineko gizartearen erronkei erantzun eraginkorrak eta gizatiarrak ematea bilatzen duena.

  

1956