Breadcrumb

Asset Publisher

Back Europar adituek Pasaialdearen moduko portu-hiri eremuen berroneratzea aztertuko dute Uda Ikastaroetan

Europar adituek Pasaialdearen moduko portu-hiri eremuen berroneratzea aztertuko dute Uda Ikastaroetan

Lurralde Mugikortasun eta Antolaketa Departamentuak antolatu du hilak 12 eta 13an eta, besteak beste, Dublin, Kopenhage, Kadiz eta Aviléseko egitasmoak aztertuko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, Marisol Garmendia sozialistak zuzenduta, ikastaro bat antolatu du UPV/EHU Uda Ikastaroetan kokatuta, ondorengo izenburuaz: “Gipuzkoaren hiri berroneratzea”. Hirugarren urtez jarraian, hiri eremuen berroneratzea aztertuko du eta, zehazki, portu eremuak, departamentu hori inplikatuta baitago Pasaia integralki berroneratzen.

Ikastaroa hurrengo astean egingo da, irailaren 12 eta 13an zehazki, Miramar Jauregian, eta saiatuko dira, Marisol Garmendia diputatuak adierazi duenez, “portu-hiri erlazioa eta haren berroneratzea ikuspegi bikoitz batez” aztertzen. Alde batetik, Europako esparrua kontuan hartuz, Pasaiako berroneratze integralaren antzeko proiektuak eskala desberdinetan arrakastaz egin dituzten nazioarteko eta estatuko esperientziak ezagutuko dituzte. Bukatzeko, guztion artean, erakunde eta herritarren artean, hiri garapen orekatu eta iraunkorra lortzeko elkarrekin nola lan egin aztertuko dute”.

Ikastaroak nazioarteko eta estatuko gaiari buruzko askotariko adituak bilduko ditu, adibidez, Dick Gleeson, Dublingo hirigintzako arkitektoa, Andoni Hildalgo, Itsas Portuen Europako Erakundeko Idazkaritzaren  ordezkaria, Europako Hiri Agendako aditua, eta Arantza Leturiondo, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuordea, Euskal Hiri Agendaren berri azalduko duena. Halaber, Santiago Rodríguez Vea, Aviléseko Portu Agintaritzako presidentea, Rita Justesen, Kopenhageko Portu Agintaritzakoa, arituko dira, eta Ester Higueras, Madrilgo Arkitektura Eskolako irakaslea, Kadiz Portuan egindako jarduketen gainean mintzatuko da.

Toki mailara hurbilduz, Santiago Sánchez Beitia EHUko Arkitektura Eskolako irakasleak Pasaia Portuaren inguruan eraikitako ondarean egindako azterlanen berri emango digu eta, bukatzeko, Roberto Gómez de la Iglesia aditu kontsultariak eta Braulio Gómezek, Deustuko Unibertsitateko CitiesLab katedrakoak, hiria berroneratzeko herritarrek duten inplikazioaz hitz egingo digute. Halaber, unibertsitate arlotik parte-hartzea egongo da eremu hauetan hiria berroneratzeko jarduketetan.

Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak nabarmendu duen bezala, “oso komenigarria eta aberasgarria da Espainiako beste toki batzuetan eta Europan Pasaia portuaren antzeko inguruneetan arrakastaz egindako hiri berroneratzerako proiektu eta esperientzia zehatzak partekatzea. Demak partekatzen ditugu, arazoak, baina baita konponbideak ere, eta horiek proiektu konplexu honekin aurrera egitera bultzatzen gaituzte; izan ere, lan zehatzen bidez fruituak ematen ere hasi da, adibidez, Ondartxo pasealekuaren zabalpena eta Herrera eta Trintxerpe arteko sarbide pasarela”.

Garmendiak gogora ekarri duenez, “hau da Pasaialdeari eta portu-hiriak bat egiten duten guneetako antzeko hiri berroneratze prozesuei buruzko hirugarren ikastaroa, eta prozesu horiez hitz egin diguten hizlari guztiak bat datoz lidergo partekatuek, erakundeen arteko adostasunek eta inbertsio publikoak zein pribatuak eta herritarren partaidetzak zein erantzukizun bateratuak duten garrantzia aipatzean. Izan ere, horretan guztian ari gara lanean Pasaian: Foru Aldundia ari da proiektuaren lidergoa hartzen gainerako erakundeekin batera; jarduketak amaitzen, adibidez, Ondartxo pasealekua berroneratzen; inguruneko udalen eta gainerako erakundeen arteko adostasunaz lan egiten. Pasaialdea, Gipuzkoako ingurune degradatuenetako bat, integralki birgaitzeko egitasmo anbiziotsu hau bitartekoa ederra izango da hiri-inguruneak berreskuratzen, ekonomia hazten eta Pasaialdean bizi diren 100.000 pertsona baino gehiagoren enplegua sortzen zein gizarte ongizatea hobetzen laguntzeko”.

Ikastaroa doakoa da, eta izen emateko epea irekita dago oraindik. Jardunaldi hauek hirigintzako aditu, arkitekto, teknikari eta, oro har, hiri espazioak berroneratzeko prozesuetan interesa duten herritarrei irekita daude.

  

1551