Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ez dezagun janaria alferrik galdu! Iraurgitik plazara eta plazatik platerera

Ez dezagun janaria alferrik galdu! Iraurgitik plazara eta plazatik platerera

Elikagaien xahuketa saihesteko asmoz, "Zero Zabor Hozkailua" proiektuaren barruan, hozkailu bat jarri da Azpeitiko herriko plazan, Iraurgi Ikastetxeko eskola jantokian zerbitzatu ez diren elikagaiak uzteko.

2021/11/16

Elikagai horiek dohainik izango ditu eskura behar duen edonork.

José Ignacio Asensio: "Elikagaiak alferrik ez galtzeak inpaktu handia du ingurumenean, emisioak murriztu egiten direlako, eta, gainera, betebehar sozial bat da. Proiektu horrek klima aldaketaren estrategian aurrera egiten lagunduko dio Gipuzkoari eta, halaber, gure lurraldea ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik lurralde jasangarriagoa izaten”.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok, Iraurgi ikastetxeko zuzendari Aitor Cordobak, Azpeitiko Udaleko hirugarren alkarteorde eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Leire Goenagak eta Azpeitiko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Aitor Bereziartuak, gaur arratsaldean, «Zero Zabor Hozkailua» izeneko proiektua aurkeztu dute Azpeitiko Iraurgi ikastetxean. Proiektu honen helburu nagusia da elikagaien xahuketa saihestea ikastetxean, betiere hondakinak gutxitzeko, ingurumena zaintzeko, eta zerbitzatu gabe geratu den janaria edonoren eskura dohainik jartzeko asmoz. Era berean, sukaldea duten beste toki erakunde batzuk ere gonbidatzen ditugu parte hartzera, beren sukaldeetan zerbitzatu ez den janaria alferrik galdu ez dadin.

Elikagaien xahuketa saihesteko, Azpeitiko herriko plazan hozkailu bat jarri da, eta bertan utziko dira Iraurgi ikastetxearen jantokian zerbitzatu ez diren elikagaiak. Elikagai horiek kontsumitzeko segurtasun neurri guztiak beteko dituzte, behar bezala ontziratuta, zigilatuta eta hoztuta egongo baitira.

Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek, irakasleek eta Iraurgiko jantokiko langileek izango dute proiektu hori gauzatzeko ardura. Astelehenetik ostiralera, arratsaldez, 16:30etik 16:45era, 3 edo 4 ikaslez osatutako talde bat, arduradun batekin, jantokira joango da eta jantokian zerbitzatu ez diren elikagaiak ontziratu, zigilatu eta hoztuko dituzte, ondoren etiketatu eta plazako makinara eramateko.

Proiektu hori bultzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin du. Horri dagokionez, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, elikagaien xahuketa saihesteak eragin handia du ingurumenean, emisioak murrizten direlako  eta, gainera, betebehar sozial bat da. Proiektu horrek klima aldaketaren estrategian aurrera egiten lagunduko dio Gipuzkoari eta, halaber, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik lurralde jasangarriagoa izaten».

Bestalde, Iraurgi ikastetxeko zuzendari Aitor Cordobak adierazi duenez, «gure ikastetxean, aspalditik egiten ari garen gizarte-eraldaketako lanarekin jarraituz, abian jarri dugu proiektu hau, arlo desberdinak uztartzen dituena: gizarte inklusioa, hezkuntza-balioak, lankidetza, boluntariotza, ingurumenaren babesa, hondakinen murrizketa eta elikagaien berrerabilpena; horrela, argi eta garbi erakusten dugu NBEren Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin dugun konpromisoa».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 2017an egindako elikagaien xahuketari buruzko diagnostikoaren arabera, 123.000 tona elikagai xahutu ziren Gipuzkoan ( % 23 hondakinak eta % 77 alferrik galdutakoak), hau da, 90 kg elikagai alferrik galdu ziren pertsona bakoitzeko. Arazo horrek herrialde garatu guztiei eragiten die eta, munduko biztanleriaren proportzio handi baten kontsumoa oraindik ere nahikoa ez denean haien oinarrizko premiak asetzeko, alferrik galtzen da munduan ekoitzitako elikagaien heren bat, Elikadurarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera. Horren aurrean, Garapen Jasangarriaren 2030erako helburuen artean dago erdira murriztea biztanle bakoitzeko elikagaien xahuketa. Gai horri dagokionez, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak hau azaldu du: «gure lurraldea ez dago erronka horretatik kanpo, eta ekonomia zirkularraren eta hondakinen hierarkiaren ildotik, gure departamentua lanean ari da elikagaien xahuketa prebenitzeko».

  

1602