Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundia datorren udan hasiko da Abaltzisketan 10 etxebizitza eraikitzen

Foru Aldundia datorren udan hasiko da Abaltzisketan 10 etxebizitza eraikitzen

Foru erakundeak atzo aurkeztu zien udalerriko bizilagunei jabetza-erregimenean eskainiko den eta Etorlur sozietate publikoaren bidez garatuko den sustapena

2025/12/17
Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiak Abaltzisketako bizilagunei Azpikoetxen babes publikoko 10 etxebizitza tasatu eraikitzeko proiektua aurkeztu zien atzo. Etxebizitza horiek jabetza-erregimenean eskainiko dira. Etxebizitzen sustapena Etorlur sozietate publikoaren bidez egingo da.

Eraikuntza lanak datorren udan hasiko dira, etxebizitzak tasatutzat jotzen dituen eta esleipen, tamaina eta prezio orientagarriaren deialdia arautzen duen udal ordenantza onartu eta udalaren eta Etorlur sozietate publikoaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu ondoren.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatearekin eta Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendari nagusiarekin batera, atzo arratsaldean udalerrian egin zen proiektuaren aurkezpen publikoan parte hartu zuen. Diputatuaren hitzetan, “ekimen hau aurkeztu eta lan horien hasiera iragartzea mugarri handia da Aldundiarentzat, beste urrats sendo bat baita landa eremuen despopulazioa eta etxebizitza eskuratzea bezalako erronkei erantzun sendoak eta proaktiboak emateko dugun konpromisoan”.

Abaltzisketako alkate den Jon Zubizarretak positiboki baloratu du ekimena “urtetako eskaera da herri honetan gazteentzako etxebizitza beharra dagoela, eta, gainera, oso barneratuta daukagu etxe horiek jabetzan izatea nahi dugula. Hori posible egiteko, elkarlanean aritu gara urteotan Aldundiarekin eta Etorlurrekin, herri txikietan etxebizitza sustatzeko proiektuan. Lankidetza horri esker, gaur posible dugu etxebizitza-promozio hau aurkeztea; ilusioa pizten duen eta gure eskaera argi bati erantzuten dion proiektua da. Izan ere, etorkizunari begira, bertako seme-alabek herrian bertan bere bizi proiektuak aurrera eramateko etxebizitzak behar dituzte, eta bide horretan argia ikusten ari gara”.

Eusko Legebiltzarrak joan den astean Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea onartu eta egun gutxira aurkeztu da etxebizitzen sustapen hau. Lurralde Oreka Berdeko foru diputatu Xabier Arrutik adierazi duenez, “lege hau egitea planteatu zenetik, Aldundiak berretsi du udalerri txikien berezitasunak jaso behar zituela; izan ere, eremu horietan etxebizitza garatzeko interesa duten sustatzaile pribaturik ez dagoenez, orain arte babesgabetasun-egoeran egon dira, arlo horretako araudiek salmentara bideratutako sustapen publikoak bultzatzea eragozten baitzuten”.

Arrutik gaineratu duenez, “lege honetan 3.000 biztanletik beherako udalerrietan saltzeko etxebizitza publikoen sustapenak egitea ahalbidetzen duen atal bat sartzeak beharrezko segurtasun juridikoa ematen digu udalerri horietako bizilagun askok helarazitako beharrei erantzuteko, despopulazioa saihesteko eta herri horiek biziberritzeko”.

Abaltzisketan aurreikusitako etxebizitzez gain, beste bost udalerri txikitan jabetza-erregimeneko etxebizitza publikoak sustatzeko antzeko proiektuak garatzea aurreikusten du aldundiak. Guztira 46 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, honela banatuta: Beizama (4), Bidania-Goiatz (8), Gaztelu (4), Altzo (12) eta Alkiza (8).

Beizamaren kasuan, dagoeneko sinatu dira udal ordenantza eta Etorlur eta udalaren arteko lankidetza akordioa. Proiektuaren aurkezpen publikoa datorren martxoan egitea aurreikusten da, eta lanak 2026aren amaieran hastea espero da.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundia harremanetan dago beste udalerri batzuekin -Leintz-Gatzaga, Orendain, Larraul, Zerain, Errezil, Albiztur, Orexa, Gaintza, Mutiloa eta Belauntza, Itsasondo-, horietan ere jabetza-erregimenean eskain daitekeen etxebizitza publikoa sustatzeko.

Landa ingurunea biziberritzearen erronka

Gipuzkoako Foru Aldundiak etxebizitza publikoa garatzeko ekimena Foru Erakundeak 2023an egindako diagnostikotik sortu da, non ondorioztatzen zen azken urteetan landa inguruneko biztanleriak izan duen jaitsiera neurri handi batean etxebizitza berrien sustapen faltarekin lotuta dagoela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlur sozietatearen bidez, landa udalerrien bizi kalitatea hobetzen aurrera egitea eta euskal landa eremuaren lurralde antolamendu orekatua eta jasangarria lortzea du helburu, despopulazioa eta landa abandonua prebenituz.

Ildo horretan, proiektu horiek “Gipuzkoako landa udalerrietan etxebizitzak sustatzea, gutxiegi erabilitako higiezinetan edo hiri-orubeetan egindako jarduketen bidez 2024-2031” ekimenaren barruan sartzen dira. Ekimen honen helburuak honako hauek dira: landa udalerrien despopulazioa geldiaraztea; landa etxebizitzak duintzea, eremu horietan eskuragarri dauden etxebizitzen kalitatea eta baldintzak hobetuz; etxebizitza duinak eta irisgarriak sustatzea arrazoizko prezioko etxebizitzak eskainiz; kontrolik gabeko hirigintza hedapena saihestea, lurzoru urbanizagarri berria okupatu beharrean lehendik dauden eraikinak birgaitzearen alde eginez; landa guneen berroneratzea sustatzea, gutxiegi erabiltzen diren eraikinetan jardunez landa guneak biziberritzeko; udalerriak lotarako herri bihurtzea prebenitzea, landa-guneetako biztanleen arteko kohesioa eta gizarte-harremanak hobetuz.

  

2265