Foru Aldundiak 86 lanpostuko lan eskaintza publikoa egin du, foru plantillaren berrikuntzan aurrera pausuak egiteko
Foru Aldundiak 86 lanpostuko lan eskaintza publikoa egin du, foru plantillaren berrikuntzan aurrera pausuak egiteko
Foru Aldundiak 86 lanpostuko lan eskaintza publikoa egin du, foru plantillaren berrikuntzan aurrera pausuak egiteko
Hautaketa-prozesuak gehienez ere hiru urteko epean argitaratuko dira, foru bozeramaileak aurreratu duenez.

Gobernu Kontseiluak 2025eko lan eskaintza publikoa onartu du, foru plantillako kidego eta eskala desberdinetan 86 plaza biltzen dituena. Erabaki horrekin, Aldundiak bere zerbitzuak eta langile taldea indartu nahi ditu. Eskaintzak ezartzen du hautaketa-prozesuetako deialdiak gehienez ere hiru urteko epean argitaratu beharko direla, EPEa onartzen denetik zenbatzen hasita.
Horrela, langile berriak era progresiboan sartzeko esparrua finkatzen da, plantillaren belaunaldi-erreleboa eta enplegu publikoaren finkapena bultzatuz, hori baita, Irune Berasaluze bozeramailearen hitzetan, "foru erakundeak gaur egun aurre egin beharreko erronka handienetako bat, lanpostuen berrikuntza planifikatua eta langile berrien sarrera bermatzen delarik". Berasaluzek adierazi duenez, “foru-erakundea ziklo historikoaren aldaketa batean murgilduta dago”, eta aldaketa hori “80ko hamarkadan erakundeetan sartu eta abian jarri zituzten langileen erretiroek” markatuko dute. "15 urteko epean, plantillaren ia erdiak, 1.000 pertsona inguruk, funtzionario zein kontratatu, erretiroa hartuko du", zehaztu du.
Hurrengo eskaintzan sartuko diren lanpostuen xehetasunei dagokienez, honako hauek dira sarbide orokorreko lanpostuak: 4 psikologo (2 plaza desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatuta), ingeniari agronomo 1, gizarte-langile 1 (desgaitasunen bat dutenentzat erreserbatuta), 2 delineatzaile (1 desgaitasunen bat dutenentzat), Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko mantentze-lanetako arduradun 1, laborategiko teknikari laguntzaileen 2 plaza (1 desgaitasunen bat dutenentzat), instalazioetako teknikari laguntzaile 1, 6 zerga-agente, jantokia garbitzeko 6 langile, ingurumeneko 3 langile, 4 sukaldari laguntzaile, 52 suhiltzaile.
Era berean, barne sustapeneko hiru lanpostutarako deialdia egingo da: ekonomialari bat (desgaitasunerako erreserbatua), Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko mantentze lanetako arduradun 1 eta ingurumen langile 1.
Irungo Arbes-Oinaurre lotune osoaren proiektua
Gobernu Kontseiluak, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren arteko hitzarmena onartu du, AP-8 autobidean Arbes-Oinaurre lotune osoa egiteko eta Irunekin lotzeko proiektua idazteko. Horrela, lotunea osatzeko, beste lotune erdi bat egingo da AP-8an, Arbes parean. Bertan, Behobiatik eta Behobiarantz egingo diren mugimenduak jasoko dira, eta Oñaurreko lotune erdiarekin lotuko da 2,1 kilometroko bide baten bidez, horrela lotura oso bat osatuz. Aldi berean, hainbat konexioren bidez herrigunera sartzeko aukera emango du.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “akordio hau beste urrats bat da Irunen oso beharrezkoa eta erreklamatua den konponbide bat gauzatzeko bidean. Irungo eta inguruko konexioak, mugikortasuna eta trafikoa hobetzeko jarduketa-plan global baten parte da proiektu hau, trafiko intentsitate handia duen gure herrialdeko puntu neuralgikoetako batean eragin nahi duena”. “Foru Gobernuak dagoeneko onartuta, hitzarmena Irungo Udalak bere aldetik onartu bezain laster sinatuko da, eta laster izatea espero dugu, aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Aurreikuspenen arabera, proiektua 2026an idatzi ahal izango da ”, gaineratu du bozeramaileak.
Berasaluzeren hitzetan, “lotura osoak hiriko mugikortasunean hobekuntza nabarmenak egiteko bidea irekiko du, trafikoaren antolaketa erraztuko du eta erantzun egokiagoa emango die mugarako eta Nafarroarako joan-etorriei”. Bozeramaileak gogorarazi duenez, “proiektu hau Bidasoaldeko mugikortasuna hobetzeko bide azpiegituretako jarduketa plan integralean jasotako irtenbide nagusietako bat da, gutxi gorabehera 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duena, Aldundiaren eta Irun eta Hondarribiko udalen arteko lankidetzari esker”. Lotune osoaz gain, planak N-638 eta GI-636 errepideetatik Hondarribirako eta Irunerako sarbideak hobetzea eta lotzea aurreikusten du, baita Amute eta Mendelu auzoetan jarduera espezifikoak egitea eta Plaiaundiko eta Azken Portuko sarbideak eta trafikoaren banaketa hobetzea ere. “Azpiegitura eta hobekuntza berriek mugikortasuna eta konexioak modu ordenatuagoan eta irisgarriagoan garatzen lagunduko dute eskualde osoan. Amute, Azken Portu eta Amutalderen kasuan, proiektuak idazten amaitzen ari dira, 2026an ere hurrengo urratsak eman ahal izateko.”
Ibilgailu kamikaze-en aurkako sistema N-I-ean
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio beste akordio bati, kasu honetan SCALE proiektu europarra garatzeko osatu den partzuergoari dagokiona, Europako errepideetan garraio adimenduneko sistema kooperatiboen (C-ITS) zerbitzuak hedatzeko. Partzuergoa 68 parte-hartzailek osatzen dute, aditu akademikoen, industria-bazkideen eta errepide-sareen kudeatzaileen artean, eta Europar Batasunaren Mugikortasun Jasangarriaren eta Adimendunaren Estrategiaren barruan kokatzen da. SCALEk aurreikusten du lau pilotu martxan jartzea Europan — Italia, Austria, Frantzia eta Espainiako Estatua — eta Gipuzkoa estatuko pilotuaren parte da.
Proiektuak aurreikusten du gure lurraldean 50 C-ITS baliza berri instalatzea N-I eta A-15 errepideetan; eta horri N-I errepidean kontrako noranzkoan ibilgailuak detektatzeko sistema bat gehituko zaien, zabalduko den balizen sare adimendun hori baliatuko duena. Idiazabal eta Lasarte-Oria arteko korridorean zehar estrategikoki banatutako 15 sistemek osatuko dute auto kamikazeen aurkako sarea.
Sistemaren gailuek 3D radar kamerak, adimen artifizialeko sistemak eta ibilgailuak eta matrikulak ezagutzeko sistemak dituzte. Gainera, bide-kontroleko zentroekin eta alertako informazio-panelekin integratzen dira. Horri esker, sistemak gaitutako ibilgailuekin edo aplikazio mugikorrekin komunika daitezke, eta 112 zerbitzuarekin eta Ertzaintzarekin konektatuta daude, arrisku-egoeren aurrean berehalako erantzun koordinatuak emateko.
Europar Batasunak programa horren % 50 finantzatzen du, eta 80 milioi euroko aurrekontua du guztira. Gipuzkoaren kasuan, Aldundiak 663.500 euro jasoko ditu dagokion zatia gara dezan.
Berasaluzek aurreratu duenez, “proiektu teknikoaren idazketa datozen asteetan amaituko da, eta sistema berri horiek datorren udazkenean instalatu eta martxan jarriko dira”.
Neguko bidezaintza plana
Azkenik, hurrengo egunetako eguraldi iragarpenaren aurrean, foru bozeramaileak gogorarazi du Aldundiak prest duela neguko bide-operatiboa apirilaren 15era arte luzatuko dena, neguko hilabeteetan lurraldeko errepide sare nagusiaren eta bigarren mailakoaren segurtasuna eta mantentze egokia bermatzeko. Berasaluzek azpimarratu duenez, “Neguko Bidezaintza Planaren helburua da Gipuzkoako errepideak ahalik eta baldintza onenetan mantentzea eguraldia zailtzen denean, eta pertsonek jakitea zer egin eta nondik ibili elurra edo izotza dagoenean".
Neguko bidezaintza planak elurra kentzeko 87 kamioi ditu, baldintza meteorologikoen arabera aktibatzeko prest. Gainera, 11.400 tona gatz daude lurraldean estrategikoki kokatutako 39 biltegitan.
Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, edozein kotatan izotzari buruzko abisuak ematen edo 1.000 metrotik behera elurra iragartzen duenean aktibatzen da operatiboa. Abisu horietatik abiatuta, kamioien irteera-txandak antolatzen dira, Ertzaintzarekiko koordinazioa indartzen da eta herritarrei zuzendutako informazioa eguneratzen da.
Gainera, gogorarazi du negu hau izango dela Belabietako tunela egokitzeko lanek markatuko duten azkena, A-15 errepidean birgaituko den azkena. Lan horiek direla eta, eta elurra kentzeko kamioiak desbideratzeetatik ibiltzea ezinezkoa denez, baldintzek hala eskatzen badute, A-15 autobidea erabat itxiko da Berastegiko eta Andoaingo lotuneen artean. Une bakoitzean bide horren egoera zein den jakiteko, “ELURRA A-15 NIEVE” Telegrameko kanal publikoa jarraitzea gomendatzen da, itxieren eta irekieren berri emateko.
Nekazaritza zuzendari berria
Gobernu Kontseiluak Joseba Aranburu, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko Nekazaritza zuzendari izendatzea onartu du. Aranburuk Arantxa Ariztimuño ordezkatuko du, eta honek Mendietako, Natura Ondareko eta Lurralde Orekako zuzendari kargua beteko du.
Joseba Aranburuk eskarmentu handia du nekazaritzan eta merkataritza espezializatuan. Nekazaritzako ingeniari teknikoa da, eta enologian ere badu prestakuntza.
2786