Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak eta Hondarribiko HS2 Surf Centerrek inklusioaren aldeko bigarren Dragon Boata jarri dute martxan

Foru Aldundiak eta Hondarribiko HS2 Surf Centerrek inklusioaren aldeko bigarren Dragon Boata jarri dute martxan

Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, proiektuaren balio inklusiboa nabarmendu du. Azpimarratu duenez, ekimen honek lagundu du beste Gipuzkoa bat eraikitzen, non pertsona guztiek kirola egin, klub bateko kide direla sentitu, kidetza bizi eta bizitza aktiboa izateko eskubidea erabat gauzatu dezaketen.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko HS2 Surf Centerrek lurraldeko Dragon Boat inklusibo berria aurkeztu dute gaur arratsaldean. Ekimena desgaitasun fisikoa eta intelektuala duten pertsonei zuzenduta dago, eta Aldundiak finantzatzen du. Itsasontzia Txinako erritu tradizionalari jarraituz bataiatu dute, osasunaren eta inklusioaren arloko elkarteen (Kemen eta Atzegi, besteak beste) lankidetza duen proiektu batean.

 

Inaugurazio-errituan, ontziak lehen aldiz flotatu du begiak margotu ondoren, dragoia "esnatzen" duen keinu sinbolikoa. "Esnatu" ondoren, itsasontzia uretara sartu dute danborraren erritmoan, HS2 Surf Centerrek 2024an martxan jarri zuen beste Dragon Boat-arekin batera. Irteera palada leun eta motzekin hasi da, eta dragoia "esnatu" ahala areagotu egin dira.

 

HS2 Surf Centerrek azaldu duenez, entrenamendu inklusiboak astearte eta ostegunetarako ezarri dira, eta dagoeneko 12 laguneko lehen talde bat osatu da, datozen asteetan zabaltzeko aurreikuspenarekin. Gainera, bigarren dragon boat honetan parte hartu nahi duen herritar orori ireki zaio ekimena.

 

Dragon Boat-a 2.000 urte baino gehiagoko historia duen asiar jatorriko kirol nautikoa da, edonorentzat eskuragarria dena aurretik esperientziarik izan gabe. Ontziek brankan dragoi-buru bat eta txopan isats bat izan ohi dituzte. 13 metro baino gehiagoko luzera dute, eta 12 eta 22 kide artean har ditzakete, arraunean egiten dutenak danbor baten erritmoan koordinatuta.

 

Ontzi inklusiboa

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honek beste Gipuzkoa bat eraikitzen lagundu du, non pertsona guztiek, euren egungo egoeraz haratago, aukera duten kirola egiteko, klub baten parte sentitzeko eta komunitatearen parte izateko.  Era berean, azpimarratu du Gipuzkoak duen konpromisoa lurralde berdinzaleago, orekatuago eta bidezkoago baten alde, pertsona guztien ongizate integrala zaintzen duena.

 

Peñak, halaber, balioan jarri du HS2-k ekimen positibo eta berritzaileak bultzatzeko egin duen lana, hala nola Dragon Boat ekimena: arrauna oinarri hartu, eta ahaldundu egiten ditu kirola praktikatzen duten pertsonak, eta haien osasuna, aldartea eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduz.

 

Lehen Dragon Boat-a

Gainera, diputatuak gogorarazi du hau dela HS2 Surf Centerrekin lankidetzan bultzatutako bigarren Dragon Boat-a. 2024an, lehen ontzi inklusibo batek lurraldeko minbiziaren aurkako elkarteen – Iñurri, AECC, Katxalin, Asgicer eta Bularreko Minbizi Metastasikoa – eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoaren inplikazioa izan du. Kirol-jarduera hori bereziki onuragarria izan da bularreko minbizia duten emakumeentzat; izan ere, ebakuntza ondoko prozesuak hobetu ditu, bularreko, bizkarreko eta eskapulako muskulatura indartzen baitu. Era berean, Dragon Boat-ak oso eragin positiboa du gaixotasunari lotutako efektuetan, bai maila fisikoan, bai psikologikoan eta sozialean.

  

1685