Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak ‘Gipuzkoa Zainduz’ abiatu du, Gipuzkoako gizarte-azpiegiturak hedatzeko tresna berria

Foru Aldundiak ‘Gipuzkoa Zainduz’ abiatu du, Gipuzkoako gizarte-azpiegiturak hedatzeko tresna berria

Foru-sozietate berriak aukera emango du zainketen eta gizarte-babesaren arloan inbertsio estrategikoak egiteko, lankidetza publiko-sozialerako formulak bultzatuz, betiere lidergo publikoa bermatuz. Mendekotasuna duten adinekoen kopuruak %26 gora egitea aurreikusten da 2030era bitartean, eta ‘Gipuzkoa Zainduz’en helburua da errealitate horri erantzuna ematea. Egungo estaldura bermatzeko, lurraldeak gutxienez 757 egoitza-plaza berri sortzea aurreikusten du data hori baino lehen. Aldundiaren hasierako ekarpena 51 milioi eurokoa izango da, eta horri esker, eta sei sozietate misto eratzearekin batera, 100 milioi euro inguruko inbertsio osoa izango da 2025 eta 2029 bitartean. Epe motzean sozietate mistoak eratzeko lehen deialdiak egingo dira bizitegi-estaldura txikiena duten sei eskualdetan: Buruntzaldean, Debabarrenan, Oarsoaldean, Tolosaldean, Urola Garaian eta Urola Kostan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats erabakigarria eman du zainketa-sistema indartzeko konpromisoan ‘Gipuzkoa Zainduz’-en sorrerarekin. Sozietate hori lurraldean gizarte-baliabideen eta azpiegituren eraikuntza eta egokitzapena sustatzeko foru-gobernuaren tresna izango da. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Jose Ignacio Asensio diputatu nagusi ordeak aurkeztu dute ekimena.

Era berean, ‘Gipuzkoa Zainduz’ tresna berria eta haren irismena eta gaitasunak lurraldeko irabazi asmorik gabeko hirugarren sektore sozialari aurkeztu zaizkio; 30 erakunde inguruk hartu dute parte hitzorduan.

Kontseiluak abian jarri duen tresna berria foru-gobernuaren 2024-2027 Plan Estrategikoan eta 2024-2030 Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusitako inbertsio estrategikoen gauzatzea bizkortzeko borondatetik sortu da. Plan horren arabera, mendekotasun-egoeran dauden adinekoak %26 gehiago izango dira hemendik 2030era bitartean. Mapa horren arabera, Gipuzkoak 757 egoitza-plaza berri garbi beharko ditu hamarkada amaitu baino lehen, egungo estaldurari eusteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren “ardura eta konpromisoa” da, Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, “gaur eta bihar, zaintza beharra duen pertsona orok bermatua izatea kalitatezko zaintza, pertsonalizatua eta komunitateari irekia”. “Gizartea abiadura bizian zahartzen ari den horretan, helburu hori gauzatzeko erabaki ausartak hartu behar ditugu, tresna berritzaileak aktibatzeko. Hori da ‘Gipuzkoa Zainduz’, tresna eraginkorra eta partekatua, gaurko eta biharko zaintza beharrei elkarlanetik erantzun ahal izateko”, sakondu du Mendozak.

Diputatu nagusiaren iritziz, erakundeen eta irabazi asmorik gabeko hirugarren sektore sozialaren arteko “lankidetza” da Gipuzkoako gizarte babeseko ereduaren “indargune nagusietako bat, nagusiena ez bada”. Gaineratu duenez, Gipuzkoa Zainduz eredu horretan oinarritzen da eta “ezaugarri hori indartzeko balioko du”. “Etorkizuneko gizarte beharrei erantzuteko garaian, aurrerakoiak izango ginela esan genuen eta hitza betetzen ari gara. Antizipazioa, berrikuntza eta elkarlana, gaur eta bihar pertzona guztien ongizate integrala zaintzeko”, azpimarratu du.

Jose Ignacio Asensioren esanetan, “hasieratik azpimarratu dugu pertsonen zaintza dela Aldundiaren konpromiso nagusia, eta akordio honek politika hori berresten du. Horregatik, bultzada berri bat eman behar diegu gizarte politikei eta zainketen eredu berri baterako trantsizioa egin”.

‘Gipuzkoa Zainduz’, gardentasunean eta gainbegiratze publikoan oinarrituta dago, eta gizarte zerbitzuen mapa osatuko du egun bizi dugun gizartearen zahartzearen testuinguruan. Hala, gaineratu du: “egoitza batera sartzeko itxarote-denbora murriztu behar dugu, eta eraikuntza prozesua bizkortu”.

Eraldatzeko bokazioa duen tresna publikoa

‘Gipuzkoa Zainduz’ sozietatea %100 forala izango da, eta Aldundia izango da bazkide bakarra. Foru gobernuari atxikita egongo da, eta Batzar Nagusiaren funtzioak beteko ditu eta Administrazio Kontseilua izendatuko du. Tresna inbertitzaile eta operatibo gisa ulertzen da, kapital soziala eta komunitarioa erakartzeko gai dena, bai eta sozietate mistoak sustatzeko ere, batez ere Hirugarren Sektore Sozialeko irabazi-asmorik gabeko erakundeekin, egoitza-zentroak eta bestelako ekipamendu sozialak eraikitzeko.

Aldundiaren hasierako ekarpena 51 milioi eurokoa izango da (10 milioi euroko kapital soziala eta 41 milioi euroko jaulkipen-prima), eta horri esker, inbertsio osoko 100 milioi euro inguru mobilizatu ahal izango dira 2025 eta 2029 bitartean, sei sozietate misto eratuz.

Zainketa-eredu berrirako trantsizioa laguntzeko tresna

‘Gipuzkoa Zainduz’ zaintzaren arloan lurraldea egiten ari den eraldaketa-prozesuaren parte da, eredu gizatiarrago eta hurbilago baterantz aurrera egiteko. Eredu horrek arreta tradizionalaren ordez zaintza eredu pertsonalizatuagoa du helburu, ingurunearekin lotura zuzena duena eta pertsona bakoitzaren autonomian eta bizipenetan oinarrituta dagoena.

Ildo horretan, foru tresna berriak ikuspegi horretara egokitutako azpiegiturak sortzea erraztuko du, ingurune pertsonalizatuagoak sustatuz: unitate txikiak, banakako gelak eta elkarbizitza eta egunerokotasuna errazteko diseinatutako espazio partekatuak.

Horrekin, ‘Gipuzkoa Zainduz’ek, arreta-premien gorakadari erantzuteaz gain, hurbiltasunean, erantzunkidetasunean eta arlo publikoaren eta lurraldeko gizarte-ehunaren arteko lankidetzan oinarritutako zaintza-sistema bat finkatzea ere ahalbidetuko du.

Lankidetza irabazi-asmorik gabeko Hirugarren Sektore Sozialarekin

Ereduak irabazi asmorik gabeko Hirugarren Sektore Sozialaren partaidetza sendotzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen gobernantza kolaboratiboaren ildoa indartzen du. Gizarte-zerbitzuak kudeatzen esperientzia egiaztatua duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek parte hartu ahal izango dute deialdietan.

Eredu honek inbertitutako euro publiko bakoitzaren eragina biderkatzea da helburua, erantzukizun instituzionala eta Gipuzkoako ehun sozialaren indar eraldatzailea eta esperientzia konbinatuz.

Datozen hilabeteetan, egoitza-estaldura txikiena duten eskualdeetan sozietate mistoak eratzeko lehen deialdiak onartuko dira, hala nola Buruntzaldean, Debabarrenan, Oarsoaldean, Tolosaldean, Urola Garaian eta Urola Kostan.

Epe luzeko konpromisoa

Urrats honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du zainketa-sistemaren etorkizunarekin eta pertsonak bere politika publikoen erdigunean jartzen dituen Gipuzkoarekin duen konpromisoa. Eraldaketa demografikoak kudeaketa publikoan ere berrikuntza eskatzen du, eta ‘Gipuzkoa Zainduz’ erronka horri erantzuteko sortu da, hain zuzen ere: helburu komun baten zerbitzura egongo den tresna, behar duten pertsona guztientzako arreta duina, hurbila eta iraunkorra bermatzea.

  

2979