Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak Ixpillako ur gezako aintzira babesteko lanak egingo ditu

Foru Aldundiak Ixpillako ur gezako aintzira babesteko lanak egingo ditu

Aintzira Zarauzko Inurritzako babes bereziko eremu batean dago. Hegazti askorentzat atseden, elikadura eta ugalketa gune da. Aldundiak eremua klima aldaketaren eraginetatik babesteko lanak egiten hasiko da.

2025/11/21
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunetan ekingo die Iñurritzako (Zarautz) Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dagoen Ixpillako aintzira mantentzeko eta egokitzeko lanei. Zonalde horretan dagoen ur gezako gune bakarra da, eta funtsezkoa da hegazti migratzaileek eta bertan negua igarotzen duten beste espezie batzuek atseden hartzeko, ugaltzeko eta elikatzeko. Azken urteotan, klima aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoerak eta ekaitz handiagoen maiztasunak zonalde honen egonkortasuna arriskuan jarri dute tarteka ur gazia sartzen hasi delarik.

Lanak bi hilabeteko epean egitea aurreikusten da, eta helburu hauek dituzte: erregimen hidrologikoa bermatzea, aintziraren funtzionaltasuna hobetzea, haren azalera ahalik eta gehien handitzea, habitatak eta fauna eta flora populazioak modu aktiboan kontserbatzea eta babestea sisteman. Era berean, proiektuaren barruan hegazti populazioen jarraipena egiten jarraitzea aurreikusten da, aintziraren erabilera eta honek duen eragina hegazti hauen erresilentzia hobetzerakoan.

Horretarako, aintziraren babesa indartzea aurreikusten da, 2009an birprofilatutako lubeta harritsu zahar bat ordeztuz, egun dagoena itsasoko uraren sarrera saihesteko nahikoa ez baita. Egitura inguruko paisaiarekin integratuko da, eta, horri esker, padurak eta duna-landaredia lehengoratzeko espazio berriak sortu ahal izango dira. Era berean, hezegunearen azalera handitzea aurreikusten da, zonan metatutako sedimentuarekin, eta egokitu egingo da, ur libreen eremuak eta landaredi baskular azaleratua dutenak birbanatuz. Azkenik, landaredi-tratamenduak egingo dira, inguruko landarediaren egokitzapena eta oreka bermatzeko.

Lanak “Egokitu babesleku klimatikoak biodibertsitaterako” (“PIMA Adapta Refugios Climáticos para la Biodiversidad”)programaren barruan sartzen dira. Proiektu konkretu honetara 82.942 euro bideratuko dira.

Ixpillako aintzira, espezie askoren babesleku

2020-2023 bitartean egindako behaketen arabera, hamar espezie habiagile identifikatu dira Inurrritzan, horietatik hiru Euskal Espezie Mehatxatuen Katalogoan “bakanatzat” jotzen dira, eta bat —txirritxo txikia—“kaltebera” gisa dago sailkatuta. Espainiako katalogoan babes bereziko erregimenean dauden zazpi espezie ere identifikatu dira. Ixpillako aintzira babeslekua da hauetako askorentzat.

Gainera, guneak potentziala du beste espezie urtar batzuk bertan ugaltzeko, hala nola, amiltxori arrunta, ia urtero ageri dena bertan, eta lertxuntxo txikia.

Neguan eta migrazio garaian espezie ugari ikus daitezke inguruetan, besteak beste, mokozabala, kuliska txikia, koartza hauskara eta txirri arrunta.

  

1924