Foru Aldundiak nazioarteko lehen mailako adituen ekarpenekin indartu du Etorkizuna Eraikiz programa
Foru Aldundiak nazioarteko lehen mailako adituen ekarpenekin indartu du Etorkizuna Eraikiz programa
Foru erakundeak lankidetza hitzarmena itxi du Toronto CivicAction Alliance-kin, bere esperientziarekin elkarlaneko gobernantza eredua sendotzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kanadako Greater Toronto CivicAction Alliance-k lankidetza hitzarmena itxi dute gaur, erakunde honen ekarpenekin Etorkizuna Eraikiz programa indartu eta bere esperientziarekin elkarlaneko gobernantza ereduan sakontzeko. “Bi erakundeok oso inplikatuta gaude elkarlaneko gobernantza eredua sendotzen, eta lidergo zibila eta pentsamendu estrategikoa arrakastarako gako direla pentsatzen dugu ekonomia lehiakortasuna, garapen jasangarria eta gizarte ongizatea bermatu eta sustatzeko”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak.
Akordioa diputatu nagusiak berak eta Rod Phillips, Toronto CivicAction Alliance-ko presidenteak, sinatu dute. Phillips Donostian da egunotan, Aldundiak eta EHUk gobernantza eredu honen inguruan hausnartzeko antolatu duten Gobernantza elkarlanekoa eta irekia uda ikastaroan parte hartzen (atzo eskaini zuen bere hitzaldia). Kurtsoak gaur burutu du bere bigarren eta azken eguna, 150 lagunetik gora erakarrita, Estatuko eta nazioarteko adituek aipatutako eredu honen inguruan dituzten ikuspegien berri izateko.
Sinatutako hitzarmenak bi erakundeek dituzten helburu partekatuetan jartzen du azpimarra. Elkarlaneko gobernantza eredua indartzea da xede nagusia, eta horretarako beharrezko ikusten dute gobernu, enpresa eta hirugarren sektoreko arduradun eta liderren parte hartzea. “Norabide berean goaz, eta akordio honekin bi aldeok irabazten dugu: komunikazio bideak ireki, esperientziak partekatu eta elkarrengandik asko ikasi dezakegu”, adierazi du Olanok.
Toronto CivicAction Alliance-k hamabost urte baino gehiago daramatza elkarlaneko gobernantza eredua praktikara eramaten, gizarte zibileko liderren parte hartzea sustatzen eta gizarte antolatua Kanadako eskualde honek dituen erronka estrategikoetan inplikatzen. Erakundeak era arrakastatsuan jarri ditu martxan lankidetza publiko-pribatuko bideak, Greater Toronto-ren ongizateari ekarpena egin diotenak.
Foru Aldundiak eta Toronto CivicAction Alliance-k adostutako dokumentuak jasotzen duenez, bi erakundeek partekatzen dituzten helburu horiek lortzeko informazio eta esperientzia trukaketa abiatuko dute, eta aldikako topaketen egutegia zehaztuko da. Gainera, elkarlan bideak irekiko dira elkarlaneko gobernantzaren diseinua eta ezarpena bultzatzeko sistema amankomunak martxan jartzeko, eta baita gizarte antolatuarekin ikuspegi estrategiko partekatua eraikitzeko lankidetzarako ere. Gipuzkoak eta Torontoko elkarteak “irtenbide partekatuak” ere garatuko dituzte, bakoitzak berean dituen erronka estrategiko amankomunei aurre egiteko. Berrikuntza eta eredu honen hedapena sustatzea dira akordioaren azken bi puntuak.
Diputatu nagusiaren ustetan, lankidetza bide honek Etorkizuna Eraikiz programa indartu eta aberastuko du. Aldundiak bultzatzen duen ekimen honek jomuga jakina du: Gipuzkoak epe ertain eta luzera dituen erronkak identifikatu eta erantzunak adostea, gizartearekin elkarlanean. Bi zutabe nagusiren inguruan antolatzen da. Alde batetik, Gipuzkoa Lab, esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena. Bestetik, Gipuzkoa Taldean, hausnarketa partekatua gizarte antolatuarekin lurraldeak datozen harmar urtetan martxan jarri behar dituen egitasmoen inguruan. Hauen ondoan zeharkako beste hiru dinamika: mundu akademikoa aktibatzea xede duen Ikergune, nazioartekotze sarea eta gizarteratze prozesua.
Udako ikastaroa
Bestalde, uda ikastaroaren bigarren egunean, Brookings Institute-ko Darrell West-ek ireki du jardunaldia, eta aurreikuspenen arabera teknologia berriek gobernantzan eta ekonomian izango duten eragina aztertu du. West-ek Euskal Herriaren egoerari ere egin dio aipua: “Oso per capita sarrera maila ona duzue, eta gizarte ezberdintasun indizeak baxuak dira. Ez dago horrelako kaso askorik munduan”, adierazi du, azken hamarkadetan herrigintza arloan egin den lana txalotuz.
Daniel Innerarity filosofoak eta ESADEko Francisco Longok, bere aldetik, gobernantza kontzeptuari buruz hausnartu dute, eta estatu eta gobernuek jokatu beharreko papera aztertu du. Odenseko udaleko Wolmar Bjarke-k Danimarkako hiri honek gobernantza aurreratuan duen esperientzia xehetu du eta, azkenik, Bob Jessop Lancasterreko Unibertsitateko soziologiako irakaslearen hitzaldiak itxi du uda ikastaroaren bigarren eta azken egun hau.
“Bi erakundeok oso inplikatuta gaude elkarlaneko gobernantza eredua sendotzen, eta lidergo zibila eta pentsamendu estrategikoa arrakastarako gako direla pentsatzen dugu ekonomia lehiakortasuna, garapen jasangarria eta gizarte ongizatea bermatu eta sustatzeko”
1779