Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiak partaidetzako prozesuak sustatuko ditu Gipuzkoako 32 udalerritan

Foru Aldundiak partaidetzako prozesuak sustatuko ditu Gipuzkoako 32 udalerritan

Diru laguntza horietarako xedatutako kopurua igo du, eskaera guztiei erantzun ahal izateko

2016/06/16

Gipuzkoako 32 herritan egitekoak diren partaidetzako beste horrenbeste proiekturi emango dizkie diru laguntzak Gipuzkoako Foru Aldundiak.  Hasiera batean 100.000 euro zeuden xedatuta deialdi horretarako, baina aurkeztutako eskaera kopurua ikusirik 125.772,60 eurora igo da aurrekontua, eskari guztiei erantzun ahal izateko. Udalerri bakoitzak proiektu bat aurkez zezakeen, lehentasunak ezarri behar baitziren, eta 39 eskaera jaso ditugu; horietatik 32k Foru Aldundiaren diru laguntza jaso ahal izateko gutxieneko puntuazioa lortu dute (100etik 50).

“Deialdi honen helburua da udalerrietan garatzen diren herritarren partaidetzarako prozesuak sustatzea, esparru publikoaren kudeaketan eta erabakiak hartzeko orduan gizon eta emakumeak berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubidea bermatuz, eta udalek partaidetza hori sustatzeko ahalmena indartuz" azaldu du Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Diru laguntzak herri guztiei zuzenduak daude, dena dela tamaina.  Izan ere, Lasak adierazi duenez, herri txiki eta ertainek ere diru laguntza horiek lortzeko eskubidea bermatzea da deialdiaren xedeetako bat, askotan halako herriek giza baliabide eta bitarteko ekonomiko gutxi izaten baitituzte. Horrela, Foru Aldundiaren diru laguntzaren erdia baino gehiago 10.000 biztanletik beherako herrietara bideratuko da.  “Deialdian 2.000 biztanletik beherako 10 herrik parte hartu dute eta 26.773 euro jasoko dituzte guztira; 2.000 eta 10.000 bitartekoak, berriz, 11 herri izan dira eta 44.000 jasoko dituzte proiektuak gauzatzeko". 10.000 biztanletik gorakoei dagokienez, 11 herrik parte hartu dute eta 55.000 euro jasoko dituzte.

Horrez gain, udalerri txikiei lehentasuna ematen zaie, haientzat finantzaketaren gehieneko ehunekoa % 80koa izango baita; ertainentzat % 70ekoa, eta handientzat % 60koa. Proiektuen tipologiari dagokionez, 14 proiekturen xedea da parte hartzea orokorrean sustatzea, bai udal egituraren bidez (7), plan edo ordenantzen bidez (8) edo aurrekontu parte hartzaileak abian jarrita (12 eskaera, besteak beste, Irun, Usurbil, Legorreta eta Hernanikoak). Gainerakoak (25) herritarren partaidetzaren bidez osatu nahi diren proiektuak dira, hainbat esparrutakoak: Agenda 21, hirigintza planak, ingurumena, hondakinen kudeaketa, hezkuntza, genero berdintasuna, kirola, kultura edo gazteria eta haurrak.

Horrela, Donostian, partaidetza prozesuaren bidez, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren Klima 2050 estrategia zehaztuko da; Eskoriatzan, herritarrek eta eragileek garai bateko Cerrajera lantegia kultur fabrika bihurtzen jardungo dute; Pasaian, haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko plana mamituko da; Elgoibarren, gizarteratzearen alde lan egingo dute mahai baten inguruan, non elkartuko diren Udala, hirugarren sektorea eta gizarte mugimenduak; Beasainen kirolari buruzko diagnosia egingo da euskararen eta genero berdintasunaren ikuspegitik; eta Soraluzen herritarrek ludoteka eta gazte txokoaren zerbitzua definitzen lan egingo dute.

Lasak nabarmendu du prozesu horiek eragin positiboa izango dutela “herritarren bizitza kalitatean, eta ardatz izango dituztela ekimen zehatzak eta interesekoak, zeinak lagungarri izango diren partaidetza lan tresna gisa normalizatzeko eta zabaltzeko, politika publikoak indartu, legitimatu eta eraginkorragoak egiteko orduan; eta, era berean, partaidetzak lotura komunitarioak eta kolektiboak indartzen dituela indibidualismoaren mehatxuaren aurrean”.

Diru laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzen artean, lehentasuna izan dute parte hartzeko aurrez aurreko espazioek eta teknologia berriek; desburokratizazioaren, eraginkortasunaren, irisgarritasunaren, gardentasunaren eta erabakiak hartzeko orduan herritarren inplikazioaren printzipioak sustatzen dituztenek;  prestakuntza, ekintzailetasuna eta udalaren ahalmena indartzen dutenek herritarren partaidetzari dagokionez. “Esparru honetan etengabe ikasten ari gara, eta esperientzia bakoitzak hobetzeko eta akatsak konpontzeko aukera ematen digu" adierazi du Lasak. Halaber, garrantzia handia eman zaio prozesuen alderdi metodologikoari “Oso garrantzitsua da joko arau batzuk izatea, eta konpromisoak argi, frustraziorik egon ez dadin”.

Udalerrien garrantzia

Foru diputatuak udalek duten garrantzia azpimarratu du, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direnez gero. “Hurbiltasun horrek Foru Aldundiaren bazkide iraunkor bihurtzen ditu, Aldundiak herritarrekin harreman irekia finkatzeko, eta parte hartzeko eta komunikatzeko bitarteko berriak ezartzeko xedea duenez gero. Herritarren partaidetzari dagokionez, udalekin lankidetza sendoa izango dugu legealdi guztian zehar”. Ildo horretatik aurki hartuko den neurri garrantzitsu bat izango da herritarren partaidetzarako Udalen Kontseilua sortzea, eta beste udal sare batzuetan txertatzea eta haiekin harremanetan jartzea.

  

1391