Breadcrumb

Asset Publisher

Back Foru Aldundiaren Gabonetako Jaiotza gaurtik aurrera bisitatu ahal izango da

Foru Aldundiaren Gabonetako Jaiotza gaurtik aurrera bisitatu ahal izango da

Urtero legez, Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea arduratu da foru jauregiko sarreran jarri den instalazioa prestatzeaz

2018/12/20

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gabonetako Jaiotza aurkeztu du gaur, urtarrilaren 6a bitarte, eta egunero, gipuzkoar guztiontzat ikusgai egongo dena. Aurkezpenean Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio diputatua den Imanol Lasak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko kideek parte hartu dute ere, haien artean Maria Castillo presidentea. Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea arduratu da aurten ere Gabonetako elementu adierazgarri hau egiteaz, eta elementu bereziak prestatu dituzte foru jauregiko ohorezko sarreran jartzeko.

Ezkion dagoen Igartubeiti baserriaren erreplika da Jaiotza nagusia, Rosa Garmendiak egina, eskuz bere osotasunean. XVI. eta XVII. mendeetan eraikitako eta garatutako baserria da, eta bere kontserbazioagatik, euskal baserriaren Urrezko Aroaren, eta garaiko egurrezko arkitekturaren erakusgarri aparta da. Barruan, sagardoa egiteko tolare handia dauka. Bere jatorriagatik eta kontserbazio egoera onagatik, balio handiko pieza da eta oraindik ere erakustaldiak egiteko erabiltzen da, sagardoaren garaiko ekoizpen prozesua ezagutarazteko. Foru Aldundiaren jabetzapean dago Igartubeiti 1992az geroztik. “Jaiotzarekin, Gipuzkoaren ikurretako bat, eta gure ondare arkitektoniko, kultural eta antropologikoaren harritxibietako bat jartzen dugu balioan”, nabarmendu du Olanok.

Igartubeiti aurrean, Belenzaleen Elkarteak diaporama jarri du kobazuloz beteriko muino batekin, Jaizkibel mendiko eremu batean oinarrituta, eta 2018ko ekainaren 23an, euritea zela-eta, Tailandian koba batean 19 egunez irten ezinda gelditu ziren haurrentzako oroigarri eta omenaldi gisa. Gertaera hark inspiratu zituen Elkarteko tailerreko kideak, eta Hans Lindner egilea, instalazioa egiterakoan. Haitzulo bakoitzean Gabonetako eszena bana irudikatzen da: jaiotza, aingeruaren iragarpena, ostatua eskatzen, errege magoak Belenera bidean, eta bertako artzainen eta herritarren eszena herrikoiak.

Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea 1947an Juan Pérez Cuadradok eta Santiago Carrerok sortu zuten eta elkarte hau arduratu izan da, 1975az geroztik, foru jauregiko sarreran urtero jaiotza egiteaz, joan den legealdiaren salbuespenarekin. Euskadiko lehen elkartea izan zen eta Europako Federazioaren kide ere bada. Egindako lanen kalitatea izan da urte guzti hauetan elkartearen bereizgarria, gure mugen barruan zein kanpoan estimu handian hartutako lanak eginez. Jaiotzaren herritarrentzako bisita ordutegia honakoa izango da: egunero 11:30etatik 13:30etara, eta 17:00etatik 19:30etara, gaurtik hasita eta Errege Egunera arte, urtarrilak 6. Abenduaren 24ean gaueko 20:30ak arte egongo da irekita.

2019ko egutegiaren banaketa

Bestalde, gaurtik aurrera, bere egutegiaren 11.000 ale banatuko ditu Aldundiak doan. Herritarrei irekitako argazkilaritza lehiaketa irabazi duten irudiek osatzen dute egutegia, bigarren urtez. 335 gipuzkoarrek parte hartu dute, guztira, 350 lan aurkeztuz. Etorkizuna Eraikiz Gunean, aurten herritarrontzako zabaldutako politika publikoen laborategian, jaso ahal izango dira, lagun bakoitzeko bi, foru jauregiko beheko solairuan. Espazio berean, lehiaketa irabazi duten argazkiekin erakusketa bat ikusi ahal izango da, lanak ezagutarazteko eta balioan jartzeko. Azala irudikatzen duen argazkia, Alfredo Ruiz Huergarena da.

‘Etorkizuna Modan’ azoka

Leku berean, Etorkizuna Eraikiz Gunean, ‘Etorkizuna Modan’ espazioa zabalduko da Gabonetan zehar. Bertan, Gipuzkoako hainbat sortzailek eta ekintzailek haien proposamenak eta produktuak erakutsi eta salgai jarriko dituzte. Hilaren 22an zabalduko ditu ateak, eta urtarrileren 5era bitarte egongo da irekita, 11:30etatik 19:00etara. Gabonetako azoka honetan, horrelako lanak eskuratu ahal izango dituzte gipuzkoarrek: Aritz Kabe Nocolor Studio-ko artista polifazetikoarenak; Letteren zetazko kimonoak; Bámbola-ren burukoak eta osagarriak; Amarenak-en Kaiku edo Arratiarrak; Testone-ren milazka eraldatuak; edo Telarista Urbana-ko Lucía Sánchezen estanpazio botanikoak
  

1273