Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gautenak eta Foru Aldundiak Deskonektapp aurkeztu dute, doako aplikazioa mugikorraren gehiegizko erabileraz kontzientziatzeko

Gautenak eta Foru Aldundiak Deskonektapp aurkeztu dute, doako aplikazioa mugikorraren gehiegizko erabileraz kontzientziatzeko

Autismoaren Kontzientziazioaren Munduko Egunaren bezperan, eta kanpaina baten barruan, non TEA duten pertsonak protagonista dituen iragarki bat ere egin den

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gautenak, Gipuzkoako Autismo Elkarteak, gaur goizean aurkeztu dute kontzientziazio kanpaina berria, helburu duena autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonak (TEA) ikustaraztea. Eta aldi berean, Deskonektapp ezagutzera ematea, alegia, mugikorraren gehiegizko erabileraz kontzientziatzeko doako aplikazioa, zeinak aukera ematen dion erabiltzaileari kontrolatzeko zenbat denbora pasatzen duen mugikorraren pantailari begira, bere inguruko munduari begiratu beharrean. “TEA duten pertsonen lankidetzarekin diseinatutako lehenengo aplikazioa da, eta mugikorraren gehiegizko erabilerak sortzen duen bakartzeaz kontzientziatzeko balio du“ Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizeko aurkezpenean azpimarratu duenez. Bertan izan dira, halaber, Gautenako presidentea, Juan Cid, eta Gizarte Politikako diputatua, Maite Peña. Kontzientziazio kanpaina hau abian jarri da Autismoaren Kontzientziazioaren Munduko Egunaren aurreko egunetan, datorren igandean, apirilaren 2an, egingo baita egun hori. Preseski, igandean bertan, sentsibilizazio ibilaldia Zarautzen egingo du Gautenak. Kanpainaren beste TEA duten pertsonak protagonista dituen iragarkia da, gaurtik aurrera sare sozialetan nahiz telebistan ikusi ahal izango dena.

 “Teknologia zoragarria da, aukera ematen digu gauza sinestezinak egiteko eta munduarekin etengabe konektatuta egoteko. Alabaina, zenbat ordu ematen ditugu mugikorrari begira inguruan ditugunekin egon beharrean? Gehiegizko erabileraren ondorioz gure ingurukoengandik eta gure ingurunetik gero eta bakartuago dagoen gizarte bilakatzen ari gara”, ohartarazi du diputatu nagusiak. Hala ere, garbi utzi du kontua ez dela, inolaz ere, mugikorrak eta sare sozialak gaitzestea. “Asmo bakarra da teknologiaren erabilera arduratsua egitea”. Maite Peñak gaineratu du TEA duten pertsonak “egokienak direla bakartzearen eta ingurukoekin harremanik ez izatearen arriskuaz ohartarazteko eta kontzientziatzeko. Izan ere, beraiek harremanak izan nahi dituzte ingurukoekin, baina ezin dute. Guk, ordea, ahal dugu, baina gero eta gutxiago egiten dugu. Helburu horrekin, Gautena izan dugu lankide app honen bitartez gauzatuko den kanpaina honetan”.

Bestalde, Markel Olanok aurreratu du kontzientziazio kanpaina honekin batera Foru Aldundiak eztabaida bat egin nahi duela gipuzkoarrek mugikorrekiko dituzten “erabilera eta portaerei” buruz. Hori guztia Etorkizuna Eraikiz programaren barruan egingo litzateke, datozen urteetan Foru Aldundiaren gobernu ekintzaren lidergoa eta orientazioa bultzatzeko tresna nagusiena. “Etorkizuna Eraikiz tresna bizia, dinamikoa eta parte hartzailea da eta izan nahi du, eta horren bitartez Foru Aldundiak herritarrekin eta epe laburrean herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiekin (enplegua, familia, zaintza, ekonomia,…) konektatu nahi du”, erantsi du.

 

Egunean 4 ordu mugikorrean

Kanpainaren goiburuak dioenez, “Deskonektapp da TEA duten pertsonen laguntzaz sortutako lehen aplikazioa, bakartu ez zaitezen”. Juan Ciden esanetan, merkatuan badira mugikorrarekiko mendekotasuna eta erabileraren kontrola lantzen duten aplikazioak, baina bai Gautenak eta bai Foru Aldundiak “garbi genuen gure asmoa ez zela soilik kontzientziazio kanpaina bat eta bideo bat egitea”.

Maite Peñak nabarmendu duenez, “bistakoa da mugikorrek eta sare sozialek gure bizimodua eta harremanak izateko modua aldatu dituztela. Hain zuzen ere, fenomeno berri horrek badu izen bat: phubbing, hau da, mugikorrean gertatzen denari kasu egitea eta ez ikusiarena egitea inguruan ditugun pertsonei”.

Mugikorraren gehiegizko erabilerari buruzko datuetan sakonduz, Cidek azpimarratu du azken datuen arabera “munduan pertsona baino mugikor gehiago dagoela”. Azaldu duenez, "Euskadin, batez beste, egunean 4,3 orduz erabiltzen dugu telefono mugikorra, Espainian aldiz 3,8 orduz; eta % 43,5ak orduko 10 aldiz baino gehiago begiratzen du mugikorra. Egunean 80 aldiz begiratzen diogu mugikorrari. Egunean 150 aldiz desblokeatzen dugu. % 83ak mugikorrarekin lo egin eta jaten du. Eta gazteen % 87ak nahiago du mezu bidez komunikatu aurrez aurre baino”.

Kanpainaren inguruan, Cid jaunak gaineratu du koska dagoela “benetan baliagarriak izatean, tresna bat sortzean gutako bakoitzak mugikorrean oroigarri txiki bat izan dezagun, jakiteko gure bizitzako zenbat denbora eskaintzen diogun bizitza digitalari". Horregatik, Deskonektapp aplikazioak mugikorrari eskaintzen zaion denbora erregistratu eta horren berri emateaz gain, “Gautenako profesional talde batek osatutako 11 aholku biltzen ditu deskonektatzen laguntzeko berriz konektatu ahal izateko. Gainera, hain ezezaguna den TEAri buruzko informazioa ere ikus daiteke eta dohaintzak egin dakizkioke elkarteari”.

Deskonektapp aplikazioa doakoa da, dagoeneko eskuragarri dago Androiderako, eta laster Apple Store-n ere bai. Aplikazioa eta proiektuaren inguruko informazio guztia ondorengo webgunean deskarga daiteke www.deskonektapp.com. Bestalde, prentsaurrekoan zehar, Juan Cidek Gautenaren irudi korporatibo berria ezagutarazi du: hiru persona irudikatzen dituen ikurra, bat erdian eta beste bi alboetan. Cidek argitu du Gautenaren irudi berriak -itsas urdin kolorekoa- TEA duten pertsonen “aniztasuna islatzea duela helburu, pertsona erdian jarrita eta alboetan, aldiz, behar duten laguntza, baita pertsona eta familia ere”.

 

Zenbait datu deigarri

Hauek dira interneten aurki daitezkeen estatu mailako datuetako batzuk:

- Espainia da mugikor gehien dagoen munduko herrialdeetako bat eta Europako lehenengoa. 44,3 milioi mugikor daude eta 44,1 milioi biztanle gara. Hau da, dagoeneko biztanle baino smartphone gehiago dago.

- Gazteen % 87ak nahiago du mezu bidez komunikatu aurrez aurre baino.

- % 100ak nahiago du kartera galdu mugikorra baino.

- % 75a etxera itzultzen da mugikorra ahaztu badu.

- Biztanleriaren erdiak baino gehiagok antsietatea izaten du mugikorra etxean ahaztuz gero.

- Egunean 80 aldiz begiratzen dugu mugikorra.

- Egunean 150 aldiz desblokeatzen dugu.

- % 1,5ak bakarrik uzten du telefonoa etxean oporretara doanean.

- % 83ak mugikorrarekin lo egin eta jaten du.

- 10 lagunetatik bederatzi ez dira metro bat baino gehiago aldentzen beren mugikorretatik egun osoan.

- % 68ak komunera eramaten du.

- % 78a errudun sentitzen da ez badio whatsappari berehala erantzuten.

- % 48,8ak aitortzen du modu konpultsiboan kontsultatzen duela mugikorra.

- 3 lagunetatik batek aitortzen du nahiago duela opor egun bat galdu mugikorra baino.

- Gazteen % 79ak jaiki orduko egiten duen lehenengo gauza mugikorra begiratzea da.

- Gazteen % 76,7ak mugikorra kontsultatzen du “bost minutu libre dituen bakoitzean".

- Ia % 50ak uste du mugikorra bere bikote harremana hondatzen ari dela.

- % 75ak ez du telefonoa deskonektatzen hitzordu bat duenean edo sexu harremanak dituenean.

- Biztanleen % 32,8ak adierazten du orduko hamar aldiz baino gehiago begiratzen duela mugikorra.

- 10 lagunetatik bederatzik antsietatea edo izua sentitzen dute bateria % 20tik behera dagoenean.

-% 51k egunean 4 ordutik gora erabiltzen du mugikorra modu aktiboan.

-Erabiltzaileen % 68,3a mugikorra begiratzen egoten da telebista ikusten duen bitartean.

-% 13,6ak mugikorra begiratzen du gidatzen duen bitartean.

-Smartphonen erabileraren ondorioz % 20 handitu dira lepoko minak, pantaila begiratzeko hartzen dugun jarreragatik. Hain zuzen ere, horrek badu izen bat: “Text Neck”.

-5 bikoteetatik 4 mugikorra dutela oheratzen dira.

-18 eta 29 urte arteko 10 gazteetatik bederatzik uste dute ohetik jaiki aurretik ezinbestekoa dela mugikorra begiratzea, posta elektronikoa eguneratzea, mezuak begiratzea edo sare sozialetan sartzea.

-% 33ak uste du bikotekideak interes handiagoa duela mugikorrean duenagatik beregatik baino.

Euskadira mugatzen bagara, ez dago azterketa gehiegirik, baina baditugu datu batzuk:

-Euskadin, batez beste, egunean 4,3 orduz erabiltzen dugu telefono mugikorra, Espainian aldiz 3,8 orduz; eta % 43,5ak orduko 10 aldiz baino gehiago begiratzen du mugikorra.

-Halaber, % 30,4ak uste du mugikorraren mendeko dela, estatuko portzentajerik handiena da, Espainiako batez bestekoa baino 12 puntu gehiago.

-Euskal Herriko biztanleen % 62ak dio ezingo lukeela egun bat baino gehiago egon mugikorra begiratu gabe.

Autismoa duten pertsonek harremanak izan nahi dituzte ingurukoekin, baina ezin dute. Guk, aldiz, ahal dugu, baina gero eta gutxiago egiten dugu
  

1599