Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa arlo sozialean eta ekonomikoan hazi arazteko apustua egin du Aldundiak 2024rako aurrekontuetan

Gipuzkoa arlo sozialean eta ekonomikoan hazi arazteko apustua egin du Aldundiak 2024rako aurrekontuetan

Proiektuak 1.160 milioiko zuzkidura propioa planteatzen du, iaz baino % 2,7 gehiago; egoitza eredu berria, jasangarritasuna eta ekonomiaren eta erreferentzia zentro berriak sustatuko dira.

Aurrekontuak 2024

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024rako aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur goizean. Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, kontu horiek "inbertsiora bideratuak, sozialak eta eraldatzaileak" dira, eta Gipuzkoa zainketen arloan eta ekonomiaren eta enpleguaren garapenean "hazten jarraitzeko" konfiguratuta daude. Guztira, 1.160 milioi euro bideratuko dira, 2023an baino 30 milioi gehiago (+% 2,7). Horien artean nabarmentzekoak dira Adinberri egoitzara eta zahartze osasuntsuari loturiko espazio berritzailera bideratutako partidak, baita egoitza eredu berriaren hedapenerako lerroak, MUBIL mugikortasun berriko zentroa abian jartzeko aurrekontu ahalegina, Naturklimaren Hondakinak Berrerabiltzeko Prestakuntza Zentroa sortzeko proiektua eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko Basotik fundazioara bideratutako partidak.

Diputatu nagusiak 2024ko aurrekontuak aurkeztu ditu gaur goizean egindako prentsaurreko batean. José Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak ere parte hartu dute. Proposamenak Diputatuen Kontseiluaren onespena jaso du gaur, eta eguerdian aurkeztuko zaizkio Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenari. Horrela, Ganberan kontuak eztabaidatzeko epea irekitzen da, lehenik batzordean, gero zuzenketen bidez eta, azkenik, osoko bilkuran.

"Gipuzkoako etorkizunerako giltzarri den une batean gaude, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren egoera global batean. Gipuzkoako ekonomia indartsu ari da erantzuten, eta lurraldearen oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko aprobetxatu behar dugu. Inflazioaren eta prezioen igoeraren aurrean, familien eta gipuzkoar guztien ekonomia babestu eta desberdintasunei mugak jartzen jarraitu nahi dugu; ezegonkortasunaren aurrean, ETEei, eta sare ekonomiko osoari laguntzeko inbertsio-ahalegina indartu; klima-aldaketaren aurrean, hondakinen berrerabiltzea, mugikortasun jasangarria eta trantsizio energetikoa bultzatu", laburbildu du Mendozak.

Gipuzkoako ongizateari eta gizarte-kohesioari begira, aurrekontu berriak 515 milioi euro bideratuko ditu guztira Zainketetako eta Gizarte Politiketako departamentura, Gipuzkoako foru aurrekontuetan inoiz izan den altuena. Izan ere, aurrekontu horiek onartuz gero, biztanle bakoitzeko 724 euro inbertituko lirateke gizarte politiketan, zifra handitu egin delarik aurreko urteko 701 eurorekin alderatuz, lurraldearen ongizatea eta gizarte-kohesioa bermatzeko, inflazio altuak eta, ondorioz, interes-tasen igoerak markatutako ziurgabetasun testuinguru makroekonomiko baten aurrean.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, aurrekontu proiektuaren beste ezaugarri nagusietako bat bere izaera "inbertitzailea" da, 262 milioi euro baino gehiago bideratuko baititu hainbat inbertsiotarako (2023an baino 16 milioi gehiago). Hori guztia, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren eta etorkizuneko sektore ekonomikoei lotutako erreferentzia zentroen bidez gauzatzen den "asmo eraldatzailea" ahaztu gabe.

"Aurrekontu hauen helburua konfiantza, sendotasun eta lankidetzako mezu bat zabaltzea da, Gipuzkoarentzat funtsezkoa den une honetan. Aurrekontuak hazi egiten dira, baina, aldi berean, indartu egiten dituzte Aldundiaren finantzak eta Foru Ogasunak edozein egoera kritikori aurre egiteko duen erreakzio-gaitasuna, foru erakundeak azken urteotan egin duen bezala. Izan ere, 2024an gipuzkoarren eguneroko ekonomia, enpresak eta enplegua babestu nahi ditugu, etorkizuneko sektore ekonomikoak ehuntzen jarraitu nahi dugu eta klima aldaketaren aurkako politika berritzaileak aktibatu nahi ditugu", azpimarratu du diputatu nagusiak.

José Ignacio Asensio lehen diputatu nagusiordeak adierazi duenez, “aurrekontu hauek PSE-EEk eta EAJk lortutako Gobernu itunaren isla dira. Egonkortasun instituzionala bermatu eta Gipuzkoako gizarteak dituen erronkei erantzun sendoa ematen dion ituna".

Asensiok azaldu duenez, “2023-2027 legealdiko lehen aurrekontu hauek, gizarte politiken babesa eta inbertsio estrategikoen aldeko apustu zuzena bermatzen dute. Eraldaketa handien aurrean, gizartearen ongizatea indartzeko eta hazkunde ekonomikoa finkatzeko: ekologikoa, digitala eta demografikoa. Honek behin betiko indartzen du Gipuzkoaren alor ekonomiko eta sozial sendo eta jasangarri baten aldeko apustua, pertsona eta familia ahulenak babestuz, eta oraina eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuta dagoen Gipuzkoa kohesionatuago baten oinarriak ipiniz".

Adinberri eta zaharren egoitza eredu berria

Aurrekontu proposamena lehentasunezko hiru arloren inguruan egituratzen da: soziala, ekonomikoa eta jasangarritasunekoa. Arlo sozialean, Mendozak nabarmendu du gizarte politiketan egindako inbertsioak "gorantz" jarraitzen duela argi eta garbi, Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentura bideratutako 515 milioi euroko aurrekontuarekin. Horien artean daude Adinberri egoitza zentro berritzailera bideratutako 19,2 milioi euroak. Horrela, Gipuzkoako gizarte zentroen sarean inbertsioak egiteko baliabideak 14,78 milioi eurotan hazten dira 2024an, 38,4 milioira iristen direlarik kapitulu honetan. Partida horrek aukera emango du lurraldea gizarte-baliabideetan bultzatzen ari den zaintza eredu berrirako trantsizioa gauzatzeko. Adineko pertsonei arreta emateko programa, berriz, 124,8 milioi eurora igo da (+% 4,33). Honi guztiari, gainera 1,1 milioi gehitu behar zaizkio bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko Elkar Ekin Lanean programari dagozkionak. Guztira, Departamentuaren aurrekontua 12 milioi euro hazi da (+% 2,39) iazkoarekin alderatuta, eta, 2016az geroztik, arlo horren aurrekontua 171 milioi euro inguru hazi da.

“Gizarte-kohesioa gure lurraldeko balio garrantzitsuenetako bat da, eta horri ezin diogu inola ere uko egin. Desberdintasunen aurka lan egingo dugu irmoki, pertsona ahulenak babestuz, inflazioaren, erosketa saskiaren garestitzearen eta hipoteken interesen igoeraren ondorioak gehien pairatzen ari direnak babestuz", nabarmendu du.

Gipuzkoako sare ekonomikoa bultzatzea

Ekonomiaren arloari dagokionez, Mendozak berretsi egin du Gipuzkoako enpresen "lehiakortasunari, berrikuntzari eta errotzeari" laguntzeko erabakia, bai eta kalitatezko lanpostuak eta ekonomia sarerako "aukerak" sortzeko erabakia ere. Arlo honetako kopuruen artean, Ekonomia Sustapeneko departamentuaren zuzkidura 75,8 milioikoa da, 3,1 milioi gehiago (+% 4,31). Atal honetan, proiektu estrategikoetan egindako inbertsioa ere nabarmentzen da, 60,81 milioikoa guztira. Mendozak azaldu duenez, aipatutako Adinberriz gain, aurrekontu berriek 22,8 milioi euro bideratuko dituzte MUBIL erreferentzia zentrora, eta baita ondoko proiektu estrategikoetara: Naturklimaren Hondakinak Berrerabiltzeko Prestakuntza Zentroa sortzeko proiektua (5,3 milioi), Basotik (2 milioi), Koldo Mitxelena (6,5 milioi) eta Badalab (500.000), besteak beste.

Nabarmendu beharreko beste eremuetako bat Lurralde Oreka Berdea da, aurretik departamendurik ez zuena, baina landa garapenera, lurralde orekara eta mendietara eta natura ingurunera bideratutako partiden zenbatekoa 45,8 milioira arte igo da (+% 5,91). Basotik Fundazioaz gain, igoera honek Herritarren Batzarra foroan adostutako neurriak aktibatzea du helburu. Urte hasieran nekazaritzaren eta klima aldaketaren inguruan bederatzi gomendio aurkeztu zituen foro honek eta Aldundiak bere gain hartu ditu politika publikoen barruan, elikadura jasangarriaren, lurralde-oreka berdearen eta lehen sektorearen mesedetan.

Beste departamentu batzuk

Aurrekontua departamentuka banakatuta, aipatutakoez gain, Jokin Perona diputatuak azaldu du diputatu nagusiaren alorrak 26,7 milioi euro izango dituela 2024an, 138.411 euroko hazkundea (+% 0,52) duelarik. Honi esker, euskara, berdintasun-politikak eta bizikidetza sustatzeko zeharkako politikei eutsiko zaie. Gobernantza departamentuak, bestalde, 71 milioi euro izango ditu, 2023an baino 1,9 milioi gehiago (+% 2,87), zuzendaritzek planteatutako epe luzeko apustuak indartzeko, departamentua modernizatzeko eta digitalizatzeko, eta partaidetzarako eta gobernu onerako ekimenetan sakontzeko. Jasangarritasunari dagokionez, departamentu honen aurrekontua 47 milioiraino igotzen da, iaz baino % 1,77 gehiago. Helburua, hondakinen berrerabilpena eta trantsizio energetikoa bultzatzea da.

Departamentua

2024 2023 Aldaketa %
Diputatu Nagusia 26.717.911 26.579.500 138.411 %0,52
Jasangarritasuna 47.605.314 46.779.330 825.984 %1,77
Zainketak eta Gizarte Politikak 515.224.247 503.199.579 12.024.668 %2,39
Gobernantza 70.954.735 68.977.030 1.977.705 %2,87
Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak 75.785.579 72.657.126 3.128.453 %4,31
Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa 89.833.423 88.526.895 1.306.528 %1,48
Ogasuna eta Finantzak 60.540.384 57.670.842 2.869.542 %4,98
Bide Azpiegiturak 109.421.904 108.900.011 521.893 %0.48
Lurralde Oreka Berdea 45.852.072 43.295.305 2.556.767 %5,91
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirolak 69.118.442 66.862.562 2.255.880 %3,37
Batzar Nagusiak 8.017.558 7.333.658 683.900 %9,33
Hainbat departamentutako gastuak 384.328 339.006 45.322 %13,37

Kudeaketako aurrekontu propioa guztira

(finantza-karga izan ezik)

1.119.455.897 1.091.120.844 28.335.053 % 2,60

 

Bestalde, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak 89,8 milioi euro izango ditu, aurreko ekitaldian baino milioi bat gehiago. Ogasun eta Finantza departamentuaren aurrekontua ere handitu da, 60,5 milioi euro, 2023an baino 2.9 milioi gehiago (+% 4.98). Hazkunde horrek ekonomiaren digitalizazioaren eta big dataren aldeko apustuan aurrera egiteko balioko du, besteak beste, Gipuzkoako zergadunen izapideak errazteko.

Bide Azpiegituretako departamentuari dagokionez, aurten 109,4 milioi euro bideratuko dira departamentu horretara, 521.893 euro gehiago. Horien bidez, etorkizuneko errepide adimendun eta jasangarrietarantz jauzi teknologikoa egitea espero da. Aldi berean, esleipen hori lurraldeko sare nagusiaren eta bigarren mailako sarearen konexioak, bide-segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko eta mantentzeko erabiliko da.

Azkenik, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuari dagokionez, aurrekontu partida 69,12 milioi eurokoa da, 2,2 milioi euro gehiago (+% 3.37), batez ere Koldo Mitxelenaren obretarako.

Diru-sarreren atalean, Aldundiak 2024an 6.514 milioi euro lortzea aurreikusten du. Aipatutako 1.160 milioi euro horiek aurrekontu propio gisa geratuko dira, honela banatuta: 1.119,4 milioiko kudeaketa arrunteko aurrekontua eta 40,5 milioi euroko finantza-karga. Gainerako 5.347,9 milioiak konpromiso instituzionaletara bideratuko dira, eta honela banatuko dira: 4.284,1 milioi euro Eusko Jaurlaritzarentzat; 658 milioi udalentzat, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez; eta 412 milioi Estatuarentzat, Kupoaren bidez.

  

2257