Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa Estatu mailan erreferente da bizikleten lapurreten aurkako borrokan, arazo horren inguruan Espainian egin den lehen azterlanaren arabera

Gipuzkoa Estatu mailan erreferente da bizikleten lapurreten aurkako borrokan, arazo horren inguruan Espainian egin den lehen azterlanaren arabera

José Antonio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak eman dio hasiera bizikleten lapurretaren fenomenoa aztertu eta konponbideak proposatzeko asmoz adituak, arduradun instituzionalak eta tokiko eragileak batu dituen jardunaldiari.

2025/05/26
Sostenibilidad

Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan izan da gaur Ziklotekak —Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Cristina Enea Fundazioak bultzatutako Bizikletaren Dokumentazio Zentroak— antolatutako "Bizikleta partikularrak ostea, saihestu beharreko hiri-fenomenoa" jardunaldi teknikoa. Helburu du bizikleten lapurretaren arazo gero eta handiagoaren aurrean ezagutza, diagnostikoa eta jarduera ildoak partekatzea.

Esther Anaya eta Jenny Douch bizikleta mugikortasuneko adituek egindako "Sustracción de bicicletas particulares en España" azterlanaren aurkezpen ofiziala egin da ekitaldian, eta ezaugarri horiek dituen Estatuko lehen txostena izan da. Dokumentuak fenomenoa aztertzen du ikuspegi integral batetik eta prebentzioko tresnak eta estrategiak proposatzen ditu.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak ireki du jardunaldia, Donostiako Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Iñigo Garcíarekin batera. Bere hitzaldian, Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela arazo horri erakundeetatik heltzea: "Norbaiti bizikleta lapurtzen dioten bakoitzean, garraiobidea galtzeaz gain, konfiantza ere galtzen du. Eta horrela zaila da pertsona gehiago anima daitezen bizikleta erabiltzera eguneroko joan-etorrietan. Erakundeok bermatu behar dugu mugikortasun garbi eta jasangarriagoaren alde egiten dutenek segurtasunez eta lasaitasunez egin ahal izango dutela», adierazi du.

Halaber, Asensiok nabarmendu du Ziklotekak politika publiko eraginkorrak diseinatzeko ezagutza sortzeko duen zeregina: "Bizikletaren erabilera sustatzea ez da bidegorriak eraikitzea bakarrik. Ingurune seguruak, azpiegitura egokiak eta errespetuaren eta babesaren kultura sortzea ere beharrezkoa da. Azterlan aitzindari hau mugarri bat izan da gure hirietan bizikleta lapurretei aurre egiteko moduan", gaineratu du.

Jardunaldian Bizikletaren Estatuko Estrategiaren aurkezpen instituzionala ere egin da, Sheila Ferrer Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioko Bizikletaren Bulegoko koordinatzailearen eskutik –telematikoki parte hartu du–. Ferrerrek azaldu du Ministerioa 2026-2031 aldirako estrategia berrikusteko prozesuan murgilduta dagoela, eta nabarmendu duenez, txostenaren ekarpenak «giltzarriak dira esparru estrategiko berri hori aberasteko, ebidentzietan oinarritutako ikuspegi praktiko batetik».

Ondoren, adituen mahai inguruak aukera eman du partekatzeko esperientziak eta prebentzioko esku-hartzeen ildoak, hainbat ikuspegitatik: polizia, teknikariak, gizartea eta elkarteak. Hauek izan dira parte-hartzaileak: Josu García (Donostiako Udaltzaingoa), Silvia Casorrán eta Nacho Junoy (Bizikletaren aldeko hirien sarea/BiciRegistro), Julen Izagirre (Kalapie) eta Juan Carlos Escudero (Gasteizko Udala).

Jardunaldia amaitzeko, ibilbide gidatu bat egin dute bertatik bertara ezagutzeko hiriko bizikleta azpiegitura seguru batzuk, tokiko jardunbide egokien adibide gisa.

Jasangarritasun Departamentuak mugikortasun aktibo, osasungarri eta seguruarekiko konpromiso instituzionala berretsi du. Asensiok adierazi duenez: «Bizikleten lapurretari aurre egitea mugikortasun jasangarria sustatzea da. Eta hori lortzeko modu koordinatuan lan egin behar dugu, administrazioek, elkarteek eta herritarrek ahaleginak batuta».

Jardunaldian berrogeita hamar pertsona baino gehiago bildu dira, administrazio publikoetako teknikariak, txirrindulari kolektiboen ordezkariak eta interesa duten herritarrak, eta Donostia erreferentzia gisa sendotu da biziklea bidezko mugikortasunaren egungo eta etorkizuneko hiri erronkei buruzko gogoetarako espazioen artean.

  

4399