Gipuzkoa Zainduzek zaintzarako azpiegitura berriak sustatzeko lehen bi deialdiak jarri ditu abian Iraurgin eta Deba Kostan
Gipuzkoa Zainduzek zaintzarako azpiegitura berriak sustatzeko lehen bi deialdiak jarri ditu abian Iraurgin eta Deba Kostan
Gipuzkoa Zainduzek zaintzarako azpiegitura berriak sustatzeko lehen bi deialdiak jarri ditu abian Iraurgin eta Deba Kostan
• Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Zainduzen lehen deialdi publikoak egin ditu, zaintzarako azpiegitura berriak garatuko dituzten lehen sozietate mistoak eratu eta proiektuak eta bazkideak hautatzeko. • Foru sozietate publikoaren lehen urrats operatiboa da. Zaintza ereduaren eraldaketa bizkortzea eta erronka demografikoari erantzutea ditu helburu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoa Zainduzen bidez, lehen bi deialdi publikoak onartu ditu Iraurgi eta Deba Kostako gizarte-zerbitzuen eremuetan zaintzarako azpiegitura berriak sustatuko dituzten lehen sozietate mistoak eratzeko; proiektuak eta bazkideak hautatzeko.
Urrats honekin, foru sozietate publikoak bere jarduera operatiboari ekin dio, eta datozen urteetan lurraldeak erronka demografikoari erantzuteko eta pertsonak erdigunean jarriko dituen zaintza-eredua sendotzeko beharko dituen baliabideak bultzatzeko diseinatutako estrategia gauzatzen hasi da.
Deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta www.gipuzkoazainduz.eus plataforma elektronikoan argitaratuko dira, eta Gipuzkoa Zainduzek sustatutako lehen proiektuak martxan jartzeko abiapuntua izango dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako tresna publiko honen helburua da lankidetza-formulen bidez azpiegitura estrategikoen garapena bizkortzea, eta, bereziki, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren parte-hartzea indartzea.
“Lurralde oreka dugu helburu”
Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñaren hitzetan, «Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapari esker, datozen urteetan lurraldeak izango dituen beharrei aurrea hartu eta zaintzako sare publikoa non eta nola indartu behar dugun planifika dezakegu. Gipuzkoa Zainduz, hain zuzen ere, plangintza hori proiektu zehatz bihurtzeko sortu da, eskualde guztiek behar dituzten baliabideak izan ditzaten bermatzeko eta lurralde-oreka handiago baterantz aurrera egiteko».
Peñak azaldu duenez, lehen jarduketak Iraurgi eta Deba Kostako gizarte-zerbitzuen eremuetan bultzatuko dira, Gizarte Zerbitzuen Mapan identifikatutako beharrei erantzuten dieten bi eremu direlako: «Horri esker, tresna berri honen hedapenari berehala ekin ahal izango diogu, eta urrats erabakigarria emango dugu Gipuzkoak kalitatezko zaintzak, hurbilekoak eta egungo zein etorkizuneko beharretara egokituak eskaintzen jarraitzeko behar dituen azpiegiturak bultzatzeko».
Peñak azpimarratu duenez, «gure helburua azpiegitura berriak eraikitzea baino askoz harago doa. Zaintza-ereduaren eraldaketan aurrera egiten jarraitu nahi dugu, zaintzako sare publikoa sendotu eta hori guztia erakunde publikoen, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren eta lurraldearen aldeko proiektu partekatu batekin konprometituta dauden gainerako eragileen arteko lankidetzaren bidez egin. Baliabideak gehien behar diren tokietara hurbiltzea, lurralde-desorekak murriztea eta pertsona guztiek, bizi diren tokia edozein dela ere, kalitatezko zaintzak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko aukera izatea da helburua».
Iraurgiko deialdia
Gipuzkoa Zainduzen lehen deialdia Iraurgin egingo da, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoako udalerriak hartzen dituen gizarte-zerbitzuen eremuan. Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen 2024-2030 Mapak adierazten duenez, eremu horretan zaintzako baliabide-sarea indartu beharko da datozen urteetan, bilakaera demografikoari erantzuteko, lurralde-oreka sustatzeko eta herritarrek kalitatezko zaintzak beren inguruan jaso ahal izan ditzaten.
Horretarako, Gipuzkoa Zainduzek deialdi bakar baten bidez hautatuko ditu bai sozietate mistoa eratzeko bazkidea, bai etorkizuneko zaintza-azpiegitura garatzeko proposamenik egokiena. Horrenbestez, interesa duten erakundeek proiektu osoa aurkeztu beharko dute: etorkizuneko ekipamendua non eraikiko den zehaztu beharko dute, hirigintzaren, teknikaren eta funtzionaltasunaren ikuspegitik egokia den lurzorua dutela egiaztatuz; horrez gain, arkitektura-proiektua, arreta-eredua, ustiapen-proposamena eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde baten parte-hartzea ere aurkeztu beharko dituzte.
Deba Kostako deialdia
Gipuzkoa Zainduzen bigarren deialdia Deba Kostan egingo da, Deba, Elgoibar, Mendaro eta Mutrikuko gizarte-zerbitzuen eremuan. Deialdi hau ere Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen 2024-2030 Maparen barruan aurreikusitako jarduketetako bat da; izan ere, dokumentuak jasotzen du eskualde horretan zaintzako sare publikoa indartu beharra dagoela.
Iraurgiko proiektuarekin alderatuta, Deba Kostakoak badu abantaila bat: etorkizuneko azpiegitura eraikitzeko lurzatia dagoeneko eskuragarri dago. Debako Udalaren Osoko Bilkurak lurzoruaren lagapena onartu du, eta, horri esker, hurrengo urratsa eman ahal izango da: Gipuzkoa Zainduzekin batera sozietate mistoa eratuko duen bazkidea hautatzea. Sozietate horren ardura izango da adinekoentzako egoitza diseinatzea, eraikitzea eta ekipatzea, ondoren gizarte-zerbitzuen sare publikoan integratu eta kudeatu ahal izateko.
Deialdiaren helburua da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen zaintza-ereduarekin bat datorren ekipamendua diseinatu, garatu eta gauzatzeko gaitasuna duen bazkidea hautatzea. Horretarako, aurkeztutako proposamenek jarduketa aurrera eramateko behar den gaitasun tekniko eta ekonomikoa egiaztatu beharko dute, baita pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta-eredu berritzailea ere, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde batekin lankidetzan garatua.
Proposamenak baloratzerakoan, arreta-kalitatea, bideragarritasuna, esperientzia eta berrikuntza hobekien uztartzen dituzten proiektuek izango dute lehentasuna; izan ere, horiek lagunduko dute Deba Kostako zaintzako sare publikoa indartzen.
Zaintzarako azpiegiturak sustatzeko modu berri bat
Bi deialdien bidez, Gipuzkoa Zainduzek azpiegitura berriak garatuko dituzten lehen sozietate mistoak eratzeko bazkideak eta proiektuak hautatuko ditu. Azpiegiturak amaitutakoan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen esku utziko dira, itunpeko araubidearen bidez kudeatu eta gizarte-zerbitzuen sare publikoan integra daitezen.
Deialdiak argitaratu ondoren, bi hilabeteko epea izango da proposamenak aurkezteko. Eskaerak bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira, Gipuzkoa Zainduzek horretarako www.gipuzkoazainduz.eus.
Prozesua amaitutakoan, Gipuzkoa Zainduzek hautatutako bazkideekin lehen sozietate mistoak eratuko ditu, eta horrela emango zaio hasiera bi proiektuen garapenari.
1378