Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak autobideak zaintzeko sistemak erabat digitalizatuko ditu, segurtasuna indartzeko

Gipuzkoak autobideak zaintzeko sistemak erabat digitalizatuko ditu, segurtasuna indartzeko

13,4 milioiko inbertsioari esker, sare aurreratu bat zabalduko da kamera adimendunekin, zuntz optikoarekin eta kontrol zentro berriekin, AP-8, AP-1, AP-636 eta GI-20 errepideak kudeatzeko

2025/07/16
Gipuzkoako Foru Aldundia

Aldundiak beste urrats bat eman du etorkizuneko mugikortasunerako estrategian, errepide sarean segurtasuna eta berrikuntza hobetzeko. Bi urtean erabat digitalizatuko dira AP-8, AP-1, AP-636 eta GI-20 autobideetako zaintza eta komunikazio sistema guztiak, zuntz optikoaren, azken belaunaldiko kameren eta adimen artifizialeko aplikazioen bidez.

Irune Berasaluze foru diputatuak iragarri duenez, “asmo handiko” jarduketa horri esker, BIDEGIk egungo teknologiaren ordez zuntz optikoan eta azken belaunaldiko kamera digitaletan oinarritutako sare digital bat jarriko da, eta adimen artifizialeko sistemak aplikatuko dira bai errepideetako dispositiboetan, bai Zarauzko eta Bergarako kontrol zentroetan. 13,4 milioi euroko inbertsioarekin (BEZa barne), “proiektua urrats erabakigarria da erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, jarduketak koordinatzeko eta lurraldeko bide nagusietako trafikoaren arintasuna hobetzeko”. Hala, Berasaluzek azaldu duenez, “proiektu honekin Gipuzkoako errepideak digitalizatzen jarraitzen dugu, azken teknologiaz hornitutako benetako errepide adimendun bihurtzeko apustuan. Gure lurraldeak mugikortasunari eta bide-segurtasunari aplikatutako berrikuntzan erreferente bihurtzeko urratsak ematen jarraitzea nahi dugu”.

Kamera digital berriak tuneletan, aire zabaleko tarteetan eta ordainlekuetan egongo dira, eta azpiegitura osoaren etengabeko zaintza aurreratua ahalbidetuko dute. Berrikuntza nagusietako bat gertakariak automatikoki detektatzeko sistema ezartzea izango da, segurtasunari zuzenean aplikatutako teknologiaren aplikazioetako bat. Sistema horrek denbora errealeko bideo sekuentziak aztertzen ditu, eta gai da zenbait egoera identifikatzeko, hala nola geldi geratutako ibilgailuak, kontrako noranzkoan zirkulatzen dutenak edo ibilgailutik kanpo oinezkoak ibiltzea, algoritmo aurreratuen erabilerari eta adimen artifiziala duen ikusmenari esker alerta automatikoak sortuz.

Guztira, 389 kamera jarri eta hornituko dira tuneletan, eta beste 114 konexio- eta ebakuazio-galeriak kontrolatzeko, baita kanpoko 190 kamera ere, tarte estrategikoak, tunel-ahoak eta bidesariak zaintzeko. Horrez gain, orain dela gutxi egindako birgaitze-jarduketetan 47 kamera sartu dira, bide-segurtasunaren zerbitzurako hedapen integrala osatuz.

Berasaluzek azpimarratu duenez, “Europan erreferente bihurtzeko apustuan aurrera egiten jarraitzen dugu, Gipuzkoa Europako garraioen ardatz estrategikoan kokatzen delako. Izan ere, Aldundiak dagoeneko parte hartzen du gidatze autonomoarekin eta errepideko segurtasunarekin lotutako Europa mailako esperientzia pilotuetan”.

Zarauzko eta Bergarako kontrol zentroak, berriz, azken belaunaldiko ekipamenduekin, videowall sistema berriekin eta kontrolatzaile aurreratuekin berrituko dira, informazio bolumen handiak denbora errealean kudeatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuta. "Zentro horiek sistemaren benetako burmuin digital gisa jokatuko dute, edozein intzidentziaren aurrean etengabeko monitorizazioa eta erantzun azkarra bermatuz", nabarmendu du foru bozeramaileak.

Zarataren aurkako pantaila berriak Arrasaten

Era berean, Arrasaten, San Josepe auzoaren parean, GI-627 errepideko 34,278 eta 34,426 kilometroen artean pantaila akustikoak jartzeko proiektua eta obren lizitazioa onartu ditu gaur Foru Gobernuaren Kontseiluak. Proiektuaren arabera, 4 metroko altuera duten 148 metroko pantaila akustikoak jarriko dira, hormigoi fonoxurgatzailez eginak eta zapata jarraitu bidez zimendatuak.

Jarduketa hori 2024ko azaroan onartutako Zarataren aurkako Ekintza Planaren parte da, zeinak aurreikusten baitu egunero batez beste 6.000 ibilgailutik gorako intentsitatea duten errepideetan pantaila akustikoak jartzea. Egindako azterlanen arabera, inguru horretan 146 pertsonak jasaten dute gomendatutakoa baino zarata-maila handiagoa, eta pantaila berriei esker, hobekuntzak 372 pertsonari egingo die mesede.

Obrak egunez eta errepidearen aldetik egingo dira, eta, horretarako, errei bat itxi beharko da lanek irauten duten bitartean. Gainera, euri-uren drainatzea hobetzeko lanak egingo dira, azpiegituraren funtzionaltasuna eta segurtasuna indartzeko.

Irune Berasaluze foru bozeramailearen hitzetan, “jarduera honen helburua da ingurune sentikorretan eragin akustikoak arintzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea, errepideak haien ongizatean eragina baitu. Gure konpromisoa da lanean jarraitzea errepide sarea gero eta seguruagoa eta ingurunearekiko errespetutsuagoa izan dadin, eta zarataren aurkako pantailen lineal berri hau beste urrats bat da norabide horretan”.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 537.308,87 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa da.

Era berean, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua Arrasateko Ospitalearen parean, errepide berean, pantaila akustiko berriak jartzeko azterlana ere egiten ari da, udalerrian eragin akustikoa murrizten jarraitzeko.

Diru-bilketaren datuak

Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 9,7ko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 2.156 milioi euro bildu dira ekainera arte, 2024ko aldi berean baino 190 milioi gehiago. Sarrera gordinak % 8,7 igo dira eta itzulketak % 6,6. Zuzeneko zergen bilketa % 3,9 igo da, zeharkako zergena % 12,3 eta Estatuarekiko doikuntzena % 41,7.

Ekainera arteko bilakaera positiboa esplikatzen du, alde batetik, sarrerek ondoko kontzeptuetan izandako hazkundeak: lan atxikipenak, kapital higikorraren etekinen atxikipenak, BEZa eta Ondare Eskualdaketen gaineko zerga. Bestalde, ekainera arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar dira PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak handitu direla eta Ondare irabazien atxikipenak jaitsi direla.

Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 5,1 igo dira, hau da, 55,7 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi eraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren itzulketak 40,3 milioi hazi dira. Kontuan izan behar da kanpainako diru-sarrerak uztailean eta azaroan kontabilizatzen direla, eta kanpainako itzulketa gehienak apirila eta ekaina bitartean egiten direla. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren zerga-bilketa garbiak 1,6 egin du gora, hau da, 13,8 milioiko igoera.

Sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzial garbia 2,6 milioi euro handitu da ekainera arte, iazko epe berarekin alderatuta. Bariazio horrek bi osagai ditu: batetik, sarrera gordinak 5,1 milioi handitu dira; eta bestetik, itzulketak 2,5 milioi handitu dira. Kontuan izan behar da kanpainako diru-sarrerak abuztuan kontabilizatuko direla, eta kanpainako itzulketa-eskaerak urtearen amaieran gauzatzen direla. Era berean, ordainketa zatikatuak maiatzean, azaroan eta abenduan kontabilizatuko dira.

Kudeaketa propioko BEZaren bilketa metatua, berriz, % 11,8 hazi da, hau da, bilketa 66,2 milioi euro gehiago bildu da. Gipuzkoako lurraldeko sarrerak 78,7 milioi euro igo dira (+%9,0), itzulketak 23,7 milioi euro (+%5,7) eta lurraldeen arteko doikuntzak 11,2 milioi (+%11,9).

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 12,5 hazi da, hau da, 8,1 milioi gehiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 132,6 igo da, hau da, 7,2 milioiko igoera aurreko urtearekin alderatuta, iazko arau aldaketengatik.

Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzei dagokienez, bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, 43,4 milioi hazi da BEZean, eta 7,0 milioi hobetu zerga berezietan. Estatuarekiko doikuntzetatik honako hauek nabarmendu behar dira: inportazioen BEZagatiko doikuntzaren igoera 34,3 milioitan eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoaren jaitsiera 17,2 milioitan.

Leire Calvo, Gizarte Politiketako zuzendari berria

Gipuzkoako Foru Aldundiak Leire Calvo Álvarez de Arcaya izendatu du Agendako, Berrikuntzako eta Ebaluazioko zuzendari nagusi. Calvo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da, marketinean espezializatua. Izendapen honekin, Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuko zuzendaritza-taldearen parte da orain, Maite Peña diputatu buru duela. Honako hauek osatzen dute lantaldea: Belén Larrion, Harren Babeserako, Gizarte Inklusiorako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Arretarako zuzendari nagusia; Txaro Rodrigo, Mendekotasuna eta Desgaitasuna duten Pertsonen Arretarako zuzendari nagusia; Irune Galarraga, Zentroen Kudeaketa Integraleko zuzendari nagusia; eta Iker Aldazabal, Plangintza, Inbertsio, Ikuskapen eta Prestazio Ekonomikoen zuzendari nagusia.

Leire Calvoren ibilbideak eta esperientziak balioa erantsia emango dio departamentuari, eta Agenda bultzatu eta garatzera bideratutako estrategia landuko du, bai eta berrikuntza eta ebaluazioa sustatzera bideratutakoa ere, funtsezko tresna baitira Gipuzkoako gizarte-politikak etengabe hobetzeko.

  

11231