Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak bakardadearen ‘zaindari’ izateko deia egin du Hondarribian, ‘AuzoEkin’ ekimenaren bitartez

Gipuzkoak bakardadearen ‘zaindari’ izateko deia egin du Hondarribian, ‘AuzoEkin’ ekimenaren bitartez

AuzoEkin ekimenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak "ADINBERRI-HARIAK" deialdian finantzatutakoak, boluntarioak bilatzen ditu fenomeno hori prebenitzeko sare komunitario bat aktibatzeko Hondarribian. Proiektuaren helburua da nahi ez den bakardadeak kalteberatasun egoeran dauden adinekoen osasunean eta ongizatean duen eragin negatiboa aztertzea eta arintzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADINBERRI Fundazioak eta Hondarribiko Udalak "AuzoEkin" proiektua aurkeztu dute. Proiektu horren helburua ekintza komunitarioa bultzatzea da, lotura eta harreman estuak sortuz, 60 urtetik gorakoen artean nahi ez den bakardadea aztertzeko eta prebenitzeko. Ekimen hori "ADINBERRI-HARIAK" laguntza-deialdian finantzatu da, eta dagoeneko amaitu du diagnostikoaren lehen fasea. Orain, komunitateko eragileak sentsibilizatzeari ekingo dio, ondoren gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea eta laguntza komunitarioa abian jartzeko. Une honetan, Hondarribiak auzoko "zaindariak" edo "begiraleak" bilatzen ditu, adinekoekin egiten diren jardueretan banaka parte hartu nahi dutenak, gizarte-laguntzako sarea indartzeko eta haien gizarteratzea bultzatzeko, ongizatea hobetze aldera. 

"AuzoEkin" ekimenaren aurkezpena Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean egin da, Zahartze berri baterantz: bakardadeari aurre egiteko erronka izeneko jardunaldiaren barruan. Topaketa horretan izan ziren Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendaria, Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkatea eta Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia. Gainera, jardunaldian, Javier Yanguas gerontologoak "Bizitza-luzera berriaren erronka" izeneko hitzaldia eskaini zuen. 

Aktibazio komunitarioa eta esku-hartze soziala uztartzen dituen "AuzoEkin" proiektuaren bidez, bakardadean dauden 60 urtetik gorako pertsonen detekzio goiztiarra egingo da, eta arretarako eta laguntzarako sare publiko-komunitario bat jarriko da abian. 

Bestalde, Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, nabarmendu du garrantzitsua dela AuzoEkin Gipuzkoako Foru Aldundiaren HARIAK-ADINBERRI estrategiaren barruan sortzea, zahartzen ari den lurralde honetan nahi ez den bakardadearen erronka gero eta handiagoari aurre egiteko. Gogorarazi duenez, adinekoen % 30 inguru bakarrik sentitzen da maiz, eta errealitate horrek ongizate emozionalari, osasun fisikoari eta komunitateko parte-hartzeari eragiten die. Ildo horretan, azpimarratu du Aldundiak bultzatzen duen ongizate integralak zainketa fisikoa, emozionala eta soziala uztartzen dituela, eta pertsonak beren ingurunearekin eta laguntza-sare esanguratsuekin konektatzea eskatzen duela. AuzoEkin, adierazi du, ikuspegi horren adibide bat da: batzen duen proiektu bat, loturak sortzen dituena eta estrategia ekintza zehatz bihurtzen duena. "Gure konpromisoa argia da: Hondarribia eta Gipuzkoa zainketako eta gizarte-erantzunkidetasuneko gune bihurtzea, inork bakardadean bizitzari aurre egin behar ez diezaion".

“Hondarribian badakigu pertsonen arteko harremanak direla gure komunitatearen oinarri sendoena. Bakardadea ezkutuan geratzen den errealitatea izan daiteke, eta horregatik, beharrezkoa da guztion arreta eta parte-hartzea. AuzoEkin proiektua bide ona erakusten ari da, baina herriak bere egitea ezinbestekoa da. Pertsonen arteko loturak sendotzea, adi egotea eta elkartasuna sustatzea dira etorkizunean eraiki nahi dugun Hondarribiaren oinarriak”, azpimarratu du Igor Enparan Araneta alkateak.

Diagnostikoa: % 95ek uste du bakardadea arazoa dela

"AuzoEkin" duela urtebete jarri zen abian, eta, lehenik eta behin, diagnostiko bat egin zen herritarrek nahi ez den bakardadeari buruz zuten pertzepzioa zehatz-mehatz ezagutzeko. Ildo horretan, galdetutako pertsonen % 95ek adierazi zuen Hondarribia maila sozioekonomiko handiko herri gisa ikusteak "hauskortasun sozialeko eta bakardadeko egoerak ikusezin bihurtzen" laguntzen duela.  Gainera, Hondarribian "oso errotuta" dago familia gertu edukitzeak fenomeno hori "agertzea saihesten" duelako ideia, eta uste da sare horrek hartuko dituela bere gain zainketak. 

Zehazki, galdetegi horietan parte hartu zuten herritarren % 91k "arazotzat" hartzen du aukeratu gabeko bakardadea, eta gai horrekiko kezka eta esku-hartze komunitarioaren beharra adierazten du. Gainera, % 58ren ustez, Hondarribian ez dago parte hartzeko eta elkarri eragiteko nahikoa leku eta jarduera, eta horrek agerian uzten du espazio berriak sortzeko eta zabaltzeko beharra.  Era berean, parte-hartzaileen erdiak baino gehixeagok (% 57) ez daki nola jokatu gizarte-kalteberatasuneko egoeran dagoen pertsona baten aurrean; eta % 93k "lehentasunezkotzat" jotzen du horrelako premiei erantzuteko ekimen goiztiarrak garatzea. 

Gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonen ongizatea bermatzea helburu duten proiektuetan parte hartzeko nahiari dagokionez, % 63 prest agertu zen, % 20k uko egin zion aukera horri eta % 17k ez zuen jakin iritzia ematen edo ez zuen iritzia eman nahi izan. Ezetz esan zutenen artean, gehienak adingabeak edo adinekoak zaintzeko ardurak dituzten eta behar adina denbora ez duten emakumeak ziren. 

Diagnostiko horretan, parte-hartzaileek komunitatearen eta administrazioaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuten egoera horiei aurre egiteko. Ekimen horietako batzuk dagoeneko jarri dira martxan Hondarribian, kafe-solasaldi edo prestakuntza-saio gisa, eta orain helburua da proiektu horrek beste pauso bat ematea eta "herritarrek erabat onartzea", komunitatearen zainketan inplikatzeko eta konpromisoa hartzeko. 

HARIAK, Gipuzkoaren estrategia bakardadeen aurrean

"AuzoEkin" da "ADINBERRI-HARIAK" laguntza-deialdiko 12 proiektu onuradunetako bat. Nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horiei heltzeko lehenengo deialdi monografikoa da. 800.000 euroko zuzkidura zuen deialdi honek esplorazioko, esperimentazioko eta trakzioko proiektuak finantzatu zituen, hala nola Hondarribiko Udalaren ekimen hau eta Zabalduz kooperatiba. 

Bai "AuzoEkin", bai beste hamaika proiektuak HARIAKen (nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko lurraldearen estrategia) I. Jarduketa Planaren parte izatera pasa dira, eta ADINBERRIk abian jarritako HARIAK Hub plataformaren etengabeko babesa, jarraipena eta laguntza dute. 

HARIAK estrategiak pertsonen arteko loturak eta harremanak sendotu nahi ditu, Gipuzkoa harremanen lurralde bihurtuz, laguntzen, zainketen eta komunitatearen bidez. Ildo horretan, komunitate kohesionatuagoak eta konektatuagoak eraiki nahi ditu, azken batean, lurraldeko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko.

  

1344