Breadcrumb

Asset Publisher

Gipuzkoak bere itxiera aurreikuspenak hobetu eta gertu da errekorreko beste urte bat betetzetik

Gipuzkoak bere itxiera aurreikuspenak hobetu eta gertu da errekorreko beste urte bat betetzetik

Diputatu nagusiak ekonomiaren egoera onari egotzi dio hazkundea, eta “ekonomia sustapen gehiagoren” alde egin du apustu, gorakadari eusteko

2018/10/15
Foto Gipuzkoak bere itxiera...

Gipuzkoako zerga-bilketa metatua erritmo oso onean hazi da urtearen lehen zortzi hilabetetan eta errekorreko beste urte bat osatzetik gertu da. Hori dela eta, aurtengorako zegoen bilketa aurreikuspena berrikusi da. Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren azkeneko bilerak berretsi du erabakia eta, ondorioz, Gipuzkoako zerga-bilketa %2,2 haziko da aurreko urtearekin alderatuta. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok azaldu duenez, zifra “ezohikoa” da. Foru arduradunak lurraldeko ekonomiak bizi duen momentu gozoan jarri du azpimarra hazkundea azaltzeko, eta “ekonomia sustapen gehiagoaren” alde egin, gorakadari eutsi ahal izateko. 
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu da gaur diputatu nagusia, eta berarekin izan da Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga. Topaketaren helburua pasa den ostegunean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakiak azaltzea izan da. Eusko Jaurlaritza, hiru lurraldeak eta EAEko udalak elkartzen dira topaleku honetan, eta urteko zerga-bilketa aurreikuspenak berrikusi eta hurrengo urtekoak adosten dira bertan. Hau da, erakunde arteko finantza-fluxuak zehazten dira eta, honela, eragile bakoitzak erabilgarri dituen baliabideen berri izaten du, gero hauekin aurrekontuak osatu ahal izateko. 
2018 urteari dagokionen, Gipuzkoaren zerga-bilketa %2,2 haztea aurreikusten da aurreko urtearekin alderatuta eta, beraz, urte hasieran aurreikusitakoaren gainetik kokatzen da helburu berria. Diputatu nagusiak azaldu du ekonomiaren “martxa ona” dela gorakadaren erantzulea, zerga-bilketan zuzenean islatzen ari baita azken hilabeteetan. Gainera, gogoratu du alderaketa 2017 bezalako “ezohiko” urtearekin egiten dela, orduan kupoaren efektu gehigarria baitzegoen, orain ez dagoena. “Ekonomia indartsu dago, eta honek enplegu gehiago, soldata altuagoak eta enpresentzako irabazi gehiago ekartzen du. Hau guztia, noski, zerga-bilketan jasotzen da gero”, adierazi du. 
Honela, Olanok azaldu du zenbakiak babesten ari direla Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia sustapenaren alde egiten den apustua. “Gure ekonomia ehuna babestu, lagundu eta bultzatzeak kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzea dakar, eta honela lortzen ditugu gure ongizate mailari eusteko hain beharrezkoak diren baliabideak”, esan du foru arduradunak. 
Datorren urteari begira, Gipuzkoak hazkundearen bidetik jarraitzea aurreikusten du. Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutakoaren arabera, aurtengo aurrelikidazioa %4,2n gainditzea aurreikusi da. Diputatu nagusiaren ustetan, anbiziozko helburua da ezarritakoa, eta lurraldeko ehun ekoizlearen alde egitera dei egin du, gauzatu ahal izateko. “Gure formulak ez du inongo sekreturik: arlo ekonomikoa sustatzen jarraituko dugu arlo sozialean indartsuak izan gaitezen, eta denok nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa eraiki ahal izateko: lurralde lehiakor eta dinamikoa, ahalik eta ezberdintasun gutxienekoa, bai gizarte zein hizkuntza edo genero ikuspegietatik”, aldeztu du. 
Udalen finantzaketaren atalean, diputatu nagusiak iragarri du bihar eguerdian elkartuko dela Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta topaketa honetan jakinaraziko zaizkiela lurraldeko udalei Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakiak. Honela, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) herriz-herriko zuzkidura emango zaie, eta baita datorren urterako aurreikuspenak ere. Gaurko batzordean aurreratu duenez, aurtengo Funtsak aurrekontuan jasotako baino 18 milioi gehiago izango ditu, eta datorren urtekoari beste 14 milioi gehituko zaizkio. “Igoera nabarmenak dira, baina ziur gaude gure udalek ohiko zuhurtziarekin kudeatuko dituztela baliabide gehigarri hauek”, esan du. 

Ekarpen Legea
Azkenik, Ekarpen Legea izan dute hizpide foru ordezkariek, 2011 urtetik luzatuta dagoen araudia eta, beraz, berritze premia handia duena. Honela, gogoratu dute EAEko erakundeek pasa den urtean adostu zutela Legea berritzea 2018 honetan. Gehitu dutenez, azken Herri-dirubideen Euskal Kontseilu honetan berritu egin da urtea bukatu aurretik araudia moldatuko duen akordioa erdiesteko konpromisoa. “Erabakia indarrean dago. Bi hilabete baina gehiago ditugu oraindik ere lanean jarraitu eta berau gauzatzeko”, nabarmendu du Olanok. 
Honela, gogoratu du aurten, pasa den urtean bezala, Egokitzapenerako Funts Orokorrak bere funtzioa beteko duela eta, honi esker, Gipuzkoako lortu duela bere koefizientearen %99 estaltzea. Aurreikuspenen arabera, datorren urtean ere lortuko da. Hala ere, diputatu nagusiak esan du egungo araudiak desorekak sortzen dituela lurraldeen artean eta, hori dela eta, Legea aldatzearen premian jarri du azpimarra beste behin. 

  

1395