Gipuzkoak birziklatze tasa altua du, adierazle batzuen bilakaera gelditu den arren
Gipuzkoak birziklatze tasa altua du, adierazle batzuen bilakaera gelditu den arren
Birziklatze-tasa % 52,77koa da 2024an, eta gaikako bilketa % 59,22koa da. Hondakinen sorrera % 8 murriztu da 2010. urtearekin alderatuta.

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoako ereduak funtzionatzen du eta emaitzek erakusten dute, baina beharrezkoa da mankomunitate guztiek erritmo berean aurrera egitea hobetzen jarraitzeko”.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak gaikako bilketaren eta birziklapenaren 2024ko behin-behineko datuak aurkeztu ditu gaur. Gipuzkoako datuek berretsi egiten dute, berriz ere, herritarren konpromiso-maila handia eta hondakinak kudeatzeko lurralde-ereduaren finkapena.
Hondakinen sorrera % 8 murriztu da 2010aren aldean, Euskadiko murrizketa-baliorik handiena, batez bestekoa % 4koa baita.
Asensiok adierazi duenez, “begi-bistakoa da geldialdi batera iristen ari garela zenbait adierazletan”, eta gaineratu du “herritarren kontzientziazioa oso handia izaten jarraitzen du, baina mankomunitate batzuek ez dute behar beste aurrera egiten. Horren arabera, ahaleginak hareagotu egin beharko ditugu”.
Diputatuak adierazi du bi frontetan indartu behar direla politika publikoak: alde batetik, herritarren kontzientziazioa areagotuz datuak aldatzen ez diren eremuetan; eta, bestetik, portaera jasangarrienak saritzen dituzten tarifa-politiken aldeko apustua eginez. “Oso oinarri sendoa dugu, baina hobetzen jarraitzeko anbizio handiagoko neurriak beharko ditugu”, adierazi du Asensiok.
Era berean, azpimarratu du Zubietako Ingurumen Guneko azpiegiturek funtsezko zeregina izan dutela egungo mailak finkatzeko, errefusaren zati handi bat berreskuratzeko aukera eman baitute. “Baina teknologia, berez, ez da nahikoa; ezinbestekoa da mankomunitate guztiek norabide berean aurrera egitea”, azpimarratu du.
Egonkortasuna indize globaletan, bilakaera desberdinarekin lurraldean
Birziklatze-tasa % 52,77koa izan da eta gaikako bilketa % 59,22koa. Datu horiek erakusten dute funtsezko adierazleak egonkortu egin direla, Gipuzkoan ezarritako ereduaren heldutasun-maila berresten duten gutxieneko aldakuntzekin.
Hala ere, mankomunitateen araberako bilakaerak alde nabarmenak erakusten ditu. Eremu batzuetan emaitzak gelditu egin dira, baina Txingudin bereziki nabarmendu behar da, % 1,28 hazi baita gaikako bilketaren tasa. Asensiok azpimarratu duenez, “atzean geratzen ari diren mankomunitateen ahalegin gehigarria behar dugu”.
Hondakinen sorrerak beherantz jarraitzen du
Hondakinen prebentzioari dagokionez, Gipuzkoan sortutako hondakinen bolumena % 8 murriztu da 2024an, 2010. urtearekin alderatuta. Datu horrek prebentzio-politiken eraginkortasuna eta herritarren zeregin aktiboa indartzen ditu.
Berrerabilera, kafe-kapsulak eta elikagai-hondakinak: lehentasunezko lan-ildo berriak
Berrerabiltzeko prestaketari dagokionez, 2030erako estatuko % 10eko helburuak lortzeko, Gipuzkoako Berrerabilerarako Prestaketa Zentroa eraikitzea bultzatzen ari gara, ehungintzako hondakinak konpondu, berregokitu eta bigarren bizitza bat ematea ahalbidetuko duen instalazioa, eta Legeak ezarritako helburuak lortzeaz gain, herritarrekiko konpromiso sozialean aurrera egitea ahalbidetuko diguna, sortzen diren lanpostu berrien % 55 gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonentzat gordeko diren instalazioa baita.
Apustu hori iraunkortasun departamentuaren konpromisoaren barruan kokatzen da, Gipuzkoa estatuan eta Europan erreferentziazko lurralde gisa kokatzen jarraitzeko, horrela, ekonomia zirkularra indartuz, emisioak murriztuz eta enplegu berde berriak sortuz. Gipuzkoan dagoeneko BPGaren % 10 suposatzen duen sektorea eta 20.000 enplegu baino gehiago sortzen ari dena.
Kafe kapsulen bilketari dagokionez, % 27 handitu da azken urtean, 2023an 96.145 kilo izatetik 2024an 122.166 kilo izatera igaro baita. Igoera horrek erakusten du herritarrak kontzientziatuago daudela eta martxan jarritako bilketa sistema berriak eraginkorrak direla.
Etxeetako elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez, 32,67 kg/biztanleko da, Europako batez bestekoaren azpitik, 72 kg/biztanleko ezartzen baitu, eta Gipuzkoako herritarrek beren etxeetan duten kontzientziazio maila handia adierazten du.
2024an balio kate osoak elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez, 126.922 tona elikagai alferrik galdu direla kalkulatzen da. Zifra horrek argi uzten du kontsumo arduratsua sustatuko duten eta nekazaritzako elikagaien kateko eragileekin lankidetzan arituko diren politika publikoetan sakontzen jarraitu behar dela, galerak jatorritik etxera arte murrizteko.
6015