Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak gizarte inklusioko plan berrirako oinarriak finkatu ditu

Gipuzkoak gizarte inklusioko plan berrirako oinarriak finkatu ditu

Azken urteetako gizarte bazterkeriako egoeren bilakaera aztertu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar-EKIN 2016-2020 Planaren balantzea partekatu du, eta plan berria diseinatzeari ekin dio.

Gaur goizean, Gipuzkoako gizarte inklusioaren esparruko profesional eta erakundeek lan saio batean partekatu eta eztabaidatu dituzte Gipuzkoako gizarte inklusioaren plan berriaren oinarri izango diren ildo orokorrak eta oinarrizko orientazioak. Topaketa Orona-Ideon egin da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu eta gidatu du, SIISekin koordinatuta. Topaketa horri esker, eztabaidatu, kontrastatu eta espazio bat eraiki ahal izan dute “Gipuzkoan gizarte inklusioari lotutako politika publikoen berrorientazioan aurrera egiteko”, Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak adierazi duenez. Bestalde, jardunaldiari hasiera emateko gizarte inklusioak politika publikoen baitan duen lekuari buruzko hausnarketa partekatua egin du.

Gizarte-zerbitzuen plangintzaren eta ebaluazioaren gakoetan eta erronketan sakondu duen José Manuel Fresno adituaren ponentziaren ondoren, Elkar-EKIN 2016-2020 Planaren ebaluazioa egin da, planaren emaitza nagusien errepasoaren bidez. Ondoren, oinarrizko orientazio batzuk planteatu dira gizarte inklusioko plan berrirako, eta horrek aukera eman du talde dinamikak abian jarri eta plan berriaren oinarri kontzeptual, erronka, ardatz, eduki eta konpromisoak eztabaidatu eta kontrastatzeko.

Abiapuntu gisa, Gipuzkoako gizarte bazterkeriarekin lotutako egoeren azken urteetako bilakaeraren erradiografia partekatu da, eta horrek aurreko planaren ebaluazioa eta plan berriaren diseinua testuinguruan kokatzeko balio izan du. Elkar-EKIN 2016-2020 Plana aztertu da galdetegi eta elkarrizketa sakonen bidez, eta batez beste 5 puntutik 3 puntu lortu ditu. Ondoen baloratutako alderdia izan da ardatzen eta jarduera ildoen egokitzapena; aldiz, okerren baloratutako alderdia izan da ongizate sozialeko beste sistema batzuekin koordinatzea.

Diputatuak azpimarratu duenez, "Elkar-EKIN planak sektorea antolatzeko tresna gisa funtzionatu du, baita inklusioaren eremua agenda politikoaren erdigunean jartzeko tresna gisa ere. Era berean, lagungarria izan zaigu akordioak bilatzeko, elkarlaneko gobernantzan aurrera egiteko, parte-hartzea hobetzeko eta gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei ematen zaien arreta hobetzeko, bai eta beharrezko baliabideak egokitzeko, definitzeko eta hornitzeko ere".

Hala ere, Maite Peñak adierazi duenez, "arreta berezia jartzen dugu atzemandako gabezietan, horrek inklusioko plan berri bat sortzeko balioko digulako, oraindik eta anbizio handiagokoa, berritzaileagoa eta zeharkakoagoa". Horregatik, beste sistema batzuekiko koordinazioan, baliabideen lurralde egokitzapenean eta hedapenean, eta ekintza komunitarioaren sustapenean aurrera egiteko beharra azpimarratu da.

Beraz, Gipuzkoako gizarte inklusioko plan berriak, aurrekoan hartutako konpromisoei jarraipena emateaz gain, proiektu traktore ebaluagarriak eta eskalagarriak izango ditu. Gizarte berrikuntzaren ikuspegitik, pertsonalizazioaren, aktibazio komunitarioaren eta esperimentazioaren oinarriak landuko dira. " Guztia ere elkarrekin parte hartzen duen sistema batetik, diseinutik hasita. Sistema hori sistematikoki ebaluatuko da, eta inplikatutako gizarte eragile guztiek gobernatuko dute", ondorioztatu du diputatuak.

  

1529