Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak hondakina baliabide bihurtzearen aldeko apustua egin du, oraingo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea ziurtatuko duen etorkizun jasangarria eraikitzeko

Gipuzkoak hondakina baliabide bihurtzearen aldeko apustua egin du, oraingo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea ziurtatuko duen etorkizun jasangarria eraikitzeko

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 20tik 28ra bitartean izango da, eta Gipuzkoak ekonomia zirkularrean duen indarra erakustea eta balioa ematea du helburu.

2021/11/15

Jose Ignacio Asensio: «Ekonomia zirkularra, klima aldaketaren aurka borrokatzeko aukera izateaz gain, jasangarritasunean oinarritutako sektore ekonomiko eta industrial berri bat garatzeko aukera emango digun aldaketa-palanka bat ere bada. Horrek enplegu berdea eta lokala sortzea ekarriko du, hau da, planetaren osasuna eta pertsonen ongizatea zainduko dituen sistema ekonomiko arduratsu bat sortzea».

 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 20tik 28ra bitartean izango da, eta Gipuzkoak ekonomia zirkularrean duen indarra erakustea eta balioa ematea du helburu, sektorea enplegu berdea sortzeko motor ekonomiko gisa ikusaraziz.

 

Aurten, jarduera-agenda handitu egin dugu: iaz 8 ekintza egin ziren, eta aurten 13. Era berean, lankidetza handitu egin da, aurreko urteetan baino eragile gehiagorekin. Gipuzkoako ekonomia zirkularraren sektoreko eragileek eta lurraldeko moda iraunkorreko diseinatzaileek parte hartzen dute.

 

Aurtengo ekintzarik berrienen artean, Garberan bigarren eskuko denda berri bat dago, moda jasangarria herritarrei hurbiltzeko, erosteko beste aukera bat. Ekintza hori Bartzelonan eta Madrilen gauzatzen ari dira, eta orain Donostiara iritsi da. Ekintza aipagarriak dira, halaber, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzeko afari iraunkorra eta solidarioa egitea, Ecovidriok birziklapenarekin eta jasangarritasunarekin hartutako konpromisoagatik Gipuzkoari saria ematea, edo Scientia Karmelo Ikastetxean naturarekin kontaktuan dagoen ikasgela bat aire zabalean aurkeztea.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak proposatu du azaroaren 20tik 28ra bitarteko astea erabiltzea, hain zuzen, hondakinak baliabide bihurtzeari buruz eta prebentzio politikak eta ekonomia zirkularra bultzatzeak Gipuzkoari eskaintzen dion aukerari buruz hausnartzeko. Esparru horretan, aurten ere Hondakinen Prebentziorako Europako Astea egingo da. Aste honek, Gipuzkoak ekonomia zirkularrean duen indarra erakustea eta balioa ematea du helburu, sektorea enplegu berdea sortzeko motor ekonomiko gisa ikusaraziz.

 

Gaur goizean, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak aurkeztu du jarduera-programa, eta Gipuzkoako industria-sarean dagoen ingurumen-kontzientziazioa eta enpresen arteko lankidetza-espiritua nabarmendu ditu: “Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak modu aktiboan dihardu lanean 2015etik aurrera Lurraldean ekonomia zirkularra bultzatzeko helburuan. Horretarako, ‘GK Recycling’ berrerabilpen eta birziklapenerako klusterra sortu zen. Gaur egun, Gipuzkoako 80 erakundek osatzen dute, edo ‘GK Green Fashion’ moda iraunkorreko klusterra non Gipuzkoako 40 diseinatzaile biltzen diren. Asensiok azpimarratu duenez, “berriro ere Gipuzkoa ekintzara pasatzen da, Glasgoweko Klimaren Gailurrean eztabaidatu den bezala”.

 

Europako Batzordeak sustatutako ekimen bat da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea, eta baliabide jasangarriei buruzko sentsibilizazio ekintzak sustatzea eta ezartzea du helburu, betiere garrantzi berezia emanez hondakinen sorrera prebenitzera eta minimizatzera bideratutako ekintzei.


Programak jarduera hauek jasotzen ditu: berrerabiltzeko eta birziklatzeko jarduerak garatzen dituzten lurraldeko enpresek ekonomia zirkularraren arloan izandako esperientzien azalpena; Ekonomia Zirkularreko gelan 4.0  industriaren, material berrien bilaketaren eta bizi-zikloaren azterketaren inguruan garatzen ari diren proiektuen lagin bat; ekonomia zirkularrari buruz partekatu eta ikasteko topaketa HABICen eskutik; ekonomia zirkularreko eta birziklapeneko eskulturen erakusketa, ikasleek egindakoa; hezkuntza-gela berri bat, ikasleek ekonomia zirkularrari buruzko kontzeptuak hurbiletik ezagutu, ukitu eta sentitu ditzaten; errekonozimendua Gipuzkoari birziklatzearekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoagatik, Donostian munduko bilgarri-edukiontzi handiena jarrita; enpresa laguntzaile batzuei zuzendutako aitortza-ekitaldia, Gipuzkoako Elikagai Bankuaren «azken minutuko» programan egindako lanagatik; sukaldaritza jasangarriari buruzko jardunaldia Basque Culinary Centerren; afari jasangarri eta solidarioa, Mahaia Kolektiboarekin eta Basque Culinary Centerrekin elkarlanean, Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat dirua biltzeko; eta moda jasangarriaren desfilea Miramar Jauregian.

 

Gipuzkoaren kasuan, herritarrak kontzientziatzera eta sentsibilizatzera bideratutako ekintzen barruan, Prebentzioaren Astea da Ingurumeneko Departamentuaren jarduera nagusietako bat.  Programatutako jarduera nagusiak oinarrituta daude, hain zuzen, sortzen diren hondakinak murrizteko eta hondakin horietan dauden materialei bigarren erabilera bat emateko aukera eskaintzen duten ekimenetan, ekonomia zirkularraren printzipioetan ezarritakoarekin bat etorriz. Helburua da, alde batetik, ekonomia zirkularrerako trantsizioak duen garrantziaren eta eskaintzen duen aukeraren berri ematea herritarrei eta, bestetik, argi azaltzea hondakinak gaika biltzeko herritarrek egiten duten ahaleginak zentzu garrantzitsua duela: hondakina baliabide bihurtzea, tokiko ekonomia eta enplegua sortuz.

 

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azaldu duenez, ekonomia zirkularraz hitz egiten dugunean hondakinen hierarkiaren maila guztietan jarduteko premiari buruz ari gara, eta «azken batean, aukera berriak aprobetxatzeko gai izatea da helburu, hondakina lehengaitzat hartuta, haren ekoizpena eta xahutzea saihestuta, eta arazo bat aukera bihurtzeko gai izanda».

 

Era berean, Asensiok adierazi duenez, pandemiaren ondorioz gaur egun bizi dugun osasun krisia kontuan hartuta, ezinbestekoa da «klima aldaketaren, trantsizio energetikoaren eta ekonomia zirkularraren arloetako politika eta ekintza guztiak bizkortzea, guztion artean normaltasun berri bat eraiki ahal izateko. Azken batean, krisi honetatik erantzun berde batekin ateratzeko gai izan behar dugu, eta hazkunde ekonomiko jasangarriko estrategia berri baten aldeko apustua egin behar dugu».

 

Asensiok esan du, halaber, aste honen edukia Gipuzkoan dagoen kontzientzia sozial handia sendotzera eta finkatzera bideratuta dagoela, hondakinen prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklapenean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko. Eta herritar guztiak gonbidatu ditu prebentzio aste honen programan aurreikusitako sentsibilizazio jarduera ugarietan parte hartzera.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1943