Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak jarduera fisikoa eta kirola 10.000 pertsona ez-aktibori hurbilduko die

Gipuzkoak jarduera fisikoa eta kirola 10.000 pertsona ez-aktibori hurbilduko die

Bizi-ohitura osasungarriagoak sustatzeko ekimena da Mugiment.

Aldundiak biztanleria ez-aktiboei kirola eta jarduera fisikoa jasotzen dituzten bizi-ohitura osasungarriagoak sustatzeko zuzendutako programak aurkeztu ditu. Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, Gipuzkoa da lurralderik aktiboena gipuzkoarren %71a aktiboa baita.

Denis Itxaso: “Kirolera jotzea pertsonen eskubide unibertsaltzat jo behar da, beren osasuna, gizarte-integrazioa eta ongizate orokorra hobetzeko”.

Maite Peña: “Desgaitasunen bat duten pertsonek eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonek kirolera jo ahal izateko alternatibak eskaini behar dira, ezinbestean, desberdintasuna gainditzeko eta beren bizi-kalitatea hobetzeko”.

Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako diputatuak eta Maite Peña, Gizarte Politikako Diputatuak  gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerarik ezari aurre egiteko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko bultzatzen dituen politika eta programak aurkeztu dituzte.

Itxasok Mugiment ekimena azaldu du. Ekimen horren helburua da jarduera fisikoaren praktika gizarte osoaren eskubide gisa zabaltzea eta, horretarako, jarduera fisikoaren beraren onura fisikoen, terapeutikoen eta sozialen balioa nabarmentzea, Gipuzkoako pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko. Programa honetan, kirola oso faktore garrantzitsua da pertsonen ongizaterako eta bizi-kalitaterako, eta, baldintza fisikoa hobetzeko eragin positiboez gainera, erabakigarria da osasuna, zuzentasuna eta gizarte-integrazioa prebenitzeko eta hobetzeko, bai eta oztopoak gainditzeko eta aniztasun funtzionala integratzeko ere. Ildo horretan, Denis Itxasok zera nabarmendu du: “kirolera jotzea pertsonen eskubide unibertsaltzat jo behar da, beren osasuna, gizarte-integrazioa eta ongizate orokorra hobetzeko”.

Programa hau zuzentzen zaie, bereziki, jarduerarik egiten ez duten gipuzkoarrei, kirola egiteko zailtasun handienak dituzten horiei; erabateko berrikuntza dakar, zentzu horretan. Udalekin koordinatuz, hiru biztanleria talde nagusi definitu dira: haurrak (0-8 urte), kontziliazio arazoak dituzten helduak eta adinekoak. Biztanleria talde horiek orain arte ez dute izan benetako espaziorik tokiko eta lurraldeko kirol zerbitzuen agendetan, eta, aurreikuspenen arabera, handia izango da hobekuntza. Horri dagokionez, Maite Peña diputatuak honako hau adierazi du: «kirol politikek alternatibak eskaini behar dituzte desgaitasunen bat duten pertsonek eta bazterkeria arriskuan daudenek ere kirola egiteko aukera izan dezaetn, desberdintasuna gainditzeko eta bizi kalitatea hobetzeko faktore gisa».

Orobat, diputatuak azpimarratu duenez, Mugiment ekimenak, «dibertsitate funtzionalaren integraziorako eta oztopoak gainditzeko» lagungarri izateaz gain, kirola sustatuko du «bizi ohitura osasuntsu» gisa txiki-txikitatik, «prebentzio» modura. «Esaterako, dementziak Gipuzkoako biztanleriaren zati handi bati eragiten dio, eta badakigu Alzheimerra izan dezakeen pertsona baten garunean gertatzen diren aldaketak gaixotasuna garatu baino 25 urte lehenago hasten direla agertzen», nabarmendu du Peñak. Horrekin batera gogorarazi du joan zen urtean «egoitza batean sartzeko egin ziren eskaeren % 42 narriadura kognitiboren bat duten pertsonenak izan direla.  Hortaz, ohitura osasungarriak izateak, besteak beste kirola egiteko ohitura izateak, bereziki eragiten dio 40-60 urte arteko biztanleriari ere».

Gipuzkoa da lurralderik aktiboena

Diputatuak azaldu duenaren arabera, “Gipuzkoak kirolean hasteko eta hura praktikatzeko maila altuak dituen egitura sendoa du, eta emaitza bikainak errendimendu-kirolean. Gure helburua jarduera fisikoa ongizate-iturri gisa unibertsal bihurtzea da, eta emaitzak arrazoia ematen ari zaizkigu”. Hitz horiek Osasunaren Euskal Inkestaren (2013) datuetan oinarritzen dira: emakumeen % 68,4 eta gizonen % 74,9 aktiboa da Gipuzkoan.

Itxasok, halaber, zera azaldu du: “kirol-praktikaz ari garenean, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, Gipuzkoa da lurralderik aktiboena (% 71), Bizkaiaren (% 62) eta Arabaren (% 54) aurretik. Ehuneko hori, Estatuan, % 40koa da. Zifra horien bidez, Gipuzkoa alderdi horretan abangoardian dagoela ikusten da, eta hobetzen jarraitu nahi dugu”, eta esan du, zehazki adin goiztiarretan egiten den kirola dela eta, “mutilen % 77,6k eta nesken % 66,4k Gipuzkoan eskola-kirola egin ohi duela”. Gaur egun, 17.900 mutil eta 14.000 neska daude izena emanda Gipuzkoako eskola-kiroleko programako lehiatzeko jardueretan; 12.671 neska eta 13.576 mutil kirol-modalitateetako hastapenetan eta irakaskuntzan.

Gipuzkoarren % 92 helduarora heltzean hasi da kirolean, herritarren % 12k federazio-lizentzia du eta, bestalde, goi-errendimendua dela eta, Gipuzkoak, Espainiako lurralde txikiena izanik, 13 kirolari eraman ditu azken Joko Olinpikoetara (6 emakume eta 7 gizon) eta zenbait domina lortu dituzte –bat urrezkoa– eta hainbat olinpiar diploma. Emaitza horiek dakartzan diziplina anitzeko izaera horrekin batera, gizonezkoen futbolaren Europako seigarren harrobitzat hartzen dena dugu (Real Sociedad).

Hori guztia, Eskola Kirola eta Kirolgi programei esker, besteak beste, eta kirol-ekipamenduen planak bermatzen dituen instalazioen sareari esker; sareak 55 udalerri ditu eta 567.000 biztanle, alegia, Gipuzkoako herritarren % 80, eta diruz lagundutako 58 proiektu jasotzen ditu, 53.800.415,74 €-ko inbertsioa eta 10.605.000,00€-ko foru-ekarpena. Horren guztiaren bidez, kirola faktore garrantzitsua da Gipuzkoaren bizi-kalitaterako eta kirol-praktika unibertsal bihurtzea Gipuzkoako ongizate-sistemaren parte da.

 

Nahiz eta eginiko lana abiapuntu egokia den, gaur egun, oraindik, Gipuzkoako herritarren % 28, 200.000 pertsona baino gehiago, ez da aktiboa.  Helburua da zifra hori % 5era murriztea (% 7 emakumeetan) eta 10.000 gipuzkoar aktibatzea 2019rako.

Programa zehazki zuzentzen zaie Gipuzkoan kirol-praktikara jotzeko zailtasun gehien duten herritar ez-aktiboei, eta horrek benetako berrikuntza dakar. Udalekin koordinatuta, lehentasunezko hiru herritar-talde zehaztu dira: bizitzako lehendabiziko urteak (0 eta 8 urte bitartean), kontziliaziorako arazoak dituzten helduak eta adinekoak. Egun arte, biztanle-talde horiek ez dute benetako lekurik izan tokiko eta lurraldeko kirol-zerbitzuen agendetan, eta horietan hobekuntza esanguratsua aurreikus daiteke. Horren harira, Kultura diputatuak zera esan du: “kirol-politikek alternatibak eskaini behar dituzte, emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonek eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonek ere kirolera jo ahal izateko, desberdintasuna gainditzeko eta beren bizi-kalitatea hobetzeko faktore gisa”.

Helburu horiek betetzeko, Mugiment programak, udalekin lankidetzan, 6 estrategia nagusi zabaldu ditu:

• Kirol-orientaziorako zerbitzuen tokiko sarea sortzea, erkidegoko beste zerbitzu batzuekin konektatuta dagoena (osasun-, gizarte-, hezkuntza-zerbitzuak…), pertsona ez-aktiboei arreta emateko.

• Ikaskuntza-prozesua garatzea eta lehentasunezko gisa zehaztutako herritar-taldeen inguruan esku hartzeko proposamenak batzea.

• Gipuzkoako kirol-zentroetako profesionalen gaitasunak hobetzea, patologiak dituzten pertsonei arreta emateko.

• Kirol-politika eta -programetan zuzentasuna sustatzea.

• Desgaitasunen bat duten pertsonentzako ariketa fisikorako aukerak bermatzea.

• Jarduera fisikoarekin lagunkoia den ingurune fisikoa garatzea.

Mugiment programa udalekin lankidetzan prestatu da; plangintzarako eta koordinaziorako hiru topaketa izan ditugu udalekin. 2017an, toki-erakundeetako 80 profesionalen parte-hartzea izan duen programaren aurrerapenaren bateratze-lana egin da. Erakunde parte-hartzaileek garapen praktikoaren balorazio positiboa egin zuten, eta Mugiment proiektuaren errealitateetara egokitzen dela balioetsi zuten; halaber, beste sektore batzuetako eragileekiko koordinazioa eta kirol-zentroetako teknikarientzako jarduerak ere positiboki balioetsi zituzten. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatu da kirol-orientazioaren eredua, bideratze-eredua eta diru-laguntzetarako irizpideak.

 

 

 

  

1362