Gipuzkoako 371 langile lurraldeko 58 enpresaren jabetzara sartu ziren iaz
Gipuzkoako 371 langile lurraldeko 58 enpresaren jabetzara sartu ziren iaz
2016an onartu zen langileen partaidetza sustatzeko Foru Arauaren ibilbidearen balorazio “oso positiboa” egin du Aldundiak
Gipuzkoako 371 langile lurraldeko 58 enpresen jabetzera sartu ziren 2018 urtean, ondorioz Foru Aldundiak 2016an onartu zuen langileen partaidetza sustatzeko Foru Arauak jasotzen dituen zerga pizgarriak aplikatuz. Foru bozeramailea den Eider Mendozak arauaren ibilbidearen balorazio “oso positiboa” egin du. Azaldu duenez, Foru Arau honi esker hiru urtetan 730 langile izan dira 146 enpresetako jabetzara sartu direnak. “Gure enpresen %99 baino gehiago pymeak dira eta, beraien ibilbidearen momentu batean edo bestean, jabetza errelebo prozesuak izaten dituzte. Gure Foru Arauak hor jartzen du azpimarra, langileak animatzen baititu pausua eman eta bere enpresaren jabetzan sartzera. Izan ere, hauexek dira lurraldearekin eta konpainiarekin berarekin konpromiso maila altuena duten inbertsoreak”, esan du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Batzar horretan, Foru Arauak orain arte izan dituen emaitzei egin zaie errepasoa, uztailean amaitu zen Errenta kanpainaren ostean. Foru bozeramaileak gogoratu du Foru Aldundia apustu nabarmena ari dela egiten azken urteetan langileen partaidetzaren arloa indartzeko, batez ere lau lan lerroren bitartez ekinez: fiskalitatea, ekonomia sustapena, finantzaketa eta esperimentazioa, azken puntu honetan Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez.
Mendozak esan du foru erakundeak “hainbat arrazoi” dituela langileen partaidetzaren alde egiteko: enpresarekin eta lurraldearekin konprometituta dauden inbertsoreak erakartzea (langileak beraiek), erabaki guneei eutsi eta deslokalizazioak ekiditea, enpresetako barnek kohesioa indartzea, talentu ihesa ekiditea… “Ekonomia globalak dituen erronkei erantzuteko Gipuzkoak egiten duen apustuetako bat da partaidetza. Oso gurea den zerbait da, gure nortasunaren parte dena eta, datuak esku artean, emaitza onak ematen ari dena”, aldeztu du.
2016 urtean, 147 langile (106 gizonezko eta 41 emakume) izan ziren 40 enpresetako jabetzan sartu zirenak; 2017 urtean, 212 langile (162 gizonezko eta 50 emakume) 48 konpainiatan; eta 2018 urtean, 371 langile (280 gizonezko eta 91 emakume) 58 enpresetan. “Egiten dugun balorazio oso positiboa da. Indarrean hiru urte egon ostean, joera hazkundearena da. Gure apustua, beraz, egonkortzen ari da. Erronka orain honi jarraipena eman eta alor hau indartzen jarraitzea da”, gaineratu du Mendozak.
Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Foru Arauaren helburu nagusietako zen emakumeen partaidetzari lehentasuna eman eta esplizituki sustatzea, horretarako tratamendu positibo berritzailea ezarriz kolektibo honentzat. “Egun arte, pizgarri hau aplikatzen dutenen artetik lautik bat bakarrik da emakumea eta, beraz, neurriaren eragina oraindik ere mugatua da. Hala ere, norabide egokian doan erabakia da, enpresa munduan hain beharrezkoa den kultura aldaketa hori bultzatzera bideratua”, aldeztu du. “Emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin emakume eta gizonek irabazten dute eta, ondorioz, gizarteak bere osotasunean irabazten du”, gaineratu du.
Langileen partaidetza sustatzeko Foru Araua 2016ko abenduan izan zen onartua, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera dago indarrean, atzera eraginezko efektuarekin. Jasotzen dituen neurri nagusiak honakoak dira: %15 kenkaria gizonezkoentzat eta %20koa emakumezkoentzat PFEZean, enpresaren jabetzan sartzen den langilearen alde. Kreditu fiskala 6.000 eurokoa da gizonezkoen kasuan, eta 8.000 eurokoa emakumezkoenean. Pizgarria lau urtetan zehar da aplikagarria, eta urteko mugak 1.500 eurokoak dira gizonezkoentzat eta 2.000 eurokoak emakumezkoentzat.
Saturrarango bidegurutzea
Bigarren erabakiak Bide Azpiegituren departamentuari eragiten dio. “GI-638 errepidean, Mutriku eta Ondarru artean, bidegurutzea dago Saturrarango hondartzea joateko bidea duena, 7,3 kilometro puntuan. Leku horretan oinezkoek errepidea gurutzatzen dute, segurtasun baldintza eskasetan. Bidegurutzeko segurtasuna hobetzeko eta oinezkoentzat pasabide seguruak egiteko, toki honetan oinezkoen pasabidearen segurtasuna hobetzeko proiektua onartu du gaurkoan Diputatuen Kontseiluak”, azaldu du Mendozak.
Proiektuak jasotzen du funtsean oinezkoentzat semaforodun pasabide bat egitea, bide erdian bi irla eginez, 5,50 metroko luzerarekin, eta 1,70 metroko zabalerarekin oinezkoak babestuta egoteko. Gainera, espaloi bat egingo da Ondarroa noranzkoan. Zoladurari dagokionez, zoru osoa egingo da zolatu gabeko edo zoladura egokirik ez duten gunetan, eta frenatzeko guneetan zorua hobetzea aurreikusten da. Datorren urtean lizitatu eta egingo da obra, eta 110.000 euro inguruko aurrekontua izango du.
Mendozak gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin berezia ari da egiten GI-638 errepidean, sarbideak hobetu eta gune gatazkatsuak kentzeko, bereziki Mutriku inguruan. Honela, aipatu du Deba-Mutriku hobetu eta oinezkoentzako bidea eta bidegorria eraikitzeko proiektua. Ekimena martxan dago, eta urte hasierarako amaituta izatea espero dugu Aldundiak. Hizpide izan du baita ere Mutriku irteeran, Ondarroa norabidean eta Txirrita industriagunearen parean, eraikitzen ari den itxitako biribilgunea. Azkenik, Mijoa industriagunearen parean dagoen bidegurutzea hobetzeko lanak ere aipatu ditu. Bertan erdiko itxaron-erreia ari da eraikitzen Aldundia, ezkerretara giroa segurtasun gehiagorekin hartzeko.
Euskaltzaindiaren mendeurrena
Bestalde, foru bozeramaleak gogoratu du aurten bere mendeurrena ari dela ospatzen Euskaltzaindia, eta larunbat honetan egingo duela ospakizun hauen amaiera ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundian bertan. Ekitaldi honek 1919ko urriaren 26an espazio berean eginiko biltzarra gogoratuko du, hura izan baitzen Akademiaren lehen batzar ofiziala. “Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako ohore handia da maila honetako ekitaldi bat hartzea. Ukaezina da Euskaltzaindiak euskal komunitatearentzako eta, ondorioz, Euskadi eta Gipuzkoarentzako duen garrantzia”, esan du Mendozak.
Larunbateko ekitaldia 12:00etan hasiko da Gipuzkoa plazan egingo den soka-dantzarekin, eta ondoren Jauregiko Jalgi Aretoan jarraituko du. EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko agintari nagusiek parte hartuko dute, tartean lehendakaria eta hiru diputatu nagusiak. Beraiekin izango dira Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua osatzen duten erakunde, akademia eta elkarteen ordezkariak.
Argazki lehiaketa
Azkenik, Mendozak azaldu du atzo itxi zela Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketaren hirugarren ediziora argazkiak aurkezteko epea. Oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek osatuko dute erakundearen 2020ko egutegia. Gipuzkoako ingurumena izan da aurtengo gaia; argazkien bitartez, lurraldeko ingurumena eta biodibertsitatea balioan jartzea eskatu zaie parte hartzaileei. Guztira, 651 argazki aurkeztu dira eta 316 gipuzkoarrek hartu dute parte lehiaketan.
Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta bi eragileetako ordezkariekin osatutako batzorde hautatzaile bat arduratuko da 13 argazkirik onenak aukeratzeaz. Kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana kontuan hartzen dira kontutan. Hilabete honetan bertan emango da lan irabazleen berri, eta urrian bertan egingo da sari banaketa. Guztira, 4.000 euro banatuko ditu lehiaketak saritan: 1.000 euro egutegiaren azala izango den irabazleari, eta 250 euroko beste 12 sari, hilabete bakoitzeko bana. Abenduan erakusketa bat egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian, lan sarituak ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Urtero legez, abenduaren 21ean egingo da egutegi inprimatuaren banaketa Foru Aldundian.
1666