Gipuzkoako bilketa metatua % 13 igo da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako bilketa metatua % 13 igo da urrira arte, aurreko urtearekin alderatuta
2025eko lehen hamar hilabeteetan 579 milioi gehiago bildu dira, 2024ko aldi berarekin alderatuta.
Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 13eko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira, 5.042 milioi euro bildu dira urrira arte, 2024ko aldi berean baino 579 milioi gehiago. Diru sarrera osoak % 7,8 igo dira eta itzulketak, % 6,4 jaitsi. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 11,2 egin du gora, zeharkako zergenak % 13,9 eta Estatuarekiko egokitzapenenak % 17,6.
Urrira arte metatutako diru-bilketa likidoaren aldaketa, neurri handi batean, mutualistei 2024ko uztailean preskribatu gabeko ekitaldietan egindako ezohiko itzulketek eragin dute, eta horiek desitxuratu egiten dute konparazioa. Ondorio hori kontuan hartuko ez bagenu, aipatutako aldaketa % 8,9koa izango litzateke.
Eragin hori alde batera utzita, urrira arte izandako bilakaera positiboa honako hauetan izandako diru-sarreren gehikuntzak azaltzen du: lan-etekinen gaineko atxikipenak, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak, BEZa eta ondare-eskualdaketen gaineko zerga. Bestalde, urrira arte metatutako diru-bilketan eragin negatiboa izan duten faktoreen artean, ondare-irabazien gaineko atxikipenen murrizketa eta sozietateen gaineko zergaren itzulketen igoera aipatu behar dira.
Zergen arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 5,9 igo dira, hau da, 107,7 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. PFEZren kuota diferentzial garbiaren bidezko diru-sarrerak 6,9 milioi euro igo dira, eta itzulketak 140,7 milioi euro jaitsi; beraz, bilketa likidoa 147,5 milioi euro igo da urrira arte, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Aldaketa hori, lehen azaldu den bezala, iaz mutualistei egindako ezohiko itzulketen ondorio da batez ere. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren diru-bilketa likidoa % 14,3 igo da, hau da, 240 milioi gehiago.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren diru-sarrerak 28,6 milioi gutxiago izan dira urrira arte, 2024ko aldi berarekin alderatuta. Aldaketa horrek bi osagai ditu: batetik, diru-sarrera gordinek 3,5 milioi egin dute gora; eta, bestetik, itzulketek 32,2 milioi.
Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, BEZaren bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, % 17,1 igo da, hau da, 190,6 milioi euroko igoera egon da bilketan. Atal honetan, Gipuzkoako diru-sarrerak 106,5 milioi euro igo ira (% +7,3), itzulketak 5,3 milioi euro (% +1) eta lurralde arteko doikuntzak 89,4 milioi (% +21,5).
Zerga berezien kasuan, tabako laboreen gaineko zergaren bilketak % 5,7ko igoera izan du, hau da, 6,3 milioi gehiago. Elektrizitatearen gaineko zergaren bilketak % 62,6 egin du gora, hau da, 7,5 milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta, onartutako arau aldaketen ondorioz.
Azkenik, Estatuarekiko egokitzapenen atalean, aurreko urtearen aldean, metatutako diru-bilketa 79,4 milioi igo da BEZean eta 13,1 milioitan hobetu da zerga berezietan. Estatuarekiko doikuntzetatik, honako hauek nabarmendu behar dira: inportazioen BEZaren doikuntza 52,9 milioi igo da; eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa, berriz, 17,2 milioi murriztu da.
1769