Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarko Errezabal egoitza berriaren obrak hasi ditu gaur

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarko Errezabal egoitza berriaren obrak hasi ditu gaur

Egoitza publiko berriak, El Pilar ikastetxe zaharraren lurzatian dagoenak, 169 plaza eskainiko ditu —egoitzaren eta eguneko zentroaren artean banatuak—. Adinekoentzako eta laguntza-premiak dituztenentzako unitate espezializa-tuak izango ditu, arreta pertsonalizatu eta komunitarioko ereduari jarraituz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarren Errezabal egoitza berria eraikitzeko obrei ekin die gaur. Proiektu estrategiko bat da, arreta eredua pertsonalizatuagoa eta komunitarioagoa bilakatzeko. Ekipamendu berria El Pilar ikastetxe zaharraren lursailean eraikiko da, eta guztira 169 plaza publiko eskainiko ditu, egoitzaren eta eguneko zentroaren artean banatuko direnak.

Zentroak adinekoentzako 108 egoitza plaza izango ditu, bost bizikidetza unitatetan antolatuta, eta horietako bat 20 plazako unitate psikogeriatriko bat izango da. Gainera, nahasmendu mental larria duten pertsonentzako unitate espezializatu bat izango du, 21 plazakoa. Horrez gain, 40 pertsona nagusirentzako eguneko zentro bat ere izango du. Hori guztia Debabarreneko herritarren zerbitzura egongo da.

Obrak hasi diren lursailera egindako bisitan bertan, proiektuaren xehetasunak aurkeztu dituzte Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak. Ekitaldian, gogorarazi dute Viuda de Sainzek eta Biharkok osatutako Elgoibar 2023 ABEEa izan zela adjudikaziodun izan zela, bai eraikuntzarena, bai zentroaren hamar urteko kudeaketarena. Adjudikazioaren zenbatekoa 88,5 milioi eurokoa izan da, eta horietatik 20,6 milioi obrara bideratuko dira.

Obrak egiteko aurreikusitako epea 24 hilabetekoa da, 2025eko uztailetik aurrera, eta, beraz, egoitza 2027an egon ahal izango da erabilgarri. Zentroak 129 egoitza plaza izango ditu, Eguneko Zentroko 40 plaza eta 10.500 metro koadro inguruko azalera hartuko du. Bertako instalazioak modernoak, irisgarriak, ingurunean integratuak eta komunitatearekin lotuak izango dira. Eremu komun zabalak, berdeguneak, modulu bakoitzeko terrazak eta jantokiak ere izango ditu. 75 plazako lurpeko aparkaleku publiko bat ere egokituko da.

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, «egun esanguratsua da gaurkoa, emandako hitzaren bermea baita. Bidean aurkitutako oztopo guztiak gainditu ondoren, Errezabalen eraikuntzaren hasiera errealitatea da jada. Proiektu honek Aldundiak adinekoei eta laguntza behar dutenei arreta duina eta kalitatezkoa ematearekin duen konpromiso irmoa islatzen du». 

Mendozak azpimarratu duenez, egoitza berria izango da Elgoibarko tokiko zaintza ekosistemaren ardatz nagusia, eta Debabarrena eskualde osoaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo die. «Garrantzi handiko proiektua da Elgoibarrentzat eta Gipuzkoarentzat, eta gure lurraldeko zaintzen arloa jasaten ari den eraldaketa sakonaren beste adibide bat da. Errezabal egoitza bereziki baliagarria izango da apustu hori sendotzeko eta etorkizuneko zainketetaranzko trantsizioan aurrera egiteko».

Egoitza berria Gipuzkoako adinekoentzako egoitza sarean sustatzen den aldaketaren «ardatzetako» bat da, hirugarren sektore sozialarekin eta udalekin batera. Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera ardatz nagusia pertsona guztien ongizate integrala sustatzea eta babestea da», osasun fisikoa, emozionala eta soziala barne. Horretarako, «funtsezkoa da zainketen kalitatea eta pertsonalizazioa hobetzea». Gainera, nabarmendu du, «Gipuzkoa berrikuntzak egiten ari da, adinekoek arreta pertsonalizatua beren etxeetan jaso ahal izan dezaten eta, hori ezinezkoa den kasuetan, beren etxeetan daudela sentiarazten dituzten egoitzetan».

Funtsezko bi oinarri: pertsonalizazioa eta komunitatea

Maite Peñak azpimarratu duenez, «garrantzi handiko» proiektua da Elgoibarrentzat eta Gipuzkoarentzat, eta erreferente bihurtu da Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan sustatu duen zaintza eredu berriaren arloan. «Pertsonak ardatz dituen eredu berritzaile bat da, komunitatearen parte hartze aktiboaren alde egiten duena eta egoiliarren zein profesionalen bizi kalitatea hobetzeko berrikuntza teknologikoak txertatzearen aldekoa. Trantsizio horrek erabateko lehentasuna du Aldundiarentzat», azpimarratu du Peñak.

«Errezabal udalerriari irekitako gunea izango da, eta tokiko komunitatearekiko lotura eta interakzioa sustatuko dira bertan. Horretarako, zentroak kanpoko urbanizazio bat izango du, lotura horiek errazteko diseinatua, bai eta lurpeko aparkaleku publiko bat ere».

Mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitzak bost modulu izango ditu: «22 plazako lau bizikidetza-unitate —horietako bat desgaitasuna duten pertsonentzat— eta 20 plazako unitate psikogeriatriko bat». Gainera, «21 plazako egoitza unitate bat izango du nahasmendu mental larria duten pertsonentzat, eta eguneko zentro bat 40 adinekorentzat».

Instalazioek eremu komun zabalak izango dituzte, honako hauek barne: «sarrerako hall bat, kontrol postua, egongelak, terrazak, jantokiak, ikus entzunezko aretoa, ile apaindegia, podologia, fisioterapia, bilera gelak eta bulegoak». Horrela, ingurune oso eta irisgarria bermatuko zaie egoiliar, senide eta profesionalei.

Errezabal, Elgoibarrentzako «aukera» bat

Bestalde, Elgoibarko alkateak, Maialen Gurrutxagak, proiektu honek Elgoibarrentzat duen garrantzi estrategikoa azpimarratu du: «Errezabal aukera bat da Elgoibarko etorkizun soziala hobetzeko eta gure adinekoen eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen arreta hobetzeko. Proiektu honek zaintza eredua hobetzeko aukera ematen digu, pertsonengan oinarritutako zerbitzu pertsonalizatuagoa eta hurbilagoa eskainiz». 

Gainera, alkateak azpimarratu du Errezabal Elgoibarrentzako aukera bat izateaz gain, Debabarreneko udalerri guztientzat ere azpiegitura estrategiko bat izango dela, proiektu honekin zainketen arloko erreferentziazko baliabide bat izango baitute.

Zainketen gizarterantz aurrera egitera bultzatzen gaituen zerbitzu bat da, legegintzaldiaren hasieran agindu genuen moduan. Proiektu estrategiko hori Elgoibarrek izango duen gizarte zerbitzuen sare berriaren lehen pieza da; izan ere, bizitza osorako etxebizitzak gaitu ahal izango ditugu egungo San Lazaro egoitzan, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Santa Klararen izaera soziala garatzen jarraituko dugu.

Azkenik, eta diputatuak adierazitako ideia azpimarratuz, hau da, Errezabal udalerriari irekitako gunea izango dela, Maialen Gurrutxagak esan du instalazio berriak erabat integratuta egongo direla auzoan eta inguruan. Azpiegitura horiek, egoiliarren bizi kalitatea hobetzeaz gain, oso ondo komunikatuta egongo dira eta irisgarriak izango dira eraikitzen ari den zubi berriari esker. Zubi berri horrek auzorako zuzeneko sarbidea eta udalerriko gainerako lekuekiko lotura erraztuko ditu.

Gipuzkoako egoitza publiko berrien obrak sustatzea

Uda honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian izango ditu lurraldeko hiru egoitza publiko berrietako obrak: Errezabal Elgoibarren, Adinberri Pasaian —gaur egun eraikitzen ari dira— eta Arbes Irunen. Azken horren obrak uda amaieran hasiko dira.

Aldi berean, Gipuzkoan dauden hogeita hamar egoitzatan erreforma eta egokitzapen arkitektonikoak egiten ari dira, horiek arreta eredu berrira egokitzeko. Eredu hori bizikidetza unitate txikiagoetan, banakako logeletan eta erabiltzaileentzako ingurune hurbilago eta erosoagoetan oinarritzen da.

  

6694