Breadcrumb

Asset Publisher

Back Haur eta gaztetxoekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko material berritzailea argitaratu du Aldundiak

Haur eta gaztetxoekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko material berritzailea argitaratu du Aldundiak

Umeen garatze-une ezberdinetara egokitutako lau ikus-entzunezko ezberdin garatu eta hezitzaileen eskura jarri ditu Berdintasuneko foru zuzendaritzak; ‘Pausso’ izenburupean, 2020ko Aurrekontu Irekietan herritarrek lehenetsitako proiektuetako bat da.

6 urtetik 14 urte bitarteko gazteengan indarkeria sexistaren prebentzio goiztiarra lantzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikus-entzunezko material berritzailea garatu eta argitaratu du, lurraldeko hezkuntza sarearen eta hezitzaileen eskura jarriz. 2020ko Aurrekontu Irekietan herritarrek lehenetsitako proiektuetako bat da eta, Pausso izenburupean, haur eta gaztetxoen garatze une ezberdinetara egokitzen diren lau baliabide gauzatu dira, bakoitza bere gida didaktiko berezituarekin.

Premisa horiekin landu dira, egitasmo honen testuinguruan, animaziozko bideo bat, bideo-joko bat, bideo bat eta mugikorrarentzako aplikazio bat, 6-8, 8-10, 10-12 eta 12-14 adin tarteetarako, hurrenez hurren. Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan material horien ezaugarriak aurkeztu dituzte Eider Mendozak, Gobernantzako foru diputatuak, eta Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak. Beraiekin izan da aurkezpenean, baita ere, Ilazki Gainza, materialen diseinua gauzatu duen Kalaka kooperatibako kidea.

Foru diputatuak eta bozeramaileak adierazi duenez, Gipuzkoako gizarteak bere egiten du “berdintasunaren aldeko” lana eta aldarria, Aurrekontu Irekietan herritarrek aukeratutako ekintza hau lekuko. Mendozak gogoratu du, zailtasunak zailtasun, azken bi urteetan, 15.000 lagun inguruk parte hartu zutela prozesuaren fase ezberdinetan eta ekarpen horien guztien artean nabarmendutako eskaeretako bat izan zela haur eta nerabeekin indarkeria matxistaren prebentzioa lantzea, “hezkidetzaren ikuspegia jorratuz eta ikus-entzunezko materiala baliatuz”.

Diputatuaren iritziz, “berebiziko garrantzia” du halako egitasmoei bidea ematea, kontuan izanda “indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkeriaren ondorio larriena” dela. “Horregatik da hain beharrezkoa txiki-txikitatik gai hau lantzea, indarkeria sexista prebenitzeko modurik eraginkorrena ziur asko hauxe delako, desberdinkeria eragiten duten egitura horiek, rolak eta estereotipoak desikasi eta balio eta eredu berriak lantzea, hain justu ere”, azpimarratu du.

Miren Elgarrestak sakondu duenez, ikus-entzunezkoak “ekintzara” bideratuak daude, hau da, haur eta gazteekin lan-dinamika gauzatzeko tresna izan nahi dute. “Egoera sexistei aurre egiteko lehendabizi gelditu egin behar da, pause egin; aurre egin ahal izateko hausnarketa garatu, so egin, eta azkenik, prebentzioaren bidea elkarrekin jorratu, pausoa eman, alegia. Hortik dator egitasmoaren izena, Pausso, zeinak gonbite bat izan nahi duen umeen ohiko jardueretan geldiune bat egin eta biolentzia matxista eragiten duten jokabide eta aurreiritziei erreparatu eta, ondoren, norbere ohituretan aldaketa bat eragiteko”, aipatu du Berdintasuneko zuzendariak.

Elgarrestak gaineratu duenez, “berdintasuna ikasi egin behar da, baina berdintasun eza desikasiz”, horretarako ezinbestekoa baita hezkuntzaren ikuspegitik egiten den lana. “Ez da soilik indarkeria jasaten duten neskei sostengua ematea, baizik eta emakumezkoak bigarren mailan kokatzen duten pentsaera eta balioak errotik eraldatzea. Hori kritikaren bidez landu dugu orain arte, baina alternatibak eskaini behar dizkiegu belaunaldi berriei, eredu sexistetatik at nola izan gazte, neska edo mutil”, gogoeta egin du eta “oso interesgarritzat” jo du Paussok ikuspegi horretatik egiten duen ekarpena, “eredu berriak” proposatzen baititu, “indibidualki zein kolektiboki nola izan” ikusi ahal izateko.

Aurrekontu Irekietan herritarrek markatutako helburuak gauzatze aldera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa elkarlanean aritu da Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako zuzendaritzarekin, nahiz Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaritzarekin. Gainera, edukien garapena lantzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunean, indarkeria sexistaren prebentzioan eta ikus-entzunezko alorrean adituak diren hainbat pertsonekin lan taldea osatu da. Guztien ekarpenak kontuan izanda, Kalaka kooperatibak gauzatu du egitasmoa eta honako ezaugarriak nabarmendu daitezke:

  • Prebentzio goiztiarra lehenetsi da. Indarkeria sexistaren prebentzio lantzeko nerabeekin lanean aritzea da arruntena, horregatik gazteenentzako edukiak ekoizteko erronka hartu zen: 6-14 adintarteko haur eta nerabeak dira Paussoren hartzaileak.
  • Garatze-une ezberdinetara egokitzen diren lau ikus-entzunezko ezberdin gauzatu dira: animaziozko bideo bat, 6-8 adin tarterako; bideo-joko bat, 8-10 adin tarterako; bideo bat, 10-12 adin tarterako; eta mugikorrarentzako aplikazioa bat, 12-14 adin tarterako.
  • Ikus-entzunezko guztiek haur eta gazteekin lan-dinamikak gauzatzeko tresna bat izan nahi dute. Baliabide bakoitzari lotuta, dagokion hezkuntza gida pedagogikoa ain argitaratu da, baita ere.
  • Indarkeria sexista lantzeko ikuspuntu feminista du oinarri, horrek esan nahi du, indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkerian kokatzen dela. Beraz, indarkeria sexista prebenitzeko, egitura horiek, rolak eta estereotipoak desikasi egin behar dira eta eredu berriak ikasi.

Materiala hezkuntza formaleko eta ez-formaleko hezitzaile eta hezkuntza sareentzako eskuragarri jarriko da eta dagoeneko edonorentzako eskuragarri dago www.berdintasuna.eus  webgunean.

 

Proiektu osoa 6-14 urte arteko haur eta gazteen ezaugarri eta konpetentzia pedagogikoen arabera diseinatu da, publiko hartzailea 4 multzotan banatuz. Ilazki Gainzak sakondu duenez, ziklo bakoitzetik bestera aldatu egiten dira haurrek zein gazteek berdintasun gaien inguruan duten pertzepzioa. “Horregatik, sexismoa eta indarkeria sexistaren adierazpide anitzak identifikatzeko gaitasun eta behar ezberdinak erakusten dituzte adin tarte bakoitzean. Hori horrela izanik, trataera ezberdina eman zaie proiektu honen muina diren eduki pedagogiko eta hezkidetzaileei. Eduki hauen lanketa ikuspegi pedagogiko, hezkidetzaile eta feminista zeharkakotasunez txertatuz egin da eta adin tarte bakoitzean erreproduzitzen diren desberdintasun, diskriminazio eta indarkeria sexistaren adierazpideak existitzen direla jakinda garatu dira”, azaldu du.

Laburbilduz, honako hauxe litzateke adin tarte bakoiotzerako Pausso egitasmoak proposatzen dituen tresnak:

 

  • 6-8 urte. Animaziozko ikus-entzunezkoaren bitartez, euren gogoko marrazki bizidunak erreferentzia gisa hartuta eta Pausso elefantetxoaren laguntzarekin, adin honetako haurrek sexismoa identifikatzeko hurbilpen bat egingo dute.
  • 8-10 urte. Eguneroko bizitza eta jokoetan bizi dituzten egoerak planteatzen dituen bideo-joko baten laguntzarekin, gaztetxoek sexismoa identifikatzeko baliabideak eskuratuko dituzte.
  • 10-12 urte. Fikziozko ikus-entzunezko batek lagunduko die, sare sozialetan oharkabean igarotzen diren sexismoa eta indarkeria azaleratzen eta honen oinarriak erakustarazten.
  • 12-14 urte. Pausso aplikazioa, Android plataforma oinarri duten mugikorretarako baliogarria eta webgunetik ere erabilgarria. App honen bitartez, modu kreatiboan eta parte-hartzailean, gazteek sexismoa eta indarkeria sexista identifikatu ahalko dituzte kontsumitzen dituzten abesti, serie edo filmeetan, talde lanean zerrenda alternatiboak osatuz.
  

1986