Hobekuntzak egurraren salmentaren fiskalitatean, Gipuzkoan baso-berritzea sustatzeko
Hobekuntzak egurraren salmentaren fiskalitatean, Gipuzkoan baso-berritzea sustatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak tratamendu fiskala hobetu du egurra moztu ondoren beren lurrak birlandatzen dituzten jabeentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiak aldaketak egin ditu egur salmentaren fiskalitatean, Gipuzkoan baso kudeaketa uztea saihesteko. Aldaketa horiek 2025eko errenta-aitorpenean aplikatuko dira, eta mozketaren ondoren beren lursailak birlandatzen dituzten jabeei gastu portzentaje altuagoaz baliatzeko aukera emango diete, beren jardueraren etekin garbia zehaztean.
Horrela, 2025etik aurrera, egurra saldu ondoren zuhaitz berriak landatzen dituzten jabeek hobekuntza fiskal garrantzitsuak izango dituzte, betiere foru-araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Hobekuntza horiek eskuratzeko, beharrezkoa da jabeak Ogasunean jarduera ekonomiko gisa alta emanda egotea.
Nola eragiten die zerga-sistema horrek lurren jabeei?
Aldaketa nagusi gisa, mozketaren ondoren beren lurrak birlandatzen dituzten lur jabeek, egurra saltzetik lortutako diru-sarreren % 85 gastu kengarritzat hartzeko aukera izango dute. Horrek esan nahi du diru-sarrera horien zati txiki bat bakarrik (%15) hartuko dela kontuan zergak ordaintzeko orduan. Oraindik birlandatu ez badute, landatzeko konpromisoa aurkez diezaiokete Foru Aldundiari, eta, horri esker, aipatutako % 85eko portzentajeaz baliatu ahal izango dira.
Jabetzaren antzinatasuna
Gainera, duela bost urte baino gehiagoz lursailaren jabe diren pertsonek aurreko zenbatekoaren % 50 baino es dute ordaindu beharko, eta horrek are gehiago murriztuko ditu tributatu beharreko ditu-sarrerak (diru-sarreren %7,5). Lursaila jabearen esku bi eta bost urte bitartean badago, kontuan hartu beharreko diru-sarrerak % 40 murriztuko dira (hau da, diru-sarreren % 9). Neurri honek beren lurrak denbora luzez zaindu dituzten jabeen lana aitortzen du.
Epeak eta prozedurak
Abantaila fiskal horiek lortzeko, lehen urratsa Ogasunean jarduera ekonomiko gisa alta ematea da, gestoria baten bidez edo norberak bere kontura, zentsu-aitorpenaren 036 inprimakia betez eta Ogasunean aurkeztuz.
Izapide hori errenta-aitorpena aurkeztu aurretik egin behar da. Errenta aitorpena, oro har, apiriletik ekainera bitartean irekitzen da urtero; hori kontuan izanik, izapide hori otsaila amaitu baino lehen egitea gomendatzen da, abantaila fiskalak urte horretako errenta-aitorpenean aplikatzen direla ziurtatzeko.
Gainera, lur jabeek egurra saltzen dutenean, % 2ko atxikipena aplikatuko zaio erosleari salmentaren zenbatekoan, eta zenbateko hori Ogasunari aurreratuko zaio jabearen izenean. Salmenta BEZ konpentsatzailea barne hartzen duen faktura batekin formalizatzen da, eta horrek esan nahi du ez dela beharrezkoa BEZa aitortzea.
Pinudi gaixoak eraisteagatiko diru-sarrerak, zergak ordaintzetik salbuetsita
Era berean, dedukzio fiskalez gain, beste hobekuntza garrantzitsu bat egin du Foru Aldundiak: pinudi gaixoen aprobetxamenduagatik lortutako diru-sarrerak ez dira diru-sarreratzat hartuko errenta-aitorpena egiterakoan. Horrek esan nahi du gaixorik dauden zuhaitzak eraisteagatik konpentsazio ekonomikoak jasotzen dituzten jabeek ez dituztela diru-sarrera horiek beren aitorpenean sartu beharko, eta horrek zerga-arintze gehigarria dakarkie egoera horren eraginpean daudenei.
Azkenik, azpimarratzekoa da baso-jardueratik eratorritako mugimenduak 3.000 eurotik gorakoak badira, jabeek 347. inprimakia bete behar dutela. Izapide hori errenta-aitorpenaren ondoren egin daiteke (hau da, hurrengo urtean), eta, kasu guztietan, otsaila amaitu baino lehen egitea gomendatzen da. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 1etik 28ra bitartekoa da.
Aldez aurretik egiteak etorkizunean Aldundiaren dirulaguntzaren bat eskatzeko arazoak saihestuko ditu. Hala egin ezean, lur-jabea ez da Ogasunarekin egunean egongo, eta horrek etorkizuneko laguntzak eskuratzeko gaitasuna mugatu dezake.
Neurri berri horiekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak basoen iraunkortasuna eta kontserbazioa sustatzen jarraitzen du, lurrak birpopulatzearen eta baliabide naturalen erabilera arduratsuaren alde egiten duten jabeei lagunduz.
Neurri fiskal horiek ingurumena babesteko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko beste urrats bat dira, eta, aldi berean, landa-garapena eta basogintza-sektorearen ekonomia babesten dute.
2646