Breadcrumb

Asset Publisher

Back Hobekuntzak lortzeko asmoz, “jarrera irekiarekin” hasi ditu Aldundiak 2019ko aurrekontuak adosteko bilerak

Hobekuntzak lortzeko asmoz, “jarrera irekiarekin” hasi ditu Aldundiak 2019ko aurrekontuak adosteko bilerak

EH Bilduren ordezkaritzarekin elkartu da foru Gobernua, eta datorren astean Ahal Dugu-Podemos eta Alderi Popularrarekin batzartuko da

2018/11/23

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur hasi du Batzar Nagusietako taldeekin 2019ko foru aurrekontu orokorren proiektua adosteko bilera-sorta. EH Bilduren ordezkaritzarekin egin du lehen topaketa. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok azaldu duenez, foru Gobernuak “jarrera irekiarekin” eta “elkarrizketarako prestutasun osoz” hasi ditu batzarrak, “batzarkide taldeen ekarpenak jaso eta gure datorren urterako aurrekontu proposamena hobetzeko”. 
Lehen topaketa honetan, diputatu nagusiarekin batera, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu den Denis Itxaso eta Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga egon dira. EH Bilduren ordezkaritza, bere aldetik, Xabier Olano, Judith Garcia eta Iban Asenjo batzarkideek osatu dute. Bilera-sortak datorren astean jarraituko du: asteartean Ahal dugu-Podemos-ekin elkartuko da foru Gobernua eta ostegun, berriz, Alderdi Popularrarekin. EAJ/PNV eta PSE-EEko batzarkide taldeekin egingo diren bilerekin itxiko da prozesua. 
Diputatuen Kontseiluak pasa den urriaren 30ean onartu zuen aurrekontu orokorren proiektua eta, ondorengo astean, diputatu bakoitzak bere departamentuaren zuzkiduraren berri eman zuen Batzar Nagusietan. Orain, gaur ireki den bilera-sortan, foru Gobernuak batzarkide taldeen kontrastea jasoko du. Ondoren, aurrekontu proiektua Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da, osoko bilkuran: osoko emendakinak abenduaren 12an, eta 21ean egingo da behin betiko eztabaida eta bozketa.  
Guztira, 2019ko aurrekontu proiektuak 875,5 milioi euroko zuzkidura dauka, hau da, aurtengoan baino 19 milioi eta %2,2 gehiago. Olanoren iritziz, aurkeztutako proiektuari esker Foru Aldundiak 2015ean hasitako prozesua “gauzatzea” lortuko du. Honen eraginez, Gipuzkoak atzean utzi du paralisia, eta modernitatearen bidetik dabil. “Aurrekontu hauek behin betiko itxiko dituzte iraganetik arrastaka genituen hainbat kontu, esaterako hondakinen kudeaketa edota errepide sarea amaitzea. Honela, Gipuzkoak karga hauek gainetik kendu eta etorkizuna diseinatu eta eraikitzeari ekin ahal izango dio buru-belarri”, zehaztu du. “Legealdi hasieran konpromisoa hartu genuen herritarrekin, eta gure hitza bete dugu”, azpimarratu du. 

  

1570