Breadcrumb

Asset Publisher

Back Inbertsioaren eta gizarte politiken aldeko 915 milioi euroko aurrekontu proposamena

Inbertsioaren eta gizarte politiken aldeko 915 milioi euroko aurrekontu proposamena

% 4,53 hazi da 2019ko datuekin alderatuta.

2019/10/29

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020rako aurrekontuen proiektuak 915,2 milioi euroko gastua aurreikusten du, hau da, 39,7 milioi euro gehiago (+% 4,53) 2019koaren aldean. Markel Olano diputatu nagusiak hiru ardatz nagusitan jarri du arreta: behar sozialei erantzutea, non 400 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa nabarmentzen den gizarte politiketan; etorkizuneko sektore ekonomikoetan egindako apustuak, 22 milioi euro bideratu baitira Etorkizuna Eraikiz ekimenera; eta zorra murrizten jarraitzearen aldeko apustua,  2020an beste 45 milioi euro jaitsiko baita. «Oso aurrekontu garrantzitsua da, gure kudeaketa politikoaren isla, eta gure tresna nagusia Gipuzkoak ahalik eta desberdintasun gutxien izan dezan gizarte, genero eta hizkuntza arloetan», adierazi du foru arduradunak.

            Olanok agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera, hurrengo ekitaldirako aurrekontu proiektuaren ardatz nagusiak xehatzeko.  Prentsaurrekoaren ostean, Batzar Nagusietara joan dira biak, eta han ekimena jasotzen duen agiria duen USB bat eman diote Xabier Ezeizabarrena Foru Ganberako presidenteari. Datozen asteetan, departamenduek aurkeztuko dute aurrekontuen proiektua Batzar Nagusietan, eta, batzordean eztabaidatu ondoren, abenduko azken asteetan eztabaidatu eta azken bozketa egingo da.

            Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, ekonomian jarri du arreta berriz ere; izan ere, adierazi duenez, Gipuzkoak esparru horretan erakusten duen sendotasunak baliabide gehiago ematen dizkio Aldundiari bere politikak gauzatzeko. Ildo horretan, foru erakundeak sustapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi du, diru-sarreren bilketak hazten jarrai dezan, eta, horrela, lurraldearen ongizate mailari eusteko tresna gehiago izateko. «Hasieratik sustapen ekonomikoaren aldeko apustua egin dugu, eta datuek berresten digute estrategia egokia defendatzen ari garela ", adierazi du.

            Aurrekontu proiektuari dagokionez, oso aipagarritzat jo du aurkezten duen hazkundea, historiako bigarren aurrekonturik handiena baita. Halaber, inbertsioaren aldeko aurrekontua dela zehaztu du, seigarren kapitulua (inbertsio errealak) 20 milioi hazi baita, 131 milioira iritsi arte (+% 18). Diputatu nagusiak ere aurrekontuaren zeharkakotasuna azpimarratu du: «Gobernantza eredu ireki eta kolaboratibo baten aldeko apustua egiten dugu, eta horrek ere badu bere isla etxe barruan: gure proiektu nagusiak ez dira departamentu bakar batera mugatzen, baizik eta hainbat arlotan banatuta daude».

 

Hiru ardatz

Aurrekontuak hiru behar nagusiri erantzuten diela adierazi du diputatu nagusiak: eguneroko erronkei erantzun eta gizarte politika indartzea, etorkizuneko sektore ekonomikoei lotutako apustuak gauzatzea, eta erakundea indartzen jarraitzea. Lehen puntuan, aurrekontuaren alderdi soziala nabarmendu du, ia erdia gizarte politikei dagokielako. «Departamentuak 399 milioi izango ditu, baina horri Adinberri edo Elkar-EKIN Lanean neurriak gehitu behar zaizkio, gizarte politikari zuzenean lotuta baitaude", adierazi du Olanok. Nabarmendu duenez, biztanle bakoitzeko inbertsioa 566 eurokoa izango da 2020an. «2015ean Aldundira iritsi ginenetik, biztanleko inbertsioa 108 eurotan handitu dugu kapitulu honetan».

            Etorkizuneko apustuei dagokienez, foru arduradunak Etorkizuna Eraikiz ekimenean jarri du arreta, 22 milioi euroko zuzkidura eta 56 milioi euroko konpromiso-kredituak izango baititu (hurrengo urteetarako aurreikusitako gastua). Halaber, gogorarazi du garrantzitsua dela Aldundiak berariazko departamentu bat izatea proiektu nagusiak kudeatzeko, legealdi honetan sortua; departamentu horrek 8,3 milioi euroko aurrekontua izango du, baina eragina zeharkakoa izango da. «Apustu horietan sakontzeko unea da, Gipuzkoak etorkizuneko sektorean duen posizionamendua hobetzeko». «Gaur egiten dugun lanarekin biharko ekonomia eta kalitatezko enplegua eraikitzen ari gara", nabarmendu du.

            Azkenik, Aldundia finantza aldetik indartzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du Olanok, aurreko legealdian hasitako zorra murrizteko estrategiarekin jarraituz. Horrela, 2020ko aurrekontu proiektuak jasotzen duenaren arabera, foru erakundeak beste 45,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra, eta, horrela, azken hamarkadako zor maila txikiena izango du. «2015. urteaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zorra 175,6 milioi murriztu dugu. Hau da, % 30etik gorako murrizketa ", zehaztu du foru arduradunak, eta nabarmendu du estrategia hori emaitzetan islatzen ari dela: 2020an, interesei dagokien gastua 6 milioi eurokoa izango da, 2015ean bikoitza izan zenean, eta 2012an hirukoitza. «Estrategia argia da: ekonomiaren egoera aprobetxatzea erakundea indartzen jarraitzeko; izan ere, zorra murriztea oztopoak kentzea da, eta horrek arintasun handiagoa emango digu ekonomiaren haizeak aldatuz gero", nabarmendu du.

 

Gastuak eta diru-sarrerak

Departamentuz departamentuko gastuari dagokionez, Larrañaga diputatuak aldaketa nagusien berri eman du: Diputatu Nagusiaren Alorrean % 10,93 hazi da, Etorkizuna Eraikiz ekimenera bideratutako baliabideen hazkundearen ondorioz; Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak % 3,34 murriztu ditu bere baliabideak, Proiektu Estrategikoetako Departamentu berria sortu delako; Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko gastua, berriz, % 10,65 hazi da, Koldo Mitxelenaren proiektua dela-eta; eta Gobernantza Departamentuak % 11,73 handitu du bere zuzkidura, langileei buruzko gastua handitu egin delako.

Bestalde, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarenak % 14,92 egin du gora, Adinberri proiektuaren eta Eibar-Maltzaga bidegorriaren exekuzioaren ondorioz; Ogasunean % 3,35 hazi da, departamentuko giza baliabideak indartzeko; Bide Azpiegituretako Departamentuak % 1,61 egin du gora, eta horrek aurreko legegintzaldian izandako igoera sendotzen du; Gizarte Politiketako Departamentua % 2,44 hazi da, arlo horretako beharrak handitu egin direlako; eta azkenik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentukoa % 7,93 hazi da, Naturklima proiektua finantzatzeko.

Bestalde, diru-sarreren kapituluari dagokionez, eta azken Finantzen Euskal Kontseiluan adostutakoaren arabera, 2020. urtean 5.326,7 milioi euroko diru-sarrerak aurreikusten dira Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Baliabide horiek banatzeko orduan, zatirik handiena Eusko Jaurlaritzara joango da, 3.505,5 milioi euro jasoko baititu; Aldundia, berriz, aipatutako 915 milioi horiekin geratuko da; eta udalerriei, berriz, 536,3 milioi euro egokituko zaizkie, inoizko zuzkidurarik handiena. Estatuak, azkenik, 367,7 milioi euro jasoko ditu Kupoaren bidez. 

 

  

1308