Industria berrikuntzak hitzordua du Gipuzkoan: hemen da Manufacturing Congress, fabrikazio aurreratuko erreferente nazionala
Industria berrikuntzak hitzordua du Gipuzkoan: hemen da Manufacturing Congress, fabrikazio aurreratuko erreferente nazionala
Industria berrikuntzak hitzordua du Gipuzkoan: hemen da Manufacturing Congress, fabrikazio aurreratuko erreferente nazionala
Ekitaldiak 600 profesional baino gehiago bildu eta 100 hitzalditik gora eskainiko ditu hiru egunetan. Hitzorduak indartu egiten du Gipuzkoak berrikuntzan, digitalizazioan eta industria-teknologia aurreratuetan duen lidergoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta AFM Cluster-ek gaur prentsaurrekoa egin dute urriaren 29tik 31ra Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean egingo den Manufacturing Congress aurkezteko.
Aurkezpenean izan dira Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia, eta Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua. Bi ordezkariek nabarmendu dute hitzordu hau funtsezkoa dela, izan ere, fabrikazio aurreratuaren eta industria-teknologien arloan Estatuan egiten den topaketa garrantzitsuena bait da.
1976an sortu zenetik ibilbide sendoa izan du, eta 24 edizio egin dira. Manufacturing Congress sektoreko enpresa industrialentzat ezagutza eta esperientzia trukatzeko foro nazional nagusia bihurtu da. Aurten, 600 profesional baino gehiago bildu eta 100 hitzalditik gora eskainiko ditu, hiru egunetan.
Industria-eraldaketa sakoneko une batean dator kongresua. Pandemiaren ondoren hainbat urtez hazi eta suspertu ondoren, industriak merkatuen bilakaerak eta automobilgintza edo energia bezalako funtsezko sektoreak jasaten ari diren aldaketa handiek markatutako etapa bati egin behar dio aurre. Testuinguru horretan, Manufacturing Congress topaketarako eta hausnarketarako gune gisa finkatzen da, egungo erronkei erantzuteko eta industria-sarearen lehiakortasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna bultzatzeko.
Inaugurazio-saioa urriaren 29an egingo da, eta Mikel Jauregi Industriako sailburuak emango dio hasiera ofiziala kongresuari.
Hauek dira parte hartuko duten enpresa aipagarrienak: Basque Quantum, Siemens, Indra, Renishaw, Fagor Automation, Fagor Arrasate, ASTM, Cuatrecasas, Multiverse Computing, Aernnova, ITP, Airbus, Ibarmia, Zayer, Euchner, Schmersal, AEE, DHV, Loire Gestamp, DanobatGroup, Fastems, Oerlikon, Satlantis, Novaindef, Sapa, Arisa, Nicolás Correa. Tecnalia, Tekniker, Ideko o Fraunhofer IWS bezalako zentro teknologiak ere parte hartuko dute. Guztiek ere agerian uzten dute ekitaldiaren dimentsioa eta maila teknologikoa.
Programak dibulgazioa, zientzia eta estrategia industriala uztartuko ditu
Kongresuak ikuspegi dibulgatzaile eta zientifiko bikoitza du, eta egungo industriaren erronka nagusiei heltzen dieten lau ardatz tematiko handiren inguruan antolatzen da: dibulgazio teknologikoa, ikerketa zientifikoa, industria-inguruneetako segurtasuna eta industriari aplikatutako zibersegurtasuna.
Saioetan funtsezko gaiak aztertuko dira, hala nola geopolitikak enpresa-jardueran duen eragina, aeronautika, espazioa eta defentsa bezalako sektore estrategikoen eskakizun berriak eta eraldaketa digitalari, jasangarritasunari, talentuaren kudeaketari eta sortzen ari diren teknologiek eskaintzen dituzten aukerei lotutako erronkak.
Ikuspegi globala erreferentziazko adituekin
Programak nazioartean ospe handia duten hizlarien parte-hartzea izango du, besteak beste, Marc Vidal, Genís Roca eta Jon Sistiaga izango dira. Hizlariek fabrikazio aurreratuaren bilakaerari eta etorkizuneko ekonomian duten zereginari buruzko begirada globala, kritikoa eta prospektiboa emango dute.
Biltzarraren hiru egunetan, parte-hartzaileek fabrikazio aurreratuko eta digitaleko azken joerak eta aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte, arreta berezia jarrita teknologia disruptiboetan, etorkizuneko fabrikan, robotikan eta automatizazioan, fabrikazio gehigarrian, talentuaren erakarpenean eta kudeaketan, jasangarritasunean, pertsonen segurtasunean industria adimendunean eta ekoizpen-inguruneetako zibersegurtasunean.
Gipuzkoako etorkizun industrialerako hitzordu estrategikoa
Unai Anduezak bere agerraldian azpimarratu duenez, "Manufacturing Congress hitzordu estrategikoa da Gipuzkoarentzat eta industria-sektore guztiarentzat. Aukera ematen digu gure lurraldea fabrikazio aurreratuko hausnarketaren eta berrikuntzaren erdigunean jartzeko, lankidetza publiko-pribatua indartzeko eta ezagutzan oinarritutako industria-eredu lehiakor eta jasangarria bultzatzen jarraitzeko”.
Bestalde, Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusiak, honako hau adierazi du “ziurgabetasun maila oso handiko egoeran gaude, nazioarteko testuinguru benetan konplexu baten erdian. Horregatik, Manufacturing Congress-ak sakon aztertuko ditu erronka horiei aurre egiteko aukera emango diguten estrategia teknologikoak, teknologia gehiagoz, balio erantsi handiagoz eta lehiakortasun handiagoz gure posizioa sendotzeko helburuarekin”.
Horrela, Manufacturing Congress 2025ek berretsi egiten du Gipuzkoak berrikuntzarekin, lehiakortasunarekin eta garapen teknologikoarekin duen konpromisoa, eta lurraldea Europako erreferente gisa finkatzen du fabrikazio aurreratuan eta industria-digitalizazioan.
2550