Breadcrumb

Asset Publisher

Back Industriaren zibersegurtasuna sustatzeko aliatu estrategiko bilakatzea helburu, abian da ZIUR zentroa

Industriaren zibersegurtasuna sustatzeko aliatu estrategiko bilakatzea helburu, abian da ZIUR zentroa

Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak Donostian duen egoitza inauguratu du gaur; lurraldeko industria ehunaren lehiakortasuna segurtatzea du xede

ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak Donostian izango duen egoitza zabaldu dute gaur, helburu argi batekin: ziber-erasoen prebentziorako Gipuzkoako industriaren aliatu “estrategiko” bilakatzea, horrela gure enpresen lehiakortasun segurtatu ahal izateko. Instalazioak Zuatzuko enpresa parkearen Urola eraikinean kokatuta daude eta, bertan, beti ere bikaintasuna eta ekonomia-ehunarekin kolaborazioa oinarri hartuta, ezagutza aurreratua sortu eta Gipuzkoa zibersegurtasun industrialean Europa mailako erreferentzia bilakatu dadin lan egingo dute.   

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Donostiako alkatea, Eneko Goia, buru izan ditu –haiek dira ZIUR Fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkari nagusi– gaur goizean irekiera ekitaldiak, non zentroko zuzendari Carlos Abadek azaldu dituen ZIURek jorratuko dituen lan ildo nagusiak. Lurraldeko industriaren, ekonomiaren eta ezagutzaren alorreko ehun bat ordezkari bertan zirela, inaugurazioan parte hartu dute, baita ere, Proiektu Estrategikoetako eta Ekonomia Sustapeneko diputatuek, Ainhoa Aizpuru eta Imanol Lasak, hurrenez hurren, eta fabrikazio aurreratuko AFM klusterreko zuzendari Xabier Ortuetak eta Mondragon taldeko Berrikuntza eta Teknologia alorreko arduradun Naiara Goiak.

Gipuzkoak lurralde gisa esku artean duen “lehentasun” batetik, industriaren “lehiakortasuna” bermatzeko desafiotik, hain zuzen ere, jaio da ZIUR, diputatu nagusiak gogorarazi duenez. Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, espezializazio adimentsuaren bitartez, lurraldea “erreferentzia den alor horietan” zentro espezializatuen sorrera bultzatzen ari da Foru Aldundia. Ateak zabaldu dituen gisa horretarako hirugarren zentroa da ZIUR, 2deo eta LABE-ren ondoren–. “Errealitate emergenteak indartu eta ekonomia berriak bultzatzea da helburua”, azpimarratu du Olanok, etorkizunean ere lurralde industrial “berritzailea, aurreratua eta kalitatezko enplegu sortzailea” izaten segi dezagun.

“Izugarrizko potentziala daukagu zibersegurtasunaren alorrean. Arnas luzeko zibersegurtasun enpresak baditugu, ikerkuntza eta berrikuntza gune aurreratuak ere bai. Azken urteotan start up teknologiko nabarmenak sortu dira esparru honetan eta, zer esanik ez, gure industria asko ari da sakontzen digitalizazioan”, goraipatu du diputatu nagusiak. Hori dela eta, aurreratu duenez, ZIURek “elkarlan estua” abiarazi du  enpresekin, batez ere, enpresa txiki eta ertainekin, “ziberseguruagoak eta, beraz, lehiakorragoak” izan daitezen. “Zibersegurtasunaren alorrean Gipuzkoa eta Euskadi Europako gune aurreratuenen pare izan dadin gure ekarpena egingo dugu”, laburbildu du.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, ZIURek ekarriko duen “jauzi kualitatiboan” jarri du azpimarra, bere esanetan enpresa eta ekonomia ehunaren “sendotasuna areagotzea” ekarriko baitu, kontuan izanda “komunikazioen segurtasuna hil ala biziko gaia” dela enpresen lehiakortasuna bermatzeko orduan. Aldi berean, hiriko alkatearen iritziz, azpiegitura berri honek Donostiaren “posizionamendua” indartu egiten du “ezagutza aurreratuari lotutako hiri” eta “lurralde osorako zerbitzu gune” gisa.


Instalazio aurreratuak
ZIURen egoitzak 250 metro karratuko espazioa hartuko du. Instalazio aurreratuenekin ekipatu dute, zibersegurtasun industrialeko zentroak izango dituen bi ekintza lerro nagusiei erantzun ahal izateko: hau da, ezagutza sortzea eta, ondoren, jakintza hori enpresa ehunean zabaltzea. Honen ondorioz, instalazioak bi gune nagusitan banatuta daude: lehendabizikoan formazio eta talde lanerako espazioak kokatu dira: bi bilera gela eta beste hainbat formazio gela, zeinak bateratu daitezkeen 25 lagunentzako ikasgela bat sortuz. Lau gela hauei Gipuzkoako ibai nagusien izena jarri diete.  

Bigarrena, berriz, gune teknikoa da. ZIUReko lan taldea kokatzen da bertan eta lekua erreserbatu da enpresa eta profesionalentzako, elkarlan proiektuak in situ gauzatu ahal izateko. Datuak prozesatzeko nukleoa ere gune honetan dago eta, bereziki aipatzea komeni dena, proiektuen garapen eta explotaziorako 60 metro karratuko gela bat prestatu da zibersegurtasun industrialeko laborategia kokatzeko.

Instalazio hauen diseinu eta atontzeak milioi bateko inbertsioa eragin du 2018 eta 2019an. Zifra horri gehitu behar zaie laborategiko ekipamenduetarako erabiliko diren 500.000 euro gehiago. Aipatzekoa da laborategiaren ezaugarriak eta teknologia lurraldeko enpresekin elkarlanean definitu direla.

ZIURek bost laguneko lan taldearekin ekin dio bere ibilbideari. Zuzendari nagusiaz gain, zuzendari tekniko bat, zibersegurtasun analista bat, sistema seguruen garapenerako arkitekto bat eta administrazio alorrean arituko den pertsona batez osatua dago. Gaitasun tekniko anitzak osatze dituzte guztien artean, zibersegurtasun alorrean aritu diren profesionalez gain industrian esperientzia duten teknikariak batu baitzaizkie.

Izan ere, Gipuzkoako enpresen %80 baino gehiagok ekoizpenerako ekipoak sarera konektatuak dauzkatela kalkulatzen bada ere, hirutik batek soilik garatu ditu segurtasun protokoloak. Datozen aste eta hilabeteetan, zentroak dagoeneko martxan jarriko ditu zibersegurtasunari lotutako hainbat formazio tailer eta, baita ere, azken hilabeteotan zenbait enpresa eta tailerrekin batera diseinatu dituzten proiektu esperimentalak martxan jarriko dituzte. 

  

1995