Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoan Klima Aldaketari aurre egiteko Estrategia aurkeztu du Batzar Nagusietan

Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoan Klima Aldaketari aurre egiteko Estrategia aurkeztu du Batzar Nagusietan

Asensio: "Klimarekin errespetuz jokatzen duen garapen eredu jasangarria behar dugu, hondamena gainean dagoenean lanean hastea ez da nahikoa"

2018/01/24

Klima aldaketari buruzko foru programaren helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz.

José Ignacio Asensio: “Klimarekin errespetuz jokatzen duen garapen eredu jasangarria behar dugu, hondamena gainean dagoenean lanean hastea ez da nahikoa”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko estrategia garatu eta abian jartzeko bere departamentuak prestatu duen ‘Gipuzkoa Klima 2050’ estrategia aurkeztu du gaur Batzar Nagusietako Ingurumeneko Batzordean berak eskatuta. Abenduan, Ingurumeneko Diputatuak gipuzkoar gizarteari aurkeztu zion proiektua. Miramar jauregian topaketa bat egin zen non ‘GK Recycling’ Birziklatze Klusterraren kideek parte hartu zuten (40 enpresa baino gehiago biltzen ditu) eta lurraldeko hainbat eragile sozialek, ekonomikoek eta instituzionalek.

‘Gipuzkoa Klima 2050’ Ingurumeneko Departamentuak lurraldean aurreneko aldiz abian jarri duen Klima Aldaketaren Programaren oinarrizko atala da eta Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren parte da. Aurkezpenean foru arduradunak nabarmendu du klimarekin errespetuz jokatzen duen garapen eredu jasangarria behar dugula, “hondamena gainean dagoenean lanean hastea ez da nahikoa”.

Gipuzkoa Klima 2050 estrategiak Parisko Klimaren Goi Bilerako akordioak (2015) ditu oinarri. Akordio horien helburua da mende honetan tenperatura igoera 2 gradu baino gutxiagokoa izatea, eta tarte hori murrizteko eta industria aurreko mailei dagokienez 1,5 gradutik behera uzteko lan gehiago egitea. Ildo horretatik, Europar Batasunak 2030 Esparrua onartu du, zeinaren helburu nagusiak hauek baitira: berotegi efektuko gasen isurketa % 40 murriztea 1990. urteko datuen aldean; %27ko portzentajea lortzea energia berriztagarrien erabileran; eta energia efizientziaren datuak %27 hobetzea. Klima 2050 euskal estrategia aurrerago joan da, eta berotegi efektuko gasen isurketa % 80an jarri du 2050. urterako.

Testuinguru horretan Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoa Klima 2050 estrategia prestatu du, energia berriztagarrien erabilera, ekoindustriak, mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeko, karbono gutxiko gizarte eredu baterantz joateko oinarrizko zutabe gisa. Estrategia horren xedea da lurralde eragileak eta herritarrak sentsibilizatzea, eta inplikatzea, isurketak murrizteko eta berotze globala geldiarazteko ezarritako helburuak lortzeko plan eta jardueretan.

Tenperaturak, itsasoaren maila eta uholdeak

Gipuzkoan klima aldaketaren ondorio esanguratsuenak hauek izango dira: batez besteko tenperaturak eta muturreko tenperaturak igotzea (1,5/5 gradu), itsasoaren maila igotzea (29/49 cm), prezipitazioen jaitsiera (% 10/30), eta muturreko prezipitazioak handitzea, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Adibidez, aurreikuspen horiek betez gero, gure hondartzen herena arriskuan egongo litzateke, eta prezipitazioen eredu berriak nabarmen areagotuko luke uholde arriskua. Ondorio horiek arintzeko, erresilentziara zuzendutako lurralde eredu bat izan behar dugu (uholde arriskuak murriztu, tenperaturen igoera leunduko duten azpiegitura berdeak izan). Era berean, kostalderako plan berezi bat izan behar dugu, hondartzak egoera berrira egokitzeko, inguru urbanizatuetan inpaktua murrizteko, eta turismoan izan dezakeen eragina gutxitzeko; horretarako, gure itsasertza kartografiatuko dugu, klima aldaketak gure kostaldean eragin ditzakeen arriskuen mapa bat izateko. Ildo horretatik, gomendatzen da ekosistema autoktonoak indartzea, bereziki ibaiak eta basoak, karbono hustulekuak direnez gero, klima aldaketaren ondorioetatik babesteko Gipuzkoak duen gaitasuna areagotzen baitute. Lehenengo sektoreari dagokionez, nekazaritza ekologikoa eta “0 km" produktuen kontsumoa sustatzea gomendatzen da, isurketak murrizteko neurri bezala.


Beste inpaktu nabarmen bat hondakinena da, batez ere, hondakin organikoak zabortegietan botatzeak eraginda; berotegi efektuko gas isurketen % 80 arrazoi horregatik sortzen dira. Atal horretan, Gipuzkoa Klima 2050 ekimenak isurketa gutxi eragiten duen hondakinen kudeaketa proposatzen du, hainbat neurri hartuta: 0 zabor isurketa sistema finkatzea; prebentzioa sustatzea; berrerabiltzeko zentroen sarea osatzea; elikagaien xahuketaren aurkako politika ezartzea; materia organikoaren bilketa eta gaikako bilketa sistema adimendunak sustatzea; eta mekanismo bereziak ezartzea, esate baterako, udaletan, sortutako hondakinen araberako tasa.

Gipuzkoan, berotegi efektuko gasen isurketen % 40 garraioak eragiten ditu, beraz, horrek izan behar du gure jarduketa ardatz nagusietako bat. Proposatutako neurrien artean, besteak beste, aurreikusten da mugikortasun jasangarriko planak garatzea, mugikortasun elektrikoa sustatzea, eta bidegorrien foru plana bukatzea. Halaber, estrategia nagusia garraio publikoa sustatzea da, intermodalitatea eta tarifa batasuna bermatua, horrela, erabiltzeko erraztasunak emateko eta erabilera areagotzeko.

Beste jarduera esparru garrantzitsu bat energia kontsumoarena da, isurketen % 30 baino gehiago eragiten baitu. Arlo horretan, Gipuzkoa Klima 2050 ekimenak autohornikuntzako planak sustatzea proposatzen du, tokiko komunitateetan energia berriztagarriak erabiliz. Esparru publikoan, energia berriztagarrien sistemak ezartzearen aldeko apustua egiten du, udal eta foru eraikin publikoak hornitzeko. Era berean, herritarrei beren kontsumoak hobeto ezagutzeko bitartekoak ematea aurreikusten du, horrela, energia aurrezteko.

Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroa

Etorkizuneko Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroak hiru jarduera ardatz izango ditu: behatoki baten sorrera lurraldean berotze globalaren eraginak neurtu eta aztertzeko, ekonomia zirkularraren sustapena; eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko baterako trantsizioa egitea. Zentro berria egiteko, Ingurumeneko Departamentuak 800.000 euroko partida bat ezarri du 2018rako; kopuru horri 2017an politika horietara xedatutako 700.000 euroak gehituta, datorren urtean 1.500.000 euro izango dira guztira.

Asensiok inbertsio hori justifikatu du “hondakinen arazoa bideratuta, ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena klima aldaketa delako. Klima ingurumen erronka izateaz gain, garapen eredu jasangarriagoa garatzeko aukera da ere”. Honen inguruan, Ingurumeneko Diputatuak gogorarazi du Europar Batzordeak 2015eko abenduan onartutako ekonomia zirkularraren neurri-sortak 6.000 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntza eta finantzazioa duela, eta Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroaren helburu nagusia dela aukera berri hauen parte izatea.

Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Zentroa

Klima aldaketari buruzko foru programaren helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz. Helburu hauek lortu ahal izateko, Aldundiak Klima Aldaketaren Zentroa Eskuzaitzetan eraikiko du. Ingurumeneko Diputatuak dagoeneko iragarri zuen Zentroa urte honen amaieran irekiko dela eta behin behineko kokapena izango duela behin betiko azpiegitura Zubietan eraiki bitartean.


Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroak hiru ardatz nagusi izango diru: berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea.

“Eraikin abangoardista izango da eta diseinuaren abiapuntua ingurumena izango da. Gainera, aurreikuspenen arabera, lehen fasean zuzeneko 15 eta 20 lanpostu artean sortuko dira, guztiak ere kualifikazio altukoak. Zero emisio eta zero kontsumoko eraikina izango da eta bere helburua eraikuntza erreferentea izatea da gure lurraldean zein nazio eta nazioarte mailan”, nabarmendu du Diputatuak.

Zentro berria egiteko, Ingurumeneko Departamentuak 800.000 euroko partida bat ezarri du 2018rako; kopuru horri 2017an politika horietara xedatutako 700.000 euroak gehituta, 1.500.000 euro izango dira guztira. Asensiok inbertsioa justifikatu du “hondakinen arazoa gainditu ondoren, klima aldaketa delako ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena”; gainera, gogoan izan behar da "klima, ingurumen alorreko erronka bat izateaz gain, garapen eredu berri eta jasangarriago bat garatzeko aukera ere badela”.

  

1197