Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Ganberak bat egin dute enpresen jasangarritasuna lehiakortasun berdearen motor gisa bultzatzeko
Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Ganberak bat egin dute enpresen jasangarritasuna lehiakortasun berdearen motor gisa bultzatzeko
Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Ganberak bat egin dute enpresen jasangarritasuna lehiakortasun berdearen motor gisa bultzatzeko
Akordioak urrats berri bat ezartzen du bi erakundeen arteko lankidetzan, enpresa txiki eta ertainei jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren arloko Europako arau-esparrura egokitzen laguntzeko.

Gaur Gipuzkoako Ganberan egin den “Jasangarritasuna eta lehiakortasuna” jardunaldia aliantza horren abiapuntu izan da.
José Ignacio Asensio: “Jasangarritasuna ez da soilik ingurumen-kontu bat, baizik eta gai ekonomiko eta estrategiko bat. Gipuzkoako industriak baliabideak, informazioa eta laguntza izatea nahi dugu, jasangarritasuna bere kudeaketan integratzeko eta aukera guztiak aprobetxatzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Ganberak lankidetza-hitzarmen aitzindari bat sinatu dute gaur, jasangarritasuna sustatzeko, Gipuzkoako enpresa-ehunaren eraldaketa ekonomikorako, berrikuntzarako eta kalitatezko enplegurako palanka gisa.
Akordioaren helburua argia da: enpresa txiki eta ertainei laguntzea Europako ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-esparru berrira egokitzen, prestakuntza, aholkularitza eta tresnak eskainiz jasangarritasuna benetako lehia-abantaila bihurtzeko.
Gipuzkoako Ganberaren egoitzan antolatutako «Jasangarritasuna eta lehiakortasuna: nola egokitu Europako arau-esparru berrira» jardunaldiaren esparruan aurkeztu da sinadura. Trantsizio berdearekin konprometituta dauden erakundeetako ordezkariak, adituak eta enpresak bildu ditu.
Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, lurraldeak “beste urrats bat ematen du eredu ekonomiko jasangarri, berritzaile eta bidezko batekiko konpromisoan”, eta gogorarazi du jasangarritasuna “dagoeneko ez dela ingurumen-kontu bat, baizik eta gai ekonomiko eta estrategiko bat”.
“Gipuzkoako ETEek beren kudeaketan jasangarritasuna integratzeko eta aukera guztiak baliatzeko beharrezkoak diren bitartekoak, informazioa eta laguntza izatea nahi dugu”, adierazi du Asensiok.
Gainera, diputatuak gogorarazi du Jasangarritasun Departamentuak deskarbonizazio industrialerako eta ekonomia zirkularrerako laguntza-ildo berriak jarri dituela abian, bai eta ETEentzako Jasangarritasun Gida ere, Europako araudiak ulertzen eta praktikan aplikatzen laguntzeko egina.
Gipuzkoako Ganberako presidente Mauricio Arreguik nabarmendu duenez, “jasangarritasuna lehentasun estrategikoa da, balioa sortzeko eta enpresek merkatuan duten posizioa indartzeko bide bat”, eta azpimarratu du “ziur gaudela jasangarritasuna hazkundearen motor gisa integratuko duen enpresa kudeaketa bat bultza dezakegula, enpresentzat ez ezik, gure gizartearentzat eta ingurunearentzat ere onurak sortuz”.
Ekoizpen-eredua eraldatzeko aliantza
Hitzarmenak ibilbide-orri partekatu bat ezartzen du, honako hauek jasotzen dituena:
- ETEei laguntza eta aholkularitza pertsonalizatua ematea jasangarritasunaren eta trantsizio ekologikoaren arloan.
- Jardunbide egokiei eta finantzaketa-aukerei buruzko jardunaldiak, tailerrak eta foro sektorialak garatzea.
- Laguntza ekonomikorako Europako eta foru-aldundietako tresnak eskura daitezen sustatzea.
- Jasangarritasunari buruzko Europako arau-eskakizun berriak betetzen laguntzea (CSRD, Taxonomía, Diligentzia Egokia).
Aldaketaren buru diren enpresak
Jardunaldian, Gipuzkoako ETEentzako Jasangarritasun Gida aurkeztu da. Bertan, jasangarritasunerantz aurrera egiteko funtsezko urratsak jasotzen dira: diagnostikoa, araudia betetzea, energia-efizientzia, ekonomia zirkularra, lan-berdintasuna, komunikazio gardena eta etengabeko hobekuntza.
Gipuzkoako zenbait enpresak trantsizio berdeko esperientziak eta proiektuak partekatu dituzte, eta jasangarritasuna berrikuntzaren, aurrezkiaren eta lehiakortasunaren sinonimoa dela erakutsi dute.
Gipuzkoa, erreferentea garapen jasangarrian eta kalitatezko enpleguan
Hitzarmen horrekin, Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Ganberak trantsizio ekologiko bidezkoaren aldeko konpromisoa indartzen dute, garapen ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta gizarte-ongizatea ekarriko dituena.
“Gipuzkoa lurralde aitzindaria izatea nahi dugu, jasangarritasuna eta lehiakortasuna elkarrekin joan daitezen, enpresek laguntza izan dezaten, eta berrikuntza aldaketaren motorra izan dadin”, amaitu du Asensiok.
1175