Breadcrumb

Asset Publisher

Back Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoako industriarako energia-prestakuntzako doako programa bat bultzatzen du

Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoako industriarako energia-prestakuntzako doako programa bat bultzatzen du

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ekimen aitzindari bat abiarazi du, Adegi, Elkargi eta Gipuzkoako Ganberarekin lankidetzan, lurraldeko enpresen lehiakortasuna indartzeko eta trantsizio energetikoa bizkortzeko.

2025/11/10
Programa formación Transición Energética

José Ignacio Asensio: “Energia da gure enpresa txiki eta ertainen kostu nagusietako bat. Gure asmoa da prestakuntza lehen urratsa izatea erronka hori lehiakortasunerako, enplegurako eta energia-autonomiarako aukera bihurtzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Adegi, Elkargi eta Gipuzkoako Ganberarekin lankidetzan, trantsizio energetikoari buruzko doako prestakuntza-programa bat jarriko du abian 2026an, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendua. Ekimen aitzindaria da, Gipuzkoako industria-sareari eraldaketa-prozesuan lagundu nahi diona, ekoizpen-eredu eraginkorrago, lehiakorrago eta jasangarriago baterantz.

Programa gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok, Elkargiko Gipuzkoako lurralde-zuzendaria Rakel Martinezek, Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusi Javier Zubiak eta Adegiko Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasuneko arduradun Miren Eloseguik.

Ekimena helburu argi batekin sortu da: enpresei energia-kostuak murrizten laguntzea, efizientzia hobetzea eta deskarbonizazio lehiakorrean aurrera egitea, funtsezko elementua baita etorkizun ekonomikoa bermatzeko eta enpleguari eusteko trantsizio klimatiko eta teknologikoko testuinguru batean.

“Energia da gure enpretsa txiki eta ertainen kostu nagusietako bat. Erronka hori lehiakortasunerako, enplegurako eta energia-autonomiarako aukera bihurtzeko lehen urratsa prestakuntza izatea nahi dugu”, azpimarratu du José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak.

Jasangarritasun Departamentuak % 100ean finantzatuta, 25.000 euroren bitartez, programak aurrez aurreko saioak eta saio birtualak konbinatuko ditu energia-efizientzian, horniduren optimizazioan, autokontsumo fotovoltaikoan, energia-komunitateetan, mugikortasun jasangarrian eta industria-eremuan teknologia berriak aplikatzean espezializatutako moduluekin.

Bestalde, Javier Zubiak adierazi duenez, “Gipuzkoako Ganberan uste dugu prestakuntza funtsezko tresna dela enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, eta prestakuntza programa berritzaileak eta beren benetako beharretara egokituak eskaintzen lan egiten dugu, hala nola programa hau. Gainera, adi gaude beti beren balio proposamena hobetzen lagunduko duten dinamikak eta ekimenak sustatzeko. Ildo horretan, energia faktore estrategiko eta funtsezko gisa finkatzen da gure enpresen etorkizunerako”.

Ezagutza teknikoak eskaintzeaz gain, ekimenak enpresen arteko laguntza-sare bat sortu nahi du, klima-neutraltasunerantz batera aurrera egiteko aukera emango duten esperientziak eta jardunbide egokiak trukatu ahal izateko.

Erakunde laguntzaileek — Adegi, Elkargi eta Gipuzkoako Ganbera — bazkide estrategiko gisa jardungo dute programaren hedapenean. Haren zeregina funtsezkoa izango da, bai ekimenaren hedapenean, bai prestakuntza-edukiak industria-sektoreen benetako beharretara egokitzean. Horrela, prestakuntza lurraldeko produkzio-sare osora modu eraginkorrean iristea bermatzen da.

“Aliantza publiko-pribatu horrek agerian uzten du jasangarritasunak eta lehiakortasunak elkarrekin aurrera egin dezaketela”, azpimarratu du Asensiok, eta gogorarazi du jarduketa hori Jasangarritasun Departamentuak bultzatutako 2045eko Deskarbonizazioko Ibilbide Orrian sartzen dela, zeinak lurraldeko emisioak murrizteko urratsak ezartzen baititu, Europako klima-helburuekin bat etorriz.

Programa horrekin, Jasangarritasun Departamentuak bidezko eraldaketa energetikoarekiko konpromisoa indartzen du, enpresa txiki eta ertainen eskura jarriz etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko behar diren tresnak, eta, aldi berean, jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta kalitatezko enpleguaren balioekin lerrokatutako garapen ekonomikoko eredu bat finkatzen du.

  

1925