Jasangarritasun Departamentuak kirol materiala mailegatzeko proiektu pilotu bat jarri du abian, horrela, kontsumo arduratsua sustatzeko eta kirola egiteko aukerak zabaltzeko
Jasangarritasun Departamentuak kirol materiala mailegatzeko proiektu pilotu bat jarri du abian, horrela, kontsumo arduratsua sustatzeko eta kirola egiteko aukerak zabaltzeko
Jasangarritasun Departamentuak kirol materiala mailegatzeko proiektu pilotu bat jarri du abian, horrela, kontsumo arduratsua sustatzeko eta kirola egiteko aukerak zabaltzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzigoarekin lankidetzan, proiektu pilotu bat jarri du abian, Trainout delakoa, espazio publikoetan kirol materiala mailegatzeko.

Proiektuaren helburua da kontsumo arduratsua sustatzea, kirola egiteko baliabideak eskuratzeko erraztasunak ematea eta ekonomia zirkularrarekin bat datozen erabilera partekatuko ereduetarantz aurrera egitea; Jasangarritasun Departamentuak 15.000 euro bideratuko ditu horretara.
José Ignacio Asensio: "Kontsumo arduratsua objektuak nola erabiltzen ditugun birpentsatzean datza. Trainoutek erakusten du kirol materiala erosi ordez jendearen eskura jar daitekeela, eta, horrela, beharrezkoak ez diren erosketak murrizten direla eta inork ez diola jolasteari edo kirola egiteari utzi behar kirol materialik ez izateagatik, bereziki haurrek".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzigoarekin lankidetzan, proiektu pilotu bat jarri du abian, Trainout delakoa, espazio publikoetan kirol materiala mailegatzeko. Gaur goizean, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua Intxaurrondoko kirol instalazioetan izan da Iñigo García Donostiako Udaleko Ingurumeneko zinegotziarekin, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzia eta Siavash Moghadam proiektuaren arduradunarekin batera, bertan proba pilotua egiten ari baitira.
Trainout proiektuak kontsumo eredu arduratsuagoa, eraginkorragoa eta baliabideak hobeto aprobetxatzera bideratua sustatzeko helburuarekin sortu da. Proiektuak noizean behin erabiltzen diren objektuen banakako kontsumoaren ordezko aukera bat planteatzen du, eta, horrela, objektuak erosi eta metatu ordez, objektuen erabilera partekatua sustatzen du.
Kirol materiala da kontsumo mota horren adibide argia. Jendeak une jakin batzuetan erabiltzeko erosi ohi du, erabilera oso mugatua du eta denborarik gehiena gordeta egoten da. Eredu horren ondorioz, baliabideen erabilera ez da oso eraginkorra. Trainoutek beste logika bat sartzen du "ez erosi, partekatu" printzipioa oinarritzat hartuta, horrela, kirola egiten den lekuetan bertan ekipamendua eskuratzea ahalbidetuz.
Ildo horretan, Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, "arduraz kontsumitzeak ere esan nahi du pentsatu beharra daukagula nola eskuratzen ditugun noizbehinka erabiltzen ditugun gauza horiek. Trainoutek logika horri erantzuten dio: gutxitan erabiltzen den materiala erosi eta pilatu ordez, erabilera partekatuan oinarritutako eredu bat proposatzen dugu».
Trainout, gainera, espazio publikoak aktibatzeko eta dinamizatzeko tresna bat da, kirol eredu irekiagoa, jasangarriagoa eta herritarrengandik hurbilagoa sustatzen duena, eta bizimodu osasungarriagoa bultzatzen duena.
Erabilera partekatua, aukera berdintasuna eta kontsumo arduratsua
Trainout aplikazio mugikor batera konektatutako kirol ekipamenduko estazio adimendunen sistema bat da. Horri esker, edonork eskura dezake kirol materiala espazio publikoetan, hala nola parke, hondartza edo kirol eremuetan, nork bere ekipamendua erosi edo etxetik eramaten ibili gabe.
Funtzionamendua erraza da: erabiltzaileak APPtik lokalizatzen du estazioa, materiala desblokeatzen du, erabili, eta, ondoren, prozesu gidatu bati jarraituz itzultzen du. Horrela, Trainoutek kirol ekipamendua zerbitzu eskuragarri eta partekatu bihurtzen du, hiri bizitzan modu naturalean integratzeko pentsatua. Ikuspegi horrek beharrezkoak ez diren erosketak murriztea, baliabideen erabilera optimizatzea eta kirola egiteko bidea erraztea ahalbidetzen du. "Proiektu honek, gainera, dimentsio sozial garrantzitsua du; izan ere, oso lagungarria da, inork ez diezaion jolasteari edo kirola egiteari utzi kirol materialik ez duelako edo erosteko modurik ez duelako, bereziki haurrek", nabarmendu du diputatuak.
Ekipamendua doan erabili ahal izango da lehenengo 90 minututan, eta kokapen bakoitzari egokitutako materialak egongo dira eskura, hala nola baloiak, palak, pisuak eta aire zabaleko jarduera fisikorako beste elementu batzuk.
Esperientzia pilotua Donostiako bi tokitan probatuko da: Bentaberriko kiroldegian eta Intxaurrondokoan (Kultur Etxearen ondoan).
Ekintzailetzarako laguntza
Trainout proiektua teknologia, jasangarritasuna eta herritarren ongizatea uztartzen dituzten hiri-irtenbideen diseinuan espezializatutako Sustainable Smart Solutions SL Donostiako enpresak garatu du. Ekimena hirigintza jasangarrian eta ekonomia zirkularrean prestakuntza duen gazte talde batek sustatzen du.
15.000 eurorekin finantzatutako proiektu honekin, Jasangarritasun Departamentuak indartu egiten du jasangarritasunari eta lankidetza publiko-pribatuari lotutako tokiko ekintzailetzari ematen dion laguntza, gizartean eta ingurumenean eragin positiboa duten irtenbide berritzaileak probatzeko tresna gisa.
Ekimena Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzigoarekin lankidetzan garatzen da eta esperientzia pilotu gisa ulertzen da. Ebaluaziotik abiatuta, Gipuzkoako beste auzo, udalerri eta hiri batzuetara hedatzeko aukera aztertuko da, kontsumo eredu arduratsuagoak, eskuragarriagoak eta eraginkorragoak lortzera bideratutako politika publikoen barruan.
1836