Jasangarritasun Departamentuak krisi klimatikoa osasun mentalarekin lotuko du "Gipuzkoa Zaindu" jardunaldietan
Jasangarritasun Departamentuak krisi klimatikoa osasun mentalarekin lotuko du "Gipuzkoa Zaindu" jardunaldietan
Jasangarritasun Departamentuak krisi klimatikoa osasun mentalarekin lotuko du "Gipuzkoa Zaindu" jardunaldietan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarraitasun Departamentuak ezinbesteko eztabaida ireki nahi du: nola eraldatu ekotantsietatea eta beldur klimatikoa konpromiso eta ekintza positibo.

Jardunaldian, osasuna, psikologia, hezkuntza, haurtzaroa, elikadura, artea eta landa-komunitateak bezalako arloetako dozena bat aditu bilduko dira, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruaren inaugurazio-hitzaldi batekin, krisi klimatikoak herritarren osasun emozionalean eta mentalean, bereziki gaztaroan eta haurtzaroan, nola eragiten duen aztertzeko.
José Ignacio Asensio: “Klima aldaketa ez da ingurumen krisia bakarrik, osasun krisia ere bada. Erronka gizatiarra, soziala eta kulturala da. Horregatik, aldi berean osasunaren aldeko ituna izango den itun klimatikoa behar dugu”.
Jardunaldi honekin, Jasangarritasun Departamentuak gogoetarako gune bat eta pertsonen ongizate emozionalari eusteko tresnak eskaini nahi ditu, ingurumen-ekintza positiboa bultzatzen den bitartean, lurralde erresilienteagoa eta egungo erronka klimatikoez kontzienteagoa sustatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, José Ignacio Asensio buru duela, "Gipuzkoa Zaindu. Emozio- eta ingurumen- jasangarritasuna” topaketa aitzindaria aurkeztu du gaur goizean, pertsonen osasuna planetaren osasunarekin lotuko duen ekitaldia.
Prentsaurrekoan, José Ignacio Asensio diputatuak eta Gloria Vázquez Ingurumen Administrazioko zuzendariak azpimarratu dute agenda politikoaren erdigunean kokatu behar dela klima-aldaketaren, ongizate emozionalaren eta justizia sozialaren arteko harremana. “Larrialdi klimatikoa ez da ingurumen-arazoa soilik. Erronka gizatiarra, soziala eta kulturala ere bada. Planeta babestea bizitza babestea da”, adierazi du Asensiok.
Hitzordua irailaren 29an, astelehena, izango da, 10:00etatik 14:30era, Gunea aretoan, Jasangarritasun Departamentuak "Sostener Gipuzkoa" lelopean sustatutako Gipuzkoa Zaindu Elkarrizketen esparruan.
Klima-aldaketa eta osasuna: erronka atzeraezina
Klima-aldaketak eragina du jada pertsonen osasunean eta ongizatean. Gero eta ohikoagoak diren bero-boladek ehun heriotza baino gehiago eragin dituzte uda honetan Euskadin. Eta ondorio fisikoekin batera, emozionalak ere agertzen dira: ekoantsietatea, zalantzazko etorkizun baten beldurra edo dolu ekologikoa gero eta pertsona gehiagori eragiten dieten errealitateak dira, bereziki gazteei eta haurrei.
“Klima-aldaketa ez da ingurumen-krisia bakarrik, osasun-krisia ere bada. Kutsadura txikiagoa izateak arnas gaixotasun gutxiago izatea esan nahi du. Hiri berdeagoek beroak eragindako heriotza gutxiago esan nahi dute. Horregatik, aldi berean, osasunaren aldeko ituna izango den itun klimatiko bat behar dugu”, azpimarratu du Asensiok.
Askotariko ahotsez osatutako jardunaldia
Jardunaldiari hasiera emateko, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak inaugurazio-hitzaldia emango du. Bertan, klima-aldaketak herritarren osasun fisikoari nola eragiten dion aztertuko du, bero-boladen inpaktuan arreta berezia jarriz.
Jarraian, Mercè Conangla ekologia emozionaleko nazioarteko erreferenteak hartuko du hitza, eta antsietate klimatikoa ekintza positiborako aukera bihurtzeko moduari buruz hitz egingo du. Ondoren, Global Council on Sustainable Food Systems erakundeko Vicente Domingok elikadura-sistemak eraldatzeko beharra aztertuko du, aldi berean jasangarriak eta osasungarriak izan daitezen.
Esparru akademikotik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko IS-FOOD Institutuak ikuspegi zientifikoa emango du elikaduraren, jasangarritasunaren eta ongizatearen arteko loturei buruz; UNICEFeko Paola Bernalek, berriz, haurrak eta gazteak krisi klimatikoaren aurrean ahulenak direla azalduko du, ez bakarrik materialki, baita emozionalki ere.
Heike Freire psikologo eta pedagogoak, haurtzaroan eta naturan adituak, ingurune naturalarekin nola konektatu azalduko du, ekotantsietatearen ondorioak prebenitzen eta arintzen laguntzeko, bereziki belaunaldi gazteenetan. Bestalde, Landa Garapenerako Kantabriako Sareko David Gutiérrez Ferreirok landa-komunitateek gizarte- eta ingurumen-erresilientziaren eraikuntzan duten funtsezko zeregina jorratuko du.
Jardunaldian Ilargi Gardeazabal Lakabeko komunitatearen ordezkariaren esperientzia ere izango da, komunitate-bizitza jasangarritasun emozional eta ekologikoaren eragile izan daitekeenaren adibide bizia. María Dolores Gómez Castillo Gaztela-Mantxako Psikologia Elkargo Ofizialeko koordinatzaileak gako profesionalak eskainiko ditu larrialdi klimatikoak planteatzen dituen erronka emozional berriei aurre egiteko, eta Elisabet Ros terapeuta transpertsonalak, berriz, ikuspegi berritzailea emango du eraldaketa-prozesu indibidual eta kolektiboei laguntzeko.
Azkenik, Arte Jasangarria Elkarteko Jaime Lópezen hausnarketarekin emango zaio amaiera topaketari. Bertan, artea estutasun klimatikoa bideratzeko eta itxaropena eta konpromisoa sortzeko tresna ahaltsua izan daitekeela erakutsiko da.
Antsietatea ekintza bihurtzea
Ekimen honekin, Jasangarritasun Departamentuak gogoeta kolektiborako gune bat ireki nahi du, kezka eta ondoezin emozionala konpromiso eta ekintza positibo bihurtzeko aukera emango duten tresnak eskaintzeko.
“Emozioez, beldurraz, itxaropenaz eta erresilientziaz ari gara. “Gipuzkoa Zaindu” gure lurraldea eta herritarrak zaintzeko, babesteko eta prestatzeko jaio da, egungo eta etorkizuneko erronka handien aurrean”, amaitu du Asensiok.
Datu praktikoak
- Data: astelehena, irailak 29
- Ordutegia: 10:00 – 14:30
- Lekua: Gunea Aretoa, Gipuzkoako Foru Aldundia
- Izen-ematea e-mailez: infoingurumena@gipuzkoa.eus
- Izen-ematea online: gip.eus/mfo6s
1643