Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa Coopera ekimenak lehenengo pausoak eman ditu Etiopian Kukai dantza taldearen eskutik

Gipuzkoa Coopera ekimenak lehenengo pausoak eman ditu Etiopian Kukai dantza taldearen eskutik

Sormena gizarteratzeko baliabide garrantzitsua da.

Destino Dance Company eta Kukai lankidetzan dabiltza prestakuntza artistikoa eskaintzeko egoera ahulean dauden edo desgaituak diren umeei, eta dantza sare profesional bat osatzeko.

Itxaso: «Gipuzkoa Coopera ekimenari esker, herritarrak, gure enpresak, eta ekonomia, gizarte eta kultura arloko eragileak gehiago inplikatzea lortu dugu, guztion zeregina baita mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa sortzea».

Jon Mayak adierazi du sormena gizarteratzeko baliabide garrantzitsua dela, eta hortik proiektu ederrak ateratzen direla normalean iristen ez garen tokietatik.

Kultura eta Lankidetzako diputatu Denis Itxasok eta Kukai dantza taldeko zuzendari Jon Mayak Kukai dantza taldea Gipuzkoa Coopera ekimenaren esparruan Etiopian egiten ari den lankidetza proiektua aurkeztu dute. Halaber, prentsaurrekoan izan dira Lankidetzako zuzendari Fernando San Martin, eta Addisu Demissie eta Junaid Jemal Sendi etiopiar dantzariak.

Gipuzkoa Coopera Foru Aldundiak 2017an abian jarritako ekimena da, eta xede du garapenerako lankidetza sustatzea, bereziki lankidetzaren esparruan aritzen ez diren baina Gipuzkoan eta Gipuzkoatik kanpo oso sustraituta dauden erakundeetan.  Horietako proiektu bat Kukai dantza taldeak garatu du Etiopiako Destino Dance Company taldearekin batera.

Destino Dance Company taldea 2014an sortu zuten bi dantzari profesionalek, Addisu Demissie eta Junaid Jemal Sendik etiopiarrek.  Umetan Addis Abebako kaleetan lan egiten zuten biek, batek zapatak garbitzen, eta, besteak, paperezko zapiak saltzen. Lankidetzako proiektu bati esker, dantza prestakuntza jaso zuten 5 urtez.  Ondoren, Ingalaterran, Middlesexeko unibertsitatean graduatu ziren, eta dantza konpainia profesionaletan aritu ziren 15 urtez baino gehiagoz. Azkenean, Etiopiara itzultzea erabaki zuten beraiei eman zitzaien aukera gizarteari itzultzeko, alegia, beste gazte batzuei beren ametsa betetzen laguntzeko aukera emateko, beraiek izan zuten bezala.

Izan ere, dantza bitarteko bat da beren herriko arazoei aurre egiteko: haurren ezkontzak, HIESa, desgaitasuna; eta, funtsean, bi helburu nagusi dituzte: Lehenengoa, prestakuntza artistikoa ematea 12 umeri, tartean kalean bizi diren umeak, delitugileak edo umezurtzak. Bigarrena, dantza garaikideko talde profesional bat sortzea Etiopian. Horrez gain, gizarte programak garatzen dituzte eta desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen gizarteratzea lantzen dute dantzaren bidez.

«Artea da mundua aldatzeko armarik indartsuena eta guk dantza erabili nahi dugu gure herria garatzeko» azaldu dute. Hori dela eta, Etiopian zehar ibiltzen dira bertako folklorea eta dantza traidizionalak jasotzen, 84 etnia dituenez oso aberatsa baita arlo horretan.  Lan horrekin liburu bat eta film bat egin zuten, gai horri buruz Etiopian egin den lehenengo ikus-entzunezko eta idatzizko materiala.  Nabarmendu beharreko beste helburu bat da Etiopiako kultura mundu zabalera ateratzea eta beste toki batzuetako konpainiekin lankidetzan aritzea.

Lankidetzan aritu den konpainia horietako bat Kukai dantza taldea izan da. Kukai taldea Addis Abbeban izan zen, bi helburu zituela: alde batetik, esperientziak elkar trukatu nahi zituzten, talde bakoitzak bere sustraietatik, bere kulturatik, eta bere tradiziotik dantza garaikidera egin duen bidaia abiapuntzat hartuta. Bi taldeek printzipio horiek partekatzen dituzte, eta horietan oinarritua egiten dituzte beren konposizio eta ikuskizunak.  Baina gainera, modu berean erabiltzen dute dantza, gizarte egoera ahuleko pertsonekin edo desgaituekin lan egiteko tresna modura.

Beste alde batetik, Etiopiako Dantza Garaikidearen Lehenengo Jaialdian parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko asmoz joan ziren; han nazioarteko beste konpainia batzuekin, etiopiar dantzari tradizionalekin, eta desgaituek eta itsuek osatutako dantza taldeekin batera aritu ziren.

Proiektu honen hurrengo pausoa izan da Destino Dance Companyrekin eta Kukai Dantza Taldearen arteko elkarlana, 2018an zehar gauzatuko dena. Orain lan saio batzuk egiten ari dira elkarrekin, proiektuaren hurrengo pausoak prestatzeko. Aurten, elkarrekin ikuskizun bat prestatzen saiatzeaz gain, 2017ko esperientzia hartuko dute oinarritzat, jakintza partekatu, eta dantza sare profesionala osatuko dute.

Jon Mayak 2017ko esperientzia aipatu du, lankidetza lanaren inpaktua, egindakoarena eta ikasitakoarena, ezarri den harreman sakonarena, «bi konpainiek eta horiekin batera Gipuzkoa osoak abiatu duten itzulerarik gabeko bidea islatzen baitu.Sormena gizarteratzeko baliabide garrantzitsua da, eta hortik proiektu ederrak ateratzen dira normalean iristen ez garen tokietatik.»

Gipuzkoa Coopera

Proiektu hau Gipuzkoa Coopera ekimenaren parte da, eta horri esker Gipuzkoako sei erakunde ospetsu, artea, kultura, zientzia, kirola eta gastronomiaren arlokoak -Karlos Argiñanoren Aiala ostalaritza eskola, Kukai Dantza Taldea, Tabakalera, Physics Center, Real Sociedad Fundazioa eta Zinemaldia-, bakoitza bere lankidetza proiektua garatzen ari da.

Ekimen honen bidez, Foru Aldundiak Gipuzkoako gizartera zabaldu nahi du garapenerako lankidetzan elkarrekin lan egiteko erantzukizuna eta aukera.  Itxasok azaldu duenez, “Laguntza eta elkartasun premiak gero eta handiagoak direnez, eta gizartearen zati garrantzitsu bat modu aktiboagoan parte hartzeko aukera eskatzen ari denez, komenigarritzat jo da beste pauso bat ematea Gipuzkoa osora zabaltzeko lankidetza. Gipuzkoa Coopera ekimenari esker, herritarrak, gure enpresak, eta ekonomia, gizarte eta kultura arloko eragileak gehiago inplikatzea lortu dugu, guztion zeregina baita mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa sortzea».

Helburua da garapenerako lankidetza modu poliedrikoan lantzea, eta lankidetza horretatik ateratzea beren ingurunean aldaketak eragiteko gai diren pertsonak eta entitateak.

 

 

  

1554