Breadcrumb

Asset Publisher

Kultur Dealers ekimenaren hirugarren edizioaren gaia genero diskriminazioa izan da

Kultur Dealers ekimenaren hirugarren edizioaren gaia genero diskriminazioa izan da

Lehenengo aldiz, saria eman zaio mikrokontakizun onenari, euskarazko zein gaztelaniazko kategorietan

2018/07/24
Foto Kultur Dealers ekimenaren...

Urrira bitarte 12 makina izango dira Gipuzkoako beste hainbeste lekutan

Idazle berrien ia ehun mikrokontakizun aurkeztu dira

Lehiaketaren irabazleak Jose María Hernández Gómez eta Mikel Casuso Lomas izan dira, Ortografía de género eta Bi Gaileta lanekin, hurrenez hurren.

Telleria: «Literaturen bitartez, emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten dituzten egoera gordinak aitortzeko espazio bat sortu nahi izan dugu»

María José Telleria Kultura zuzendariak adierazi du Kultur Dealersen hirugarren edizio honetara idazle berriek egindako 88 mikrokontakizun aurkeztu direla, 13 euskaraz eta 75 gaztelaniaz, eta horietatik 76 hautatu dituztela. Prentsaurrekoan egon dira Arantxa Urretabizkaia idazle eta epaimahaikidea, Robin Comunicación enpresako Beñat Muñoz, eta baita bi irabazleak ere, José María Hernández eta Mikel Casuso.

Kultur Dealers Aldundiko Kultura Departamentuak sustatutako ekimena da, 2016an abiarazitakoa, zeinak helburu duen hiritarren artean sorkuntzarako eta pentsamendurako gune bat irekitzea kalean bertan, denontzat ikusgai izateko moduan. Aurten, aurreko edizioetan ez bezala, parte-hartzaileek ez dute gai askea izan; Aldundiak Kultur Dealers errealitate sozialera gerturatu nahi izan du, genero diskriminazioa jorratzen duten kontakizunen bidez, errealitate mingarri horri heltzeko asmoz.

«Genero diskriminazioaz hitz egiteko une egokia zela iruditu zitzaigun. Genero diskriminazioari aurre egiteko lehen urratsa da denbora luzeegian gai honen inguruan egon den isiltasuna apurtzea. Beharrezkoa da hitz egitea, kontatzea, eta idaztea, esandako edo idatzitako hitzek azaleratzen dituztelako desberdintasuna eta diskriminazioa justifikatzen saiatzen den edozein planteamendutako aurreiritziak eta injustiziak. Kultur Dealersek literaturaren bitartez errealitate injustu horiek ezagutzera emateko espazio bat sortu nahi izan du», adierazi du Telleriak.

Gure asmoa da hurrengo edizioek ere gai bat izatea. Aurtengo beste berrikuntzetako bat izan da saria eman zaiola epaimahaiaren ustetan mikrokontakizun onenari, nola gaztelaniazko modalitatean hala euskarazkoan. Irabazleak Jose María Hernández Gómez eta Mikel Casuso Lomas izan dira, Ortografía de género eta Bi Gaileta lanekin, hurrenez hurren.

Testuek 2.000 karaktere izan zitzaketen gehienez (espazio eta guzti), eta hainbat idazketa tailerretako partaide diren sei pertsona hauek osatutako epaimahai batek egin du hautaketa: Slawka Grabowska, Cristina Iricibar, Ana Merino, Amaia San Sebastian, Itziar Sistiaga eta Juan Manuel Urrutia. Ondoren, Juan Velázquezek eta Arantxa Urretabizkaiak osatutako epaimahai profesionalak ere epaitu ditu lanak.

Lau hizkuntza hauetan idatziko dira mikrokontakizunak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Mikrokontakizun gehienak euskaraz eta gaztelaniaz soilik aurkeztuko dira, eta horien artean aukeratutako batzuk ingelesera eta frantsesera itzuliko dira.

Bost liburu-dendak (Gurutz, Elkar, Pitxintxu, Zubieta eta Garoa) hartu dute parte «pentsamenduko» 76 testuen hautaketan. Era askotako idazleen lanak hautatu dira, eta gaiari dagokionez ere askotarikoak: filosofiari buruzkoak, eleberriak, saiakerak, testu historikoak, etab.

Hautatutako mikrokontakizunak eta pentsamenduari buruzko testuak eskuragarri egongo dira uztailean (hurrengo asteartetik aurrera), abuztuan, irailean eta urrian, haiek banatuko dituzten hamabi makinetan. Guztiek kontakizuna azkar eta era fidagarrian eskuratzeko inprimatze sistema bat dute.

Makinak jende asko ibili ohi den inguruetan jarriko dira, adibidez, Donostiako autobus geltokian, Tabakaleran, Zarauzko Merkatuan, Tolosako, Hondarribiko eta Errenteriako polikiroldegietan, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan, Zumaiako eta Pasaiako kultura etxeetan, eta Eibarko, Orioko eta Lasarteko tren geltokietan.

Halaber, testu horiek eskuragarri egongo dira www.kulturdealers.com web-orrian ere; bertan, makinak non dauden ere azalduko da, eta aukera izango da testu horien edukia sare sozialen bitartez elkarbanatzeko.

«Kultura Departamentuak alor guztietako sortzaileetan jarri du arreta, eta bere helburua haien lana erraztea eta ikusgai jartzea da. Gure lurraldean sortzaile ugari dago, eta batzuetan bultzadatxo bat baino ez dute behar izaten. Ekimenaren bidez espiritu sortzailea sustatu nahi izan dugu, profesionalena ez ezik, gainerako guztiena ere bai, eta ezusteko lekuetan kultura eskaini nahi izan dugu», baieztatu du Telleriak.

Era berean, literatur sorkuntzarako espazioa izateaz gain, irakurketa kluben, idazketa tailerren, liburutegien, kuturguneen, blogarien eta beste hainbesteren lana ezagutarazi eta aitortu nahi da.

  

535