Breadcrumb

Asset Publisher

Back Kupoaren eragina alde batera utzita ere, inoizko zerga bilketarik handiena izan zuen Gipuzkoak 2017an

Kupoaren eragina alde batera utzita ere, inoizko zerga bilketarik handiena izan zuen Gipuzkoak 2017an

Diputatu nagusiak ekonomiaren indartzean jarri du azpimarra, eta Ekarpen Lege berriaren zirriborroa aurten aurkezteko konpromisoa berretsi du

2018/02/14

Gipuzkoak inoizko zerga bilketarik onenarekin itxi zuen 2017 urtea, baita Kupoaren akordioaren eragina alde batera utzita ere. Honela, 4.670 milioi euro bildu ziren, aurreko urtean baino 11,3% gehiago; eta, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoko erabakia kontuan hartu gabe, bilketa 4.473 milioi euroko izan zen, hau da, %4,9 gehiago. Biak ala biak, 2007ko errekorraren gainetik dauden zifrak dira. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du urtea ona izan dela eta ekonomiaren susperraldian jarri du azpimarra. “Jarduera ekonomikoa indartuz doa, eta honek zerga bilketan du bere isla. Horregatik ari gara Aldundian, legealdi honetan, ekonomia sustapenaren aldeko apustua egiten, hau baita gure ongizate mailari eusteko daukagun modurik eraginkorrena”, esan du.
Olano eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu dira gaur eguerdian, atzo Gasteizen egin zen Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren inguruan berri emateko batzarkide taldeei. Atzoko topaketaren baitan, Eusko Jaurlaritzak, hiru lurralde historikoetako aldundiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalek 2017 urtearen likidazioa eta erakunde bakoitzak egin eta jaso beharreko ekarpenak adostu zituzten. Honela, Gipuzkoak 2.675 milioi eurotako ekarpena egin zion pasa den urtean Eusko Jaurlaritzari. 
Diputatu nagusiak, bere agerraldian, ekonomiaren egoera izan du hizpide. “Agertoki ekonomikoa indartzen doa: enpresen salmentak hazten ari dira, langabezia murrizten… eta honek guztiak eragin zuzena du zerga bilketan, argi ikusten da esaterako PFEZeko lan atxikipen eta Sozietateen gaineko Zergako bilketan”, esan du. Hala ere, Olano triunfalismoetatik urrun kokatu da, eta adierazi du etorkizunari begira jartzeko une egokia izan daitekeela. “2017 urte ona izan da, eta badirudi 2018 ere urte positiboa izango dela, nahiz eta oraindik ari garen krisiaren ondorioak jasaten. Hala ere, inork ezin digu ziurtatu etorkizunean ez denik beste krisialdirik egongo eta, beraz, indarraldia baliatu behar genuke hurrengorako ondo prestatuta egoteko”, adierazi du.   
Diputatu nagusiak izan du ere hizpide Ekarpen Legea berritzearen afera, euskal erakundeen finantza nahikotasuna bermatzek funtsezko elementua dena. Gogoratu duenez, lege berriaren zirriborroa 2018 urtean aurkeztea adostu zen urriko Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan eta norabide honetan ari dira lanean hiru Aldundiak, Jaurlaritza eta udalak. Lehenik eta behin, eta Udalen Lege berriaren ondorioz, udalek EAEko finantzaketa sisteman jokatzen duten papera zehaztu behar da eta azterketa lan honek maiatzaren 31 izango du mugarri. “Denon artean lortu behar dugu akordioa, desorekak zuzendu eta baliabideen banaketa justua bermatuko duena”, gehitu du.  


Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa
Bestalde, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) 2017ko likidazioaren berri ere eman diete foru arduradunek batzarkideei eta, arratsaldean, zuzenean partekatu dute informazioa udaletako ordezkariekin Gipuzkoako Finantza Kontseiluan. Horrela, funtsaren 2017ko zuzkidura 468 milio eurokoa da, lurraldeko udalen artean banatzeko. Honenbestez, 2016an baino 19 milioi euro gehiago izango dituzte, %4,23ko hazkundea. Aurrelikidazioarekin alderatuz gero ez da aldaketarik egon eta, beraz, eragina neutroa da; beraz, Gipuzkoako udalek ez dute aurten itzulketarik egin beharko. 
“Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren zuzkidura ere inoizko handiena da eta, gainera, hirugarren urtez jarraian”, nabarmendu du diputatu nagusiak, zerga bilketaren hazkundeak erakunde guztiei, maila guztietan, egiten dien onura azpimarratuz. “Albiste oso ona da gipuzkoar guztiontzat, udalek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak ondo finantzatuta daudela esan nahi baitu. Herritarrak gara gero zerbitzu hauen hartzaile eta onuradunak eta, beraz, guztiontzako da ona”, adierazi du Olanok.

  

1879